lunes, 8 de diciembre de 2008

70 AFALDAR ZARRAKAZTELUN, OLENTZEROREN AZKEN MUGAN


70 lagun bildu ziren igande gauean Zarrakazteluko Lagunak soziedadean Olentzeroren aldeko afarian. Aurten ere izango da ikazkin zaharra gure herriko kaleetan Gabon eguneko arratsaldean. Hemeretzigarren aldiz jarraian, hain zuzen, Batasuna soziedadeak 1990.ean estrainekoz atera eta gero Zirika Kultur Elkarteak jarraipena eman zionetik, inoiz hutsegin gabe, urte zailak barne, urtero urtero irten baita, arazoak arazo, euskaltzaleekin izaten duen hitzordua zintzo betez. Eta Olentzerorekin batera gaztain erreak eta sagardoa doan, denon gozagarri. Hortarakoxe zen afaria, sosak ateratzeko.

Nafarroaren azken muga honetan ere bere tradizioa du, horrenbestez, gure Olentzerok Urterik urte leku gehiagotara hedatzen ari da, gainera. Ez zela Aragoi ibai-arroko bazter hauetan sortu? Noski ezetz. Ezta Bilbon edo Gasteizen ere, baina Lesaka edo Oiartzungo baserrietatik inguruko herrietara zabalduz joan zen bezala euskal gabonetako ikur bihurtu zen aspalditxoan. Arrotzagoa da Papa Noel, esate baterako, baina danok dakigu azkurea zerk ematen dien batzuei.

Horrela bada, badator aurten ere ikazkin zarpail tripazaia. Urte osoan mendian ikatza egiten aritu ondoren, urte zaharrari amaiera eman eta berriari atea irikitzeko. Eta Olentzeroren antzera, Lagunak elkartean bilduriko zarrakazteluarrek bapo jan eta edanez, eta Ana Aguas jota-kantariaren ahots gozoaren gidaritzapean ozen eta nahiko txukun kantatuz ospatu zuten aurrez bere etorrera.

No hay comentarios: