domingo, 14 de diciembre de 2008

ISILTASUNAREN ORROA


Handitzen zarenean ikusiko duzu isilik egoteak zenbat balioko dizun; jarrai zure bidetik, hobe da horrela, gauza denen gainetik, haizea bezala». Xabier Leteren aspaldiko olerkia dakarkizuet gogora.

Gurean, denon gainetik dagoen haizeak triskantza dakarkigu, egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Haizeak albiste desatseginak dakarzkigu, bertara ohitu beharko bagenu legez. Bizitzaren berriak ekarri beharrean haizeak, heriotzaren berri damaigu. Eta betikoak mintzagai eta beti-betikoak isilik.
Heriotza beti da injustoa, aurrekoan Mikel Laboa gure lagun eta artista handi eta maitekor zenarenak doluz bete zuen gure herria, handik bi egunera euskaldun orok gaitzetsi beharko genukeen erailketa basatiak, Inaxio Uriarenak, puskatu zituen gure barrenak. Eta honaino heldu gara eta joan goaz biharko egunak zer berri txar ekarriko digun desesperantzan.
ETAk herri honi ezer onik ekar liezaiokeenik inor gutxik sinesten du jadanik, beren behin betiko adioa ez bada behintzat. Herri honen alde tirokatzen, eta amalur sufritu honen defentsan ari direnen hitz horiek nork sinets litzake jadanik. Noren zerbitzuan ari ote da ETA, nork sinets liezaioke bere ekintzak herri zapalduaren onerako direnik.
Lur honetan bizi garenok pozaldiak baino saminak gertuago ditugu aspaldidanik, herri honek pozik bizitzeko aukerarik izango ez balu bezala. ETAk, ETAkideek, gauza guztien gainetik bizi balira bezala, ez dute sinetsi nahi oraindik gure herritarrak nazka-nazka eginda daudela. «Gaur harriek ere negar egin dute» zioen Azpeitiko emakume batek.
Poesia mailua dela zioen Gabriel Arestik, kontzientziak astintzeko akuilua. Eta hemen, poetak, artistak eta hitza darabilen orok argi hitz egin beharra du, ikus-entzuleei begi-bihotzak astindu eta esan, gaur, bihar eta etzi ezin dugula horrela segi. Esan ozenki askatasunean eta justizian sinesten duen orok halako basakeriak gaitzetsi egin behar dituela. Esan eta jakin askatasunean sinesten duen orok egon behar lukeela nahitaez erailketa basati honen eta holakoen aurka.
Eta esan behingoz, gure aitaren etxea defenditzeko armak soberan daudela, herriari entzun behar zaiola. Esan, bizitza eta giza eskubideak errespetatu nahi ez direnean, den-dena usteltzen dela. Eta aipatutako horiek beteko ez badira, jakinarazi ama lurraren defentsan aritze horrek ez duela inongo zentzurik, ez sinesgarritasunik.
Baina badirudi, haize zakarra legez ari den fanatikoak ez duela nahi gure aitaren etxeak zutik iraun dezan, nahiago lukeela denak bertan behera egingo balu. Dena puskatuko balitz. Bengantzaz, areriotasunez eta amorru hutsez ari denak ezin digu inongo argirik ekarri.
Gure herria nazka-nazka eginda dago eta artegaturik. Gau ilunak eta betikoak darrai, eta geldo, geldiegi eta epelegi egon izan den haizeak hitz egin beharra du. Erabaki iraingarriak salatu behar ditugu era batekoak zein bestekoak izan. Isilik egon nahi duen herriak, hitz egiten ez duen herriak gaixotasun larria du bere barruan, luze irauten duena.
Mutuen herria dirudi gure herri honek, ziotson Oteizak Gandiagari eta hemen idatzi beharra dago gertatzen denaz eta gertatzen ez denaz. Agerian denaz eta gordetzen eta ostentzen denaz. Ez diezagula inork leporatu gure isiltasun hau susmagarria denik. Ez diezagula geroak esan, ez genuenik zauriak ixteko behar beste egin.
Gure isiltasunaz baliatu da ETA eta gure isiltasunak hegalak ematen dizkio txorimaloari. Ohitu egin gara ETAra. Ohitu egin gara ohiko bizimodura. Ohitu, txorimaloak gure zaindaria izan behar duela aditzera. Ohitu egin gara ETAren joko makabrora, haren kontra ari dena traidoretzat hartua izan daitekeela onartzera. Hortik sortzen da gure isilik egon beharra, ETAren iruzurraren aurrean erakusten dugun koldarkeria.
Erremediorik gabeko hazkurak dauzkat gorputzean, bizirik egon beharko lukeen, baina bizia kendu diotenaren gorpu hilotza jarri digute aurrean. Eta denok isilik eta ezin esan ezer gure halabeharrez. Horixe gure mina, eta isildu beharra. «Gure isiltasun hau ebakita dago eta lotsa bizi duen isiltasun honek ezbehar hau dugula badaki, eta gure herriak bezala orro dagigu atsekabez».
Sutan da herria, sutan herritarra. Eta idazlea, artista, poeta, pentsalaria, gizon librea, sugarra bada, noiz jarriko ote sutan isilik dagoena? Artista, poeta, kantaria, askotan isilean ari da, ari gara, isilik egon beharraren testigantza dirudigu. Baina hemen sorkuntza, bizitzaren eta heriotzaren arteko paradigma dugu. Eta gurea, ez da arazo politikoa bakarrik, metapolitikoa eta kulturala ere bada.
Herritarron ondoeza nabaria da, eta oraindik esan beharreko asko da. Esan Gandiagaren hitzetan: «Gure isiltasun hau odoletan dagoela / Hitzen beldurra duela isiltasun honek / Hitzen ukituei beldur latza diela. Gure isiltasunak ezin konponduzko harremana bizi duela / Gure isiltasunak inolako arreglu ezin konponduzko harreman gaiztoen ezinbestea duela».
Ezin dugu ETA gure botere faktikotzat onartu eta hiltzeak ardurarik emango ez balie legez, ez baligu legez jarraitu. Ezin dugu herri honen etorkizunaren amorez, gure nahiak eta esperantzak betiko estaliko balira legez eta ama lurrak ETAren babesa beharko balu bezala segi. Ezin diegu gorrotoari, mendekuari eta hilketari gure mututasunaz erantzun. ETAk dioskun Ama lurraren defentsaren aitzakiz egindako hilketa hau, hitz hutsala da, gezur ustela, higuingarria.
Eta honaino heldu gara eta joan goaz. Bakoitza gure lubakian gaude irmo, inork bestearena entzuten ez duelarik, bakoitzak bere iritzia inposatu nahi duelarik. Eta gure izana hustuz doan honetan, ezer gutxi ulertu daitekeen honetan, gure kantari maitekorrak haize eman zion hegoarekin amestuko dugu eta keinuka ariko gatzaizkio ilargiari, argiren bat ekarriko ote digun zain. Ez dugu, beraz, gure isiltasunetik eta lubakietatik irtetea baino, baina Mikelen kantuak adierazten duen bezala «denak ala inor ez, bakarka ezin da, fusilak ala kateak, denak ala inor ez, dena ala ezer ez».
Eta nahitaezko desesperantza honetan, buru-bihotzez heriotzaren aurka borrokatu beharko da eta esperantzari halabeharrez kantatu: «Haize hegoa, gau epela, ilargiaren argi, muturdinak leihoetan teilatuan katu bi».
Gontzal Mendibil (Berrian)

No hay comentarios: