“Kantu hauek bi urte dituzte jadanik, zaharrak dira gaur egun jartzeko”. Hori entzun nuen parranda batean diska bat jarri nuenean. Bi urte! Zer egingo dut orduan Led Zeppelin, The Beatles edo Benito Lertxundiren diska zaharrekin? Erritual sataniko batean erre beharko ditut…
Baina kontua serioagoa da tamalez. Baieztapen apokaliptikoa dirudien arren, edozein garaitan arrakasta handiena izan duen musika ez da inoiz oraingoa bezain azalekoa, eduki gutxikoa izan. Musika elektroniko faltsua, Estatu Batuetako haur miraridunak, reggaeton matxista… Denak bere azalpena dauka. Multinazional handiek badakite ez dela urrezko garai haietan saltzen zen diska kopuru erraldoi hori berriro errepikatuko argitalpen berrien salmentan. YouTuberen garaian gaude, eta badakite arrakastarako bidea sarean bideoklip erakargarri bat ipintzea dela, bai eta Payolaren bidez irratian haien interesdun musika mota mantentzea. Kasu irratiaren fenomenoarekin, dirudiena baino arriskutsuagoa baita (irratian egunero entzuten dut=gustatzen zait). Akaso jendea irratian agertzen den eta haien gustukoa den musika gauza bera izatea kasualitate hutsaren fruitu ez dela konturatzean iraultza gertatuko da musikaren munduan, baina hori ez dugu ikusiko.
“Jendeari ez zaio nahi duena ematen, hori gezurra da. Jendeari boteretsuei sistema mantentzeko egokia iruditzen zaiena jartzen zaio, eta gero soilik haiek nahi dutena hori dela sartu behar zaie buruan” (W. Toledo)
Hirugarren fenomenoa: gazteak, haurrak. Egia da aurrekariak ditugula (Britney Spears izan daiteke bat), baina gaur egungo haur kopurua zoro bilakatzeko modukoa da: Hannah Montana (eta ez Miley Cyrus, argi ukan), Taylor Swift, Demi Lovato, Jonas Brothers, Selena Gomez…eta nola ez, Justin Bieber. Disney Channel/MTV mundutik agertu dira gehienak, eta ondoren multinazionalek fitxatu dituzte. Bieberren kasua ezberdina da: gazte apal bat sarean bideo batzuekin ezagutza lortu ostean, bat-batean munduko kantaririk ospetsuena bilakatu zen. Horra hor, milioika pertsonek oraindik sinisten duen Amerikar Ametsa (honen hamaika aurrekari ditugu ere). Guraso maiteak, zuen seme-alabak ergelak ez izatea nahi baduzue kendu Disney Channel telebistatik, mesedez, hemezortzi urte inguru dituztenean eskertuko dizuete gainera.
Eta formula guzti hau gutxi ez balitz ere, azkeneko puntua geratzen zaigu: musika iraungikorra izatea. Gaur egun diskek ez dute kantuek, singleek duten arrakasta bera, publikoak gauza gehiegi baititu buruan diska osoak entzuteko, beraz kantak banaka aterako ditugu (beti ere, ez ahantzi, YouTuben espainiar film batek balio duena baino gehiago kostatzen duen bideokliparekin). Epea berdina da normalean: urte bat askoz jota. Urte bat pasa eta gero, kantua ez zaio inori interesatuko. Multinazionaletan lanean dauden musikari fin, profesional eta mertzenarioek badakite hori musika eta letren eduki eskasaren ondorioa dela, baina musika eta letra landuagoa balitz ez luke mugitzen dituen milioika dolarrak mugituko, eta beraz, denontzat okerrago. Jendeak, konturatu gabe, garai batean bere kanturik gustukoenak izan direnak ahazten ditu, banan-banan, bata beste berri batengatik aldiro ordezkatuz (kantu desagertuen zerrenda amaigabean adibide garbi ditugu hau,hau, edo jadanik hau).
Amaitzeko, kantu sinple, erraz eta arrakastatsuak eraikitzeko formula dibertigarri bat erakusten digun bideo hau (mutil honen gainontzeko bideoak ikustea gomendatzen dizuet ere). Nik, bitartean, urteak eta hamarkadak irauten duen musika entzuten jarraituko dut…
Julen Leuza, ARGIAn
No hay comentarios:
Publicar un comentario