miércoles, 12 de noviembre de 2014

LAU SAIO IZANGO DITU MARIANO IZETA BERTSO SARIKETAREN SEIGARREN EDIZIOAK

Seigarren ediziora ailegatu da bi urtetik behin egiten den Izeta sariketa. Aurten indartuta dator bertso sariketa, inoizko parte-hartzaile kopururik handiena izanen baitu, hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte. Horren ondorioz, lau saio izango ditu aurtengo edizioak, hiru kanporaketa eta, ohi denez, Elizondon jokatuko den finala.
Hiru kanporaketak, azaroaren 14an jokatuko dira, Arbizu, Iruñea eta Arribe-Atallun. Arribe eta Iruñeko saioak 20etan jokatuko dira eta Arbizukoa, berriz, 21:30ean. Kanporaketak merendu batekin lagunduta egongo dira eta sarrera librea da.


Saioak
Arribeko Satorzulo lokalean honako sei bertsolarik kantatuko dute: Maddalen Lopez (Lesaka), Jokin Pinatxo (Bera), Iker Gorosterrazu (Ituren), Aitor Irastortza (Azpirotz), Alazne Untxalo (Ituren) eta Mikel Lasarte (Barañain).

Iruñeko Alegria Peñan hauek izango dira bertsolariak: Sarai Robles (Barañain), Patxi Castillo (Bera), Oier Amiano (Elizondo), Ainara Ieregi (Barañain), Saioa Alkaiza (Antsoain) eta Manex Mailharin (Berriozar).

Azkenik, Arbizuko Argibide elkartean sei bertsolari hauek ariko dira: Ioar Tainta (Lesaka), Joanes Ilarregi (Leitza), Unai Artieda (Etxarri-Aranatz), Amaia Elizagoien (Oronoz), Kotte Plaza (Irurita) eta Saats Karasatorre (Etxarri-Aranatz).

Finala, azaroaren 21ean Elizondon
Azaroaren 21ean jokatuko da Elizondoko finala, kanporaketetatik sailkatuko diren sei bertsolariekin. Saioa Baztango Errugbi Taldeko elkartean (BRTetxea, antzinako Alkartetxean) izanen da eta Fernando Anbustegik aurkeztuko du.

Finala mahai bueltan egingo da, afal ostean. 21:00etan izango da afaria eta 22:00etan saioa. Afari eta saioaren prezioa 15 eurokoa da eta sarrerak aldez aurretik erosten ahalko dira Elizondoko Fantxike dendan eta Intza ostatuan edo Nafarroako Bertsozale Elkartean (nafarroa@bertsozale.eus edo 948143747 telefonoan).

Seigarren edizioa
Izeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz; aurten seigarren edizioa jokatuko da. Bost edizio hauetan, Nafarroako bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe, Iruritako Iñaki Aleman eta Aurizko Aimar Karrika izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi dutenak.

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Izeta sariketaren antolatzailea, Baztango udalaren laguntzaz. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa ere du ekimenak. Orain dela bost urte sortu zen Baztango Bertso Eskolak ere laguntza eman du antolaketa lanetan.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazte edo hasiberriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.

Izeta sariketa antolatzen ez den urteotan, Xalto sariketa jokatzen da, bertsolari gazteen sustapenerako den sariketa. Horrela, askotan taula gainean aritzeko horrenbeste aukerarik ez duten bertsolariei aukera bat eman nahi zaie eta, bereziki, bertsolari gazteei. Azken finean, bertsolaritza sustatzeko eta haren etorkizunerako oinarriak ezartzeko egiten da bi urtetik behin Izeta sariketa.

Mariano Izetaren omenez
Sariketa honek Mariano Izeta zenaren izena hartzen du. Horrela, herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertu nahi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Mariano Izeta 1915. urtean jaio zen, Elizondon, eta herri berean hil zen 2001. urtean. Lanbidez erloju-konpontzailea zen, baina hortaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten.

Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bere zaletasunik handienetakoa bertsolaritza izan zen. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.

Bertsozale Elkarteak

No hay comentarios: