Iruñeak, azken hamarkada hauetan, behin ere ez ditu izan bere alde ez Euskararen Legea ez Euskararen Ordenantza; hauek beti lehenetsi dute gaztelania eta euskara txarretsi.
Horrez gainera, 2003an, agintaldi haren lehen osoko bilkuran, UPNk eta CDNk are gehiago okertu zuten Euskararen Ordenantza Iruñean; alegia, erabaki zuten elebitasunean ez zutela zertan egon bi hizkuntzek euskarri berean, eta abar. Harrezkero, gehiago areagotu zen ordurako txarra zen euskararen egoera Nafarroa Garaiko hiriburuan: euskarak bigarren planoan jarraitu zuen, testu gutxiagorekin, letra txikiagoekin, kolore lausoagoekin, eta bat eta beste. Yolanda Barcina eta garai hartako Turismo zinegotzi delegatua zen Amaia Otamendiren gaiztakeria puntu bateraino iritsi zen, non ausartu baitziren aldatzera Iruñeko udal itzultzaile profesionalek egindako itzulpenak, testuen izenburuei dagokienez, konparaziora, «San Nikolas» kendu eta «San Nicolas» jarri, eta abar. Nonbait, begiekin euskal hitzak ikusita ere min hartzen dute beren bihotz arrunt sentibera eta delikatuetan.
Beste ondorio nabarmen bat izan zen harrezkero ekitaldien egitarauak egiten dituztela bi euskarri ezberdinetan, bata gaztelera hutsean eta bestea euskaraz; azkeneko hauek askoz kopuru txikiagoan, jakina, eta askotan udaletxeko biltegietan gelditzen dira, inorentzat ez direla, herritarrek espresuki eskatzen ez baldin badituzte behintzat. Mutur horietaraino eraman ditu euskararenganako fobiak nafar eskuindarrak, eta, noski, hori guztia bidezko demokrazia eta elebitasun zuzen eta egokiaren izenean.
Geroztik, oposizioko zinegotziek eta hiriko beste talde, gizarte mugimendu eta elkarte askok ahalegin handiak egin dituzte, elkarlanaren bidez, Euskararen Ordenantzaren puntu batzuk aldatu eta hobetzeko; baita lortu ere, baina iruditzen zait Iruñeko paisaian oraindik ez dela asko nabaritzen, zoritxarrez.
Euskarak, euskaldunok eta euskal kulturak etsai latzak ditugu espainiar eta nafar eskuindarrak -baita frantziarrak ere-, beraz, zerbait ona lortu nahi badugu, oraindik luzaro jarraitu beharko dugu lanean esparru guztietan, gure xedeak lortzeko, baita botoaren bitartez ere, hauteskundeak iristen diren guztietan.
Xanti Begiristain
No hay comentarios:
Publicar un comentario