miércoles, 24 de noviembre de 2010

PAULA KASARES: "HIZKUNTZA-KULTURA-GIZARTEA HIRUKOTEA BANAEZINA DA"

Iruñeko Iturrama auzoa agertu da hizkuntzalariaren solasean: “Que sepas que esto es Navarra” aditzera eman zion auzokide batek behinola. Nafarroa anitza da, bistan da. Alabaina, bistan da ere, nafar euskaldunak anitzagoak direla nafar elebakarrak direnak baino. Paula Kasares-en hitzak izerdi-tantak dira nafar arragoan.

Iruñean jaio zinen. Nolakoa zen Iruñea zure haur eta nerabe garaian?

Iruñean sortu nintzen 1970eko hamarkada hastear zegoelarik. Hazi nintzen Iruñea hori hiri txikia, bildua baina bizi-bizia eta mugitua zen. Bizia diot, aldaketa eta gatazka handiko urteak izan baitziren nire haur-gaztarokoak.

Zertan da bereiziki aldatu soziologikoki Iruñea?

Oraingo Iruñea handiagoa da neurriz, anitzagoa jendez, eleanitzagoa —euskaldunagoa ere bai—, baina zozoagoa bertze alderdi batzuetatik eta bertzeak bezalakoagoa dena berdindu egiten duen mundu globalaren ikuspegitik.

Familiaren testuinguruan, berriz, zein izan zen zure heziketa?

Familia arrunt bateko alaba naiz. Aita-ama, amatxi eta lau anai-arrebok —ni, bigarrena— bizi ginen Iruñeko Iturrama auzoan. Aita delineatzailea, ama etxekoandrea. Beharrik eta gehiegikeriarik gabe hazi ginen lau anai-arrebok.

Familia tradizional samarra izan da gurea baina gurasoak xarmanki egokitu dira munduaren aldaketetarako eta beren seme-alaben bizi hautuetarako. Ikastetxe katolikoetara bidali gintuzten —inertzia sozialez, ziurrenik—. Zorionez, gero inork ez dio horri segitu. Oro har, askatasun handia izan genuen, ez dut oroitzen diziplina gogorrik ezarri zigutenik.

Zer-nolako heziketa edota baloreak jaso zenituen gurasoengandik?

Nork bere ardurak hartzea, ikasketak hasieran, kirola eta lana gero. Funtsezko baloreak direla uste dut. Eskolatzeari dagokionez, mojen eskola batean ikasi nuen eta ez dut oroitzapen bereziki onik: ikasleen artean bereizkeria handia egiten zuten. Hoberenei txalo eta saria eta gibelatuta zeudenei erdeinua. Gehien behar zutenei ez zieten behar bezala lagundu. Artean ez nintzen horretaz ohartzen, orain aldiz, maisu-maistra izanen direnen irakaslea naizela, anitzetan oroitzen naiz horretaz eta gogoeta egiten dut nire eskola aldiaz eta jaso genuen heziketaz.

Euskalduna izatea eta ez izatea, bereziko al zenituzke?

Bai.

Hots, zer da euskaldun izatea Iruñean?

Neurri batean, bertze Iruñea batean bizitzea. Anitzetan erran izan den bezala, erdaldun batzuk —inguruan euskaldunik ez dutenak— Pamplonan bizi dira, hiri arrunt erdaldunean, Salamancan biziko balira bezala. Hiriak horretarako bide ematen du erdalduntasuna baita nagusi. Euskaldunok gara Pamplonan ez ezik Iruñean ere bizi garenok, hirian dagoen euskal munduko, kulturako, harreman sareetako partaide garenok eta hori, neurri batean, bertze hiri batean bizitzea da.

Nola “markatzen” du pertsona horren nortasunean euskalduna izateak?

Oroit naiz Euskal Filologia ikasten nuelarik, 1993 inguruan, uda partean sos pixka bat ateratzeko euskera eskolak emateko iragarkia paratu nuela nire auzoan, Iturraman. Biharamunean andre batek deitu eta, astiro eta oso garbi ahoskatuz, erran zidan: «Que sepas que esto es Navarra». Hori erran eta telefonoa eseki zidan. Erabat aztoratuta geratu nintzen.

Orain Iruñekoa eta euskalduna izatea lehen baino dimentsio onartuagoa dela uste dut, baina anitz aldiz erdal Pamplona ofizial horrek euskaldunok geure etxean berean arrotz sentiarazten gaitu. Nafarroako Gobernuak darabilen lelo turistikoa, Nafarroa lur anitza, zinikoa da bertako anitzondako.

Ikasketen harian

Non jaso duzu hizkuntzarekiko duzun atxikimendua? Norengandik?

Nor zeri atxiki ez da beti familiak edo hazitako inguru hurbilak zuzenean emana. Nire kasuan, euskara ez zegoen haurtzaroko bizipenetan, bai aitatxi zenaren oroitzapenetan eta aitaren aipuetan. Neskatikoa nintzelarik euskaltzaletu nintzen —zehazki ez dakit nola— eta euskarari atxiki nintzaion gogoz, ikasketaz eta lanbidez. Nork bere bideak hautatu eta bere bizitza eratu egiten du hautuen bidez. Alde horretatik, norbanakoak ahalmen handia du balizko determinismoa irauli eta ustez egin beharreko bidetik ateratzeko, zorionez.

Hizkuntzaz gainera, antropologia zientzia ikasi duzu. Badago arrazoiren bat?

Antropologia ikasi izanaren arrazoia hizkuntzaren alde soziokulturala sakonago ulertzea izan zen. Hau da, nire hizkuntza zaletasunetik iritsi nintzen Antropologiara. Hasieran Euskal Filologia ikasi nuen, hau da, euskal hizkuntzalaritza eta literatura. Mitxelenak aspaldian ohartarazi zuen bezala, hizkuntzalaritza ez da hizkuntzen bizitzaz eta geroaz kezkatzen. Eta nik aldiz, horretantxe nuen neure kezka nagusia. Horregatik, Hizkuntzalaritzatik Soziolinguistikara pasatu nintzen. Baina gure soziolinguistikak gizartea eta hizkuntza baizik ez ohi ditu uztartu, kultura arloa bazter samar utzirik. Eta niretako hizkuntza-kultura-gizartea hirukotea banaezina da. Ohiko soziolinguistikan alderdi kulturalaren egon den gabeziak bulkatu ninduen Gizarte eta Kultura Antropologiara. Hizkuntzaren gizarte erabileraren gertakaria ulertzeko sakontasun bila hurbildu nintzen Antropologiara.

Zer da antropologia? Zer ekarri dizu berau ikasi izanak?

Antropologiak egiten duena da, nolabait errateko, testuinguruak azaldu bizitzak ulertzeko. Antropologia bereizten duena errealitatea ezagutzeko modua da: emic edo barnetikako ikuspegia, ikusmolde holistikoa... eta alde horretatik bertze hurbilketa batzuek baino sakontasun handiagoa ahalbidetzen du.

Nire ibilbide akademikoari erreparatuta, aldez edo moldez hizkuntza aztergai izan duten diziplina batzuetan jardun dut: Hizkuntzalaritzan, Soziolinguistikan eta Kultura eta Gizarte Antropologian. Jakite horiek jorratzeak ageriago utzi dit ikergai dudan alorraren konplexutasuna: identitate kulturalak, hizkuntza taldeen ukipen dinamikak, gutxiengoen eta gehiengoen arteko botere harremanak, hizkuntza portaeraren gibelean dauden zio kulturalak —hiztunen hizkuntza hautuek beren kultura eta talde atxikimenduak adierazten baitituzte—, hizkuntza komunitateen izaera arazotsua... Horrek denak berretsi dit hizkuntza-kultura-gizartea alor konplexu eta askotarikoaren azterketari heltzeko diziplina bakarra eskas eta murritz dela eta ikuspegiak diziplinartekoa edo diziplina zeharkakoa behar duela izan, hala teorikoki eta epistemologikoki nola metodologikoki.

“Hizkuntzak pertsonok munduon eta egundoko sortutako ‘gauza’, ‘espresio’ edo ‘izate’ berebizikoenak eta garrantzizkoenak dira”. Bat al zatoz ikuspegi horrekin?

Hizkuntza talde baten ekoizpen kolektiboa da eta, aldi berean, bera adierazpide izan duen herriaren esperientzia kolektiboaren gordailua. Munduaren ezagutzea, oroimen historikoa, harremanak egiteko moduak, nortasunaren kontaketa... hori dena hizkuntzaren bidez gauzatzen da. Hizkuntzak alde edo dimentsio anitz ditu. Hizkuntzaren Didaktika irakaslea naiz eta nire ikasleei galdera horixe egiten diet: zer da hizkuntza? Eta hortik abiatuta, zer da hizkuntza irakastea? Hizkuntza arau gramatikal multzoa dela jotzen bada —gramatika tradizionalak zioen bezala— hizkuntza irakastea arau horiek irakastea izanen da eta haren helburua ikasleek hizkuntza gaitasuna eskuratzea. Baina hizkuntza, deus baino lehenago, bere erabilera eta bere funtzio komunikatiboa dela onartzen badugu —metodologia komunikatiboek defendatu izan duten bezala—, orduan, hizkuntza irakastea kode horretan komunikatzen irakastea izanen da eta ikasleen gaitasun komunikatibo hobetzea izanen da xedea.

Andoni Egañaren esaldi bat erabili ohi dut nire ikasleei hizkuntza zer den eta nola irakasten dugun hausnarrarazteko: «Hizkuntza den xarma, arma, armiarma... transmititzen ez dugu asmatu. Bururatzen zaidan laugarren errima-hitza ‘alarma’ da». Biziki interesgarria zait gurean haur eta gazteen euskararen erabilera eta kalitatearen inguruan egiten ari den gogoeta.

Nik orain hizkuntzaren adiera hau dut gogoetagai: hizkuntza jardutea da, jarduteko modu bat, kultura praktika bat. Hizkuntzaren bizitzan inplikatuta garenok jarduera bati iraunaraztean gaude inplikatuta. Lehenaldia eta etorkizuna lotzen dituen jarduera da hizkuntza. Hizkuntzaren galera jarduerak zentzurik ez duelarik gertatu ohi da. Bizitzarako eta etorkizunerako baliagarritasunik ez bazaio ikusten, jarduerari segitzeak ez du zentzurik. Hizkuntzaren jarraipena jardueraren zentzuak bermatzen du, lehenaldia eta etorkizuna lotzeko baliagarritzat ikusteak. Hortik doaz orain nire hausnarketak jarduera horri iraunarazteko baldintzen azterketan.

Nik ez dut hizkuntza izendatzeko hitz zehatzik eta bakarra aurkitu. Zuk zeuk bai? Zer da zuretzat hizkuntza?

Bai zaila da hizkuntza definitzen, hizkuntza hautemateko modu bat baino gehiago baitago: hizkuntza kodea da, egitura, corpusa; hizkuntza mundua ezagutzeko bidea da, baliabide kognitiboa; eta hizkuntza gizarte ekintza eta jarduera da, jarduera kulturala. Hori dena da hizkuntza.

Ahalmen handiko baliabidea da hizkuntza, ongi erabilita. Hizkuntzaren bidez irudimena pizten ahal dugu, urduria lasaitu, urrunekoengana hurbildu, bihotzak hunkitu, hitzez min eman, munduaren hautematea aldatu eta mundua bera eraldatu. Hizkuntza kontrolatzen duenak errealitatea azaltzeko modua kontrolatzen du. Horregatik hizkuntzaren erabiltzaile ahal den onenak izatea komeni zaigu.

Errealitate berriek hitz berriak ekarri dituztela gauza jakina da. Baina maila politikoan garbi izan behar dugu errealitatearen pertzepzio berriek ere errealitatea izendatzeko hitz berriak ekarri behar dituztela. Eta hortik has gaitezke mundua aldatzen.

Zer balore ematen diozu hizkuntzari pertsonaren izaeran eta bere garapenean?

Hizkuntzari baino hizkuntzei erranen nuke, eleaniztasunaren onuren sinesle amorratua bainaiz. Hizkuntza mundua izendatu eta esperientzia adierazteko modu berekia den aldetik, eleaniztasuna egungo mundu konplexua ulertzeko eta horretan geure burua kokatzeko ezinbertzekoa iruditzen zait. Hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen ohi dituztenek erlatibismo kulturalaren ariketa ohikoa egiten dute, beren hautemate edo pertzepzioetan malguagoak izaten dira eta horrek, nire irudikotz, ‘bertzeekiko’ enpatia eta elkartasunerako erraztasun handiagoa ematen die. Egun, bere hizkuntza baino ez dakiena, nekez izan daiteke mundu anitz honetan eraginkor jokatzeko gai. Elebakarkeria gaixotasuna da, estatu handi anitzetan kezkatzeko modukoa gainera.

Antropologoa zaren aldetik, zein da hizkuntzaren rola pertsonon bilakaera historikoan?

Antropologo fisikoen eta giza garapena aztertzen dutenen gaia da hori, nik zerbait irakurria badut ere, ez dakit zehatz-mehatz eztabaida zientifikoa zer puntutan dagoen. Gai oso interesgarria da ezagutzea gure giza garapen antropomorfikoan mintzamenak izan duen eragina, zutik ibiltzen hastearekin edo eskuen bilakaerarekin edo garun-burmuinarekin eta, hortaz, adimenarekin eta pentsamendu arrazionalerako gaitasunarekin zer harreman izan duen. Garbi dagoena da mintzamena gure gizatasunaren osagairik behinena dela, hau da, gizon-emakumeak gara hiztunak garelako. Noski, hizkuntza mota desberdinak kontuan hartuta, zeinu-mintzaira adibidez.

Historikoki eragin duen moduan eraginen du etorkizunean hizkuntzak gure baitan? Hizkuntzen bilakaerak —garapenak eta eraginak— nola aldatuko du pertsona XX. mendeaz geroztik?

Hizkuntzaren beharra ez zaigu gutxituko. ‘Hizkuntzamenpekoak’ gara, hizkuntzarik gabe ezin bizi gaitezke, ez lehen ez eta gero ere. Hori horrela izanda, etorkizunean pentsatzen hasita sortzen zaizkidan zalantzak dira hizkuntza erabiltzeko zer bide berri izanen diren eta munduan diren hizkuntzetatik zenbati emanen zaie aukera horri aurre egiteko eta horrela, kultura jarduera gisa, zentzua izaten segitzeko.

Euskal Herritik kanpo esperientziaren harian

Universitat Autònoma de Barcelona-n ikasi zenuen. Zer oroipen duzu Katalunian bizi zinen garaiaz?

Bartzelona hiri atsegina da, irekia. Harritu ninduen lehen gauza izan zen euskaldun jendea zer ongi ikusita dagoen! Han bizi nintzen urteetan Bartzelonako Euskal Etxean, Ciutat Vellako Montcada plazatxoan eman nituen euskara eskolak sos pixka bat ateratzeko. Sasoi horretan ETAk atentatu anitz egin zituen Bartzelonan. Ernest Lluch irakaslea hil zuen. Oroit naiz Jaume I plazan jende elkarretaratzeak egiten zituztela. Egun batean bi manifestazio aurkako antolatu ziren batera, bata bertzearen aurrean. Eta ez zen deus gertatu. Hemen irudika ezina da hori, bertze modu batez bizi ditugu politika kontuak, anitzez oldarkorrago.

Euskalduna nahiz katalana, Estatuko komunitate nagusitik bereizi al daitezke?

Nork bere burua nola ikusten duen datza hori. Hau da, baldin eta Katalunian badira beren burua espainiartzat jotzen ez dutenak, horiek Estatuko komunitate nagusitik bereiz dira. Euskal herritarrekin gauza bera. Identitateak gertakari subjektibo-kolektiboak dira, ez du axolarik denek pasaporte berdina izateak.

Alegia, ba al dago euskal edota katalan komunitaterik? Izendatu daiteke giza talde edo kolektibo bereiz gisara?

Komunitate kontzeptua nola hartzen dugun dago gakoa. Soziologiarako komunitate kontzeptua arantzatsua da, soziolinguistikarako hizkuntza komunitate kontzeptua bezala. Komunitate guztiak dira, nolabait errateko, imajinatuak —Benedict Andersonek zioenez—. Euskal hiztun komunitatetzat jo izan duguna oso multzo heterogeneo eta lausoa da, inola ere ez homogeneo eta ertz garbikoa. Horregatik, zenbait ikertzaile hasiak dira ohiko hizkuntza komunitate kontzeptua kuestionatzen eta adiera homogeneizatzailea gainditzen duten bertzelako kontzeptuak erabiltzen: komunitate etnosoziolinguistikoa eta jarduera komunitatea, adibidez.

Zer bereiziko zenuke katalanen eta euskaldunen artean?

Kataluniaren aldean gure kasuan gizarte ekimena nabarmenduko nuke. Historikoki maila instituzionalizatuetatik at jardutera jarrita gaude. Gutxitan izan ditugu erakunde publikoak gure hizkuntzaren defentsan osorik konprometiturik. Bertze hizkuntza batzuendako normala dena, hau da, botere publikoen erabateko defentsa, gurean ez dugu inoiz ezagutu. Katalanek babes handiagoa izan dute. Gaztelaniadunek aho batekoa dute beren hizkuntzarekiko atxikimendu ofiziala. Oroit naiz joan den urtean Cervantes Institutuko zuzendarien urteko biltzarra Kantabrian ospatu zela eta lehen egunean, hasiera ekitaldian, Miguel Angel Revilla presidenteak erran zuela gaztelania zela «el mayor activo y la mayor empresa de España. La gran fuerza de este país». Gurean aldiz euskarak dakarren gastua da lerroburuak betetzen dituena.

Herri ekimena izan da gurean euskararen egoera sozialaren benetako iraultzailea, hizkuntzarekin izan den atxikimendu kolektiboa. Hori nabarmenduko nuke.

Zer dugu amankomunean katalanek eta euskaldunek?

Egia erranda komuneko gauza gutxi ikusten ditut, izaeran nola egoeran. Gure hizkuntzen egoerak, adibidez, arras desberdinak dira, ezin dira bata bertzearen aldean paratu. Gure egoera makalaren aldean katalana hizkuntza normalizatua da, dituen arazoak dituela.

Katalanaren eta euskaldunaren arteko bizipenetatik adieraziko zenuke bertze zerbait? Inpresioren bat edo...

Katalunian bizi nintzelarik gauza batez ohartu nintzen: han gurekiko duten interesa (kultura, hizkuntza, gastronomia, politika...) ez dugu guk hemen haiekiko, ez urrutitik ere. Euskal Herrian zilborratuta —geure zilborrera begira— bizi garela iruditzen zait. Katalanak mundura adiago egoten dira.

Euskara Nafarroan

Euskaldun erkidegoa hiru administrazio politiko ezberdinetan bizi da. Egingo al zenuke hizkuntz komunitate horien diagnosia, bederazka?

Zaila da euskararen egoeraren diagnosi bat bakarra ematea hizkuntzaren egoerak oso bertzelakoak baitira. Tokiko Botere Publikoek euskal hiztunen eskubideak nola babesten dituzten begiratzen badugu, adibidez, aldeak daude EAEko errealitatetik, euskalduna izateak duen legitimaziotik eta horri erakunde publikoek ematen dioten babesetik —gabezia handiak izanda ere—, Iparraldeko euskal identitate kulturalaren ukaziora, gutxienezko tolerantziara eta onarpen murritzera. Egia erranda, hizkuntza mailan gertatzen dena nekez azal daiteke Europaren gainean kontatzen diguten diskurtso ofizialetik. Egun ez dago mugarik, bizimodu bertsua dugu, txanpon bera darabilgu... baina hiztun gisako eskubide oso bertzelakoak ditugu, euskararekiko hizkuntza eskubideek hagitz desberdin egiten gaituzte.

Euren egoerak alderatuta, zer azpimarratuko zenuke?

Ezer azpimarratzekotan, agertzen zaizkigun paradoxa mingarriak azpimarratuko nituzke. Adibidez, egun Tuterako haurrek ingelesez ikasten ahal dute, hau da, Haur eta Lehen Hezkuntza osoa ingelesez eskola publikoan egiterik badute. Baina beren haurrek euskaraz ikastea nahi duten Tuterako —eta Nafarroa gehieneko— familiek ez dute aukera hori. Paradoxa mingarria bezain ulertezina da.

Malerrekako Mankomunitateko eta Baztango Udaleko euskara zerbitzuetan aritzen zara. Zein da eskualde hauetan euskararen egoera?

Malerrekan urte bat eta Baztanen hamabortz aritu izan naiz euskara teknikari. Nafarroako Mendialdeko euskararen egoera nahikoa ongi ezagutzen dut. Hor ditugu Euskal Herriko herririk euskaldunenetakoak, Mikel Zalbidek euskararen arnasguneak deitu izan dituenak, baina halere ezin erran euskararen egoera ziurra eta mehatxurik gabea denik. Azken hamarkada hauetan hizkuntzak hainbat gizarte eremutan dezente hobetu da (gizarte erabilera, hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa, eskola, tokiko komunikabideak, toki administrazioa...) baina herri horien egoera soziolinguistiko ona hagitz ahula da. Amaiur bezalako herri euskaldun txiki batean, adibidez, etxebizitza familiabakarreko urbanizazio bat eginen balute egungo herriaren populazioa izanen lukeena (ez da asmakeria hutsa). Horrek zer ondorio izanen luke egun euskaraz harremanak dituen herri horretan? Gure egoera onak hain dira ahul eta hauskorrak...

Zer gehituko zenuke lanaren eta esperientziaren harian?

Euskara teknikari lanak hizkuntzaren egoera bertatik ezagutzeko aukera eman dit. Gainera, baliabideak eta eraginbideak urriak badira, Nafarroan euskararako oro har diren bezala, lan egiteko modu eraginkorragoak jorratzen ikasi behar da: teknikarien arteko talde lana, euskalgintzarekiko lan-uztarketak, sormena handitzea... Lan ona eta batzuetan oso bitarteko eskasez egiten dute Euskal Herriko hainbat toki entitatetan diharduten euskara teknikariek. Eta hori aitortu behar da.

Iruñeko eta Malerreka/Baztango euskaldunak, alegia euskal hiztunak, alderatuko al zenituzke? Aburu bat egin aldera.

Nire ikasleak, hogei bat urteko gazteak (neska gehien-gehienak) ditut gogoan: erdia baino gehixeago Iruñerrikoak eta Iruñetik behetikoak, erdia baino gutxixeago Mendialdekoak. Batzuen eta bertzeen artean aldeak izaten dira (ez kasu guztietan). Mendialdekoak etxeko euskaldunak ez badira euskara inguru hurbilean bederen izan dute, eguneroko harremanetan. Nafarroa erdaldunduko gazte gehien-gehienek aldiz, eskolaren bidez izan dute euskararekiko harremana eta zailtasun gogorrak dituzte beren eguneroko harremanetan euskara sartzeko. Nolabait errateko, Mendialdekoak hiztun aktiboagoak, biziagoak dira eta Iruñerriko eta hortik beheitikoak hiztun ezinduagoak, erdal inguruak berak ezinduak, inguruak ez baitie bide eman euskara normaltasunez erabiltzeko eta horretara ohitzeko. Gainera, gazteak horren jabe dira eta euskara galtzeko —beraiek galtzeko, ahazteko— arriskua ikusten dute. Izan ere, euskarak dituen hiztun galerak beraien koadrilakoekin ikusten dituzte: euskaraz eskolatuta egon arren, toki erdaldunduetako gazte anitzek harreman informaletan batez ere erdaraz egiten baitute, ikasketei erdaraz jarraitzen badiete eta erdaraz hasten badira lanean, euskara galtzera irits daitezke behin ere ez erabiltzeagatik. Hori da batzuetan gertatzen dena. Euskara Nafarroan zaku zulatua da: bete eta bete aritzen gara baina husten da, beti zerbait galtzen du.

Nola eragiten du pertsonarengan euskarak, demagun, euskara ikasi ahala bere nortasuna osatzen duenarengan?

Nortasuna ez dakit baina bizi den errealitatearen hautemate berria izanen du hizkuntzaz jabetu ahala. Euskara ikasi duen bati inguruko errealitatea —hitzez izendatzen duguna— esanguratsuagoa bihurtzen zaio: izen-abizenak, karriken izenak, toponimoak, abestiak... mundu oso bat agertzen zaio lehenago ikusezin eta ulertezin egiten zitzaiona.

Eta bestalde euskara galdu ahala bere mundua joan badoala “ikusten” duen pertsonarengan? Demagun Malerrekan/Baztanen.

Hizkuntzaren —edo hizkuntzaren aldaera baten— desagertze prozesuaren hondar faseetan azken hiztunen gertakari soziolinguistikoa dugu. Azken hiztunen gertakari hori dokumentatuta dugu Nafarroan azken hamarkadetan. 1935ean Angel Irigaraik euskararen Hegoaldeko muga zehaztu eta Galdurotz herrian euskal hiztun bakarra geratzen zela aipatu zuen 1956an. 1963an Mariano Estornes Lasak Izaban bizirik geratzen ziren azken euskaldunak izendatu zituen eta 1965ean Ana Mª Etxaidek Esteribarko herrietan geratzen zirenak zenbatu. 1970eko hamarkadaren hasieran Jose Mª Sánchez Carrión Txepetxek eta Pedro Irizarrek Odieta ibarreko eta Nabatz, Uztarroze eta Bidankoze herrietako azken hiztunen lekukotasunak utzi zizkiguten. 1990eko hamarkadan aezkeraren azken hiztun batzuen ikusezin edo ezkutatze soziala dokumentatu zuen Iñaki Caminok. Carme Junyentek erran bezala, hizkuntzalaritza azken hiztunen nekrologikez beteta dago eta gurea ez da salbuespena izan.

Baina aipamentxo horietaz gain, deus gutxi dakigu azken hiztun horiek nola bizi zuten haien mundu kulturala joatea, ez dakigu nola sentitu ziren dialektologoen grabagailuen altxor bihurtuta. Gurean ez dugu izan Alfred Kroeber antropologoak Ishi indioarekin, Kaliforniako Yahi nazioaren azkenekoa omen zenarekin, egindako azterketa. Eta ez dakigu zer oihartzun sozial eta zer erasanik izan zuen komunitate baten oroimen kolektiboan azken euskal hiztunaren heriotzak. Egun batean, paseoan nenbilelarik, Nafarroako Anue ibarreko herrixka bateko hilerrian hilarri bat ikusi nuen «erriontako azkenen euskalduna 1953» idatzita duena. Hunkigarria da.

Baina, nire ustez, ez da egun nagusi den gertakaria. Euskararen piramide demolinguistikoaren oinarria anitzez zabalagoa da orain duela hiruzpalau hamarkada baino. Bertze gauza bat da, euskarak nola bete duen belaunaldien arteko jauzi hori eta kualitatiboki zer bertzelakoak diren oinarria eta muturra, hau da, zer gaitasun desberdineko hiztunak diren piramidearen oinarrikoak eta muturrekoak, zer desberdinak diren gure hiztun irabaziak eta galerak.

Hedabideak eta komunikazioa

Hedabideak edo komunikabideak terminoak bereizgarriak al dira? Hala balira, zertan desberdinduko zenituzke?

Komunikabide hitzak komunikazio eta komunitate hitzen erro bera du. Hori da niretzat bien arteko ñabardura semantikoa. Egun komunikabideek komunikazioa ahalbidetu, erreferente komunak sortu eta komunitate sentiarazten laguntzen dute. Eta hori guztia behar dugu geuk euskaldunok. Ez dugu ahantzi behar komunikazioa dela komunitate egiten gaituena.

Zein da erdal eta euskal hizkuntzen arteko diferentzia komunikatzeko orduan? Zein alde dago euskaldun osoa denaren eta erdal hiztunaren artean komunikatzeko orduan?

Nire irudikotz, erdal elebakarraren eta euskaldunaren arteko alderik nabarmenena euskaldunak erdal mundua —hizkuntza barne— gutxi-asko ezagutzen duen bitartean, alderantziz aldiz, ez, erdaldun hutsak euskaraz ez ezik euskal munduaz ere ez ohi daki ja ere (kasurik onenean deus gutxi daki). Eta gainera, botere publikoetatik eta hedabideetatik horixe da zabaldu eta indartzen dena: euskara eta euskal kulturaren gainekoa euskaldunen gauza da, haiei baino ez die axola.

Orduan erdaldun hutsa ala euskalduna izatea alde handia da politikari, irakasle, kazetari edo abokatu batendako. Bertze errealitate bat ikusten baitu, bertze elementuekin jokatzen baitu. Alde horretatik, gutxienezko elkarrekikotasuna elkarbizitzarako onuragarria izanen litzateke.

Politika, emakumea eta beste

Pertsona polifazetikoa zara, inondik ere. Nor da Paula Kasares, alegia?

Webgune batzuk zabaltzera zoazelarik aurkitzen duzun mezuak dioen bezala «en construcción». Ez dut neure burua zerbait akitutzat ikusten, zorionez.

Alde eta zeregin horietako bat politikagintza duzu? NaBai-ren izenean foru parlamentaria. Nola iritsi zara kargu horretara?

Konpromisoz, ezein alderditako afiliatua izan gabe. Nafarroan gauzak aldatzea nahi dudalakoz.

Zer da zuretzat politika? Nola daramazu kargua, kontuan hartuta zurea ez dela politikariaren soslai arrunta?

Politika mundu konplexua da. Niretako ez da erraza izan bere jokamoldera jartzea. Kargu publiko batean aritzea egoeraren araberakotzat hartzen dut —koiunturala erabat—, nire kasuan gure egoera Nafarroan halakoa delakoz eta hala eskatu zidatelakoz.

Laburbildu ezazu zure zeregina zein den.

Parlamentu taldean ardurak arloka banatzen dira, Parlamentuan batzordeka lan egiten baitugu. Gai batzuk hartzen ditut zuzenago bertze batzuk baino. Bizikidetza, nazioarteko elkartasuna, giza eskubideak, kultura, turismo, hezkuntza eta euskara. Horiek dira gehien jorratzen ditudanak bertze koaliziokideekin batera. Baina lana esker txarrekoa da anitz aldiz. Zaila da deus aitzinera ateratzea UPN eta PSN eskutik helduta badabiltza.

Emakume eta politikaria, normalizatutako bitasuna al da?

Alde kuantitatiboa eta kualitatiboa bereizi behar dira. Kuantitatiboki nahiko normala da emakume politikaria. Nafarroan, adibidez, toki administrazioan erabat normalizatuta dago alkate andreak izatea. Oroit naiz 2005ean Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak egutegi bat argitaratu zuela Nafarroako alkate andreen gainean. Nafarroako 12 alkate andre agertu ziren, hilabete bakoitzeko bat. Izan ere, urte horretan, historian lehen aldiz, nafar gehiago bizi baitzen alkate andrea zuten udalerrietan (Iruñean, Lizarran, Tafallan, Erriberrin, Baztanen...) alkate jauna zutenetan baino. Nafarroako Gobernuan era Parlamentuan egoera kuantitatiboa ez da hain ona: emakume kontseilariak % 40 inguru dira, zuzendari nagusiak % 35, parlamentariak ere heren bat. Baina atentzio ematen duena alde kualitatiboa da. Hau da, emakume kargudunak nagusiki emakumeari lotutako arloetan aritzen dira (hezkuntza, osasuna, gizarte aferak, familia). Salbuespen bat edo bertze bada (Berrikuntza arloan edo Ogasunean). Alde kualitatiboan dago gakoa, bertikalki nola arloka. Politikan emakumeak izan badira baina ez goiko postuetan eta ez arlo guztietan.

Agian, ez litzateke bereizi behar ere?

Anitz denboran bereizi samar egon dira politika eta emakumea. Suediako lehen diputatua izandako emakumeari irakurri nion Kongresuko lehen Osoko Bilkuran, han bilduta zeuden gizonezko guztiei begiratu —bera emakume bakarra zela— eta pentsatu zuela: momentu honetan ni izanen naiz bakarra pentsatzen ari dena garbigailua paratu duen ala ez.

Kontua da anitzetan emakumeak egon badaudela baina politikatik at gizonezkoek baina kezka eta ardura anitzez ere gehiago dituztela (etxearen intendentzia, haurrak...). Zaila da berdintasunez lehiatzea.

Zer ekarri du emakumeak politikara?

Bizi garen mundu honetan emakume batek boterea izatea berez arau hauslea, urratzailea da. Dena dela, ez da erraza emakume kontzeptuaz solastea. Emakumeok talde askotarikoa gara. Badira emakume batzuk —gizonezko batzuk bezala— ekarpen handiak egin dituztenak eta bertze batzuk —bertze gizonezkoak bezala— deus gutxi ekarri dutenak. Oro har, emakumeak politikan izatea gizarterako gauza behar-beharrezkoa zen. Emakumeak politikan ere normaltasunez aritzea gizartearen normaltasun seinalea da. Politika gizonezkoen eskuetan egon da eta gizonezkoen ikuspegiaz egin da. Emakume politikari batzuek hori hautsi dute (bertzeek hori erreproduzitu egin dute). Badira emakumeak beren kargu eta arduretatik genero ikuspegia sartu dutenak eta hori beharrezkoa da.

Nafarroako kasuan, oro har, nolakoa da emakume politikarien rola?

Nafarroako alderdi politikoen lidergoa gizonezkoen gauza izan da eta oraindik ere boterea gizonen eskuetan dago. Nafarroan oso garbi izan da hori, eta bertze erkidegoekin alde handirik ez dagoela uste dut. Orain badirudi hori ere aldatzeko bidean dagoela. UPNk andre bat du buru. Hor ezkerra/eskuina bereizketa ideologikoan ezkerra ateratzen da galtzaile. Emakumezkoak aginte postuetan sartzen eskuinak aurre hartu dio ezkerrari.

Nafarroan izanen al da aldaketa politikoa (NaBai edo edozein dela aukera) abertzaleak Gobernuan izaki?

Hori da nire nahikaria. UPN eta PSN (EAEn PSE eta PP bezala) eskutik helduta joan dira proiektu espaniazalearen defentsan. Euskal Herria nahi dugunok gutxienezko oinarrietan ez bagara gauza bat etortzeko eta geure proiektua sendotzeko, deus gutxi egiterik izanen dugu.

Aldaketa hori zango balitz, zein onura aurreikusten duzu, euskarari dagokionean?

Nafarroan euskarak guztiz egoera ez normala du. Zentzutasunez eta berdintasunez jokatzea, hori izanen litzateke lehen onura. Nafarroako euskaldun jendeak dituen gabeziak ikaragarriak dira zerbitzu publikoetan, hezkuntzan, aukera soziokulturaletan, ekoizpen kulturalean, aisialdian,... Ondorioz, hizkuntza politika arras aldatu beharko litzateke eta euskara nafar guztiendako bermatzera eta nafar euskaldunek dituzten behar soziokulturalei, akademikoei, informatiboei... erantzutera zuzendu.

Mikel Asurmendi (euskonews.com)

No hay comentarios: