Bost urtetan Berriobeitin izan eta gero, Atarrabiarra jo zuen iaz Hatortxu Rock jaialdiak. Orain, hamabigarren edizioa duten honetan, berriro ere kokagunea aldatu eta Zizur Nagusian ospatuko dute jaialdia, aldaketa egitera behartu dituzte eta.
Jaialdiaren antolakuntzarekin zerikusirik ez duten makina bat arrazoi direla medio, Atarrabiako Udalak ez dizkie beharrezkoak diren baimenak eman antolatzaileei. Edonola ere, izandako harremanagatik Atarrabiako Udalari zein herriari eskerrak eman nahi izan zizkion atzo Hatortxuk, hedabideetara bidalitako ohar baten bidez. Eta beste horrenbeste Zizur Nagusiko herriari, egitasmoa aurrera eramateko eman dien aukeragatik.
Urtez urte bidean topatu dituen oztopoei aurre egin die Hatortxu Rock jaialdiak eta, hala, urtetik urtera hazten joan da ekimena. Apustu horixe egin du oraingoan ere, euskal errepresaliatu politikoekiko eta horien senideekiko elkartasuna gero eta beharrezkoagoa baita. Horregatik, hamabigarren edizioa bi egunetan gauzatuko da, urtarrilaren 7 eta 8an.
Urtarrilaren 7an, ostiralean, eta 21.30etik aurrera, Kerobia eta Zea Mays taldeek euren azken diskoak aurkeztuko dituzte. Larunbatean, berriz, urtarrilaren 8an, 18.30ean hasiko da jaialdia eta bertan Ztk Rap, Vomito, Governors, Gatibu, Kaotiko, Berri Txarrak, Vendetta eta Amaiur taldeek parte hartuko dute.
Sarrerak ohiko lekuetan egongo dira salgai abenduaren 1etik aurrera. www.hatortxurock.org webgunean abenduaren 1a baino lehen lortu ahal izango dira, bai eta jaialdiari buruzko xehetasun guztiak ezagutzeko aukera ere.
GARA
No hay comentarios:
Publicar un comentario