sábado, 20 de diciembre de 2008

XANTI BEGIRISTAINI ERANTZUNEZ

Ez nuen futbol mundutik datorren Euskadi/Euskal Herria eztabaida aspergarri horretan parte hartzeko inolako asmorik. Xanti Begiristainek gaur Berria egunkarian idazten duen gutuna irakurrita berriz, gauza pare bat esan nahi nuke. EAJ ko jendeari batez ere hausnarketa eskatzen dio Xantik. Ni ez naiz EAJkoa, ez beste inongo alderditakoa ere. NaBaikoa bai, izan nahi nuke ahal balitz.

Hasteko, oker nabarmen bat. Araba eta Nafarroako mugetan dauden idazkun horiek ez zituen Eusko Jaurlaritzak ezarri. Hala balitz, horien berdinak ikusiko lirateke Gipuzkoan sartzerakoan. Inoiz ikusi al duzu bakarren bat, Xanti? Ez, noski ezetz. Ezta Ziordia eta Eginoren artean PP lehen aldiz Arabako Diputazioaz jabetu baino lehen ere. Izan ere, erakunde horrek jarri zituen eta ez Jaurlaritzak. Oraingo legealdian EAJk berreskuratu du agintea Araban, egoera prekario xamarrean bada ere. Zergatik ez dituen kendu galdetzea da bat. Erantzuna zein izango litzatekeen susmoa badut. Nork bere iritzia defendatzeko eskubide osoa du, baina gauzak diren bezala esanda.

Beste kontu bat. Hasteko Euskal Herria izenak gehiago betetzen nauela esango dizut. Baina noiztik ditu hiru lurralde bakarrik Euskadik? Gizartearen pertzepzioa hori izan ote daitekeen, beste kontu bat da. Baina abertzale batentzat Euskadi Euskal Herria adinakoa da, eta gainerakoak modak dira, edo sinplifikazio hutsak. Nik, nere adina dela eta, gogoan dut hirurogeiko hamarkadan Michel Labeguerie kanbotarraren "Gu gira Euskadiko gazteri berria" hark nola mugiarazten gintuen. Labeguerie ez zen Euskal Autonomi Elkartekoa, duela urte batzuk kanta horren bertsio eder bat kaleratu zuen Erramun Martikorena naparra ez den bezala. Euskadikoak bai ordea, zergatik ez ba?

Zuk Euskal Herria nahiago duzu. Konforme. Baita neuk ere. Baina gure marroiak nondik datozen ikusi behar da hemen lehenik. Selekzioaren ofizialtasuna lortzea ez da lan xamurra. Are gutxiago Euskal Herriaren subiranotasuna lortzea. Baina hori ez da arazo bakarra. Galizian ez bezala esate baterako, gure herriaren mugak, ikurrak, izena bera eta gainerako ezaugarriak zehaztea guztiz da problematikoa. Badugu zer eztabaidatu eta zer adostu. Baina ez dezagun gure arteko liskar amaitezin bihurtu. Jendea kokoteraino dago, eta Euskal Herria, Baskonia, Euskadi, País Vasco-Navarro edo dena delakoa izango da galtzaile.
Praxku


No hay comentarios: