jueves, 18 de diciembre de 2008

"MUNDUA LO DAGOEN BITARTEAN" BIHAR OSTIRALA, TAFALLAN


Patxi Zubizarreta idazleak orain bi urte estreinatu zuen «Mundua lo dagoen bitartean», antzerkia eta literatura lotzen zituen ikuskizuna. Orain, berriz, aukera gehiagotara zabaldu eta «askatasunez» idatzi du liburua.

«Mundua lo dagoen bitartean» «ez da betiko liburua». Hala azpimarratu zuen Patxi Zubizarreta idazleak, Iban Garate aktorea, Joserra Senperena musikaria eta Mikel Soto Txalapartako editorearekin batera eginiko aurkezpenean.

Gaueko irratsaioak dira ordiziarraren liburuaren muina, «gaueko hitzak desioenak, libreenak, benetakoagoak» baitira. Hitz horien inguruko «zuzentasuna eta hurbiltasuna» da, hain zuzen ere, egileak bilatu duena, baita komunikazioa ere.

June, istorioaren protagonista, bizitzan bidea egin nahian dabil eta lagunek eta ingurukoek irratsaiora deituko dute haren arazoak azaldu eta irtenbideren bat topatzeko helburuarekin. Mikel Soto Txalapartako editoreak honen harira esan zuenez, liburuan «hainbat istorio» txertatu ditu idazleak, besteak beste, «mundu arabiarrekoren bat». Zubizarretak, bestalde, «irratsaioak adierazten duen moduan, ahozkotasunean oinarritutako» liburu bat dela azpimarratu zuen. Azken finean, «entzuteko eta irakurtzeko» liburua da «Mundua lo dagoen bitartean», «benetakoa eta hurbila».

Liburuak orain bi urteko proiektua du oinarrian. Izan ere, Euskara Elkarteen Topagunetik 2005ean eskari bat jaso zuen idazleak: «Gazteentzat hitzaren plazeraren gaineko zerbait egitea». Gazteentzat antzerkia eta literatura lotuko zituen ikuskizuna sortu zuen orduan; gaueko irratsaio batean oinarritutako ikuskizuna, «gidoia egiteko aukera» ematen baitzion horrek. Hala, Zubizarretak aipatu zuen moduan, «gazteek harrapatuko luketen zerbait, hurbila» egitea zen asmoa. Irudi batzuk grabatu eta eszenak ilustratzeko musika erabili zuten.
Iban Garate, Nerea Garmendia, Agurne Anasagasti, Mikel Losada eta Felipe Barandiaran aktoreek irratsaioan oinarritutako obra antzeztu dute orain arte. Sotok esan bezala, «zati antzeztua, musika eta gai ezberdinak» dira, beraz, Zubizarretaren lanaren oinarria eta liburuan ere islatzen dena.

Lehen emanaldia Bilborocken eskaini zuten eta Zubizarretak jada proiektuak «bizitza» zuela ikusi zuen. Hori dela eta, «zerbait gehiago» egitea bururatu zitzaion. Horrela, Txalaparta argitaletxeari proposamena egin, eta idazlearen esanetan, «gidoia garatzeko aukera» eman zion horrek.

Sotok, bestalde, «Zubizarretak hitzaurrean dioena» jorratzen saiatu direla aipatu zuen. Izan ere, proiektua, hasieran irudiek, audioak eta antzerkiaren gidoiak osatzen zutenez, Txalaparta argitaletxeak duen webgunean (www.txalaparta.com) zintzilikatu dute material guztia, «liburu hau ez delako liburu bat bakarrik». Eta proiektuak zerikusirik badu ere, liburua «askoz literarioagoa» dela azpimarratu du.
GARA

No hay comentarios: