martes, 18 de noviembre de 2014

BARCINAREN AZKENA

Aukera handiagoak izanen zituen UPNk bertze nornahi zerrendaburu jarriz gero. Are Takonerako Charly tximinoa ere, bizi balitz. Barcina bera izan da azkena enteratzen. Inguru-ingurukoek hainbertze denbora daramate bere handi-gosea elikatzen, sinetsirik bai-tzegoen beti zerurako izanen zela. Beharbada, egun batez jakinen dugu nork deitu zuen gure lehendakaria Madrilera. Egun batez ikasiko nor zituen mahaikide, nork agertu zion egia gordina: “zu gabe latza dugu; zurekin, gorria eta beltza”. Erratekoren bat aterako zuen noski, kontra, baina inkestekin isilaraziko bertzeek. “Ezin zaituzte ikusi begiko zikina baino”. Noizbait jabetuko zen ez zirela aholku ematen ari, agindu irmo bat jakinarazten baizik. Ez dut, orduan, haren izotzezko bihotza negarrez irudikatzen. Sariren baten promesarekin beraztuko zuten nabala-ukaldia: postu goxo bat urliaren administrazio kontseiluan edo/eta katedra erosoren bat sandiaren unibertsitatean. Hemendik 300 kilometrora, gutienez. “Nafarroaren onerako”, gehituko zuen topaldiko polizia onak. Eta, orduan bai, Barcinari irria lerratuko zitzaion. “Niri bost, Nafarroaren ona”.

PSNn egin zuten. Jimenez bidali eta Chivite ezarri. UPNren txanda da orain. Lanpedusarena. Deus alda ez dadin. Erregimenak iraun dezan. Barcinaren azkena seinale ontzat jo du jende frankok. Uxue Barkosek “Titanic-eko orkestra” erran zien, igandean, barkuan gelditzen direnei. Irudi polita. Nahiago nuke Barcina hondora doan itsasontzitik ihesean ari den arratoi koldarra balitz. UPN gobernutik bidaltzea zailagoa izanen da, arropa-garbi itxurako bat paratzen dutenean. Guzti(ar)en premian segitzen dugu Foru Komunitatean. Non dira hemen Pablo Iglesiasen neska-mutilak? Hor baldin bazarete, manifesta zaitezte faborez. Gaur bihar baino hobe.

Aingeru Epaltza (Diario de Noticias)

No hay comentarios: