Bai Euskarari lelotik Euskaraz bai lelorako urratsa egin du Kontseiluak gaur, bere hamargarren urteurreneko azkeneko ekitaldian, BEC aretoan (Barakaldo, Bizkaia). 18:30ean hasi da, eta milaka lagun elkartu dira. Euskarak behar duena "ikastea eta erabiltzea" dela azpimarratu du Kontseiluak. "Euskarak duen oreka hauskorra" irudikatu dute, eta Eneko Olasagasti zine zuzendariaren laguntza izan du Kontseiluak: "Euskararen egoera larria" irudikatzea eta BECerako "ekitaldi ikusgarria" egitea izan dira jaialdiko bi helburuak, Olasagastik aste honetan esan duenez.
"Zirkuko ikuskizunak" erabili dituzte euskararen egoera irudikatzeko, "eta ez zirkoa". Ikuskizun horiek, ordea, bestelako arteekin lotu dituzte. Hala, Xabi Paia eta Uxue Alberdi bertsotan aritu dira, Mikel Urdangarinek Mikel Laboaren Herria eta hizkuntza abestu du, Kirmen Uribe idazleak testu bat leitu du, Elena Irureta, Asier Hernandez, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek hizkuntz urraketen berri eman dute esketx bidez... Kilikolo taldeak egin ditu zirkuko ikuskizunak .
Euskararen gizarte erakundeen Kontseiluak hamar urtean egin duen bidea errepasatu eta erakundea osatzen duten bazkideei eskerrak eman dizkie Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak, ekitaldiaren bukaeran hitza hartu duenean. “Orain, urrunago joan behar dugu. Euskararen alde egotea ez da nahikoa, konpromisoak zehaztu behar ditugu”.Denen konpromisoa behar du euskarak, Mendigurenen esanetan: “Instituzioek, udaletxeetatik hasi eta gobernu egitura nagusietara, entitate pribatuek, enpresa zein elkarteek, herri mugimenduak eta norbanakoek duten erantzukizuna ez da berdina, baina denok dugu egitekoa aurkezten dizuegun erronka honetan”.
Euskarak “bultzada berria” behar duela sumatzen du Kontseiluak, “egungo egoera gainditzea, normalizazioaren bidean aurrera egitea, egoera irauliz”.
1978an San Mamesko futbol estadioan egin zen Bai Euskarari jaialdia izan du gogoan Mendigurenek. 20 urte geroago, 125.000 lagun batu ziren San Mames, Mendizorrotza, Anoeta, Agilera eta Sadarreko estadioetan. Ekitaldi hartan, euskararen normalizazioa bide onetik ez zihoanez, XXI. menderako akordioa eskatu zuen Kontseiluak, Mendigurenen hitzetan: “Zerbait egin beharra zegoen”. Kontseiluak egin duen bidea “oparoa” izan dela iritzi dio idazkari nagusiak.
Iturria: Berria
No hay comentarios:
Publicar un comentario