miércoles, 14 de diciembre de 2011

VASCUENCEAREN LEGEAK 25 URTE: URTE GEHIEGI EUSKARAREN NORMALIZAZIOA OZTOPATZEN

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Nafarroako euskalgintzako ordezkariekin batera agerraldia egin du Iruñean. Vascuencearen Legea indarrean sartu zela 25 urte beteko dira bihar eta urteurrena aintzat hartuta, honen inguruko irakurketa plazaratu du Kontseiluak. Horretarako, dokumental bat ekoiztu du Kontseiluak, prentsaurrekoan aurkeztu dena. Paul Bilbaok, idazkari nagusiak 25 urteotako balantzea egin du agerraldian.


“Vascuencearen legeak 25 urte bete ditu, baina euskaltzaleok ez dugu ezer ospatzeko”, esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Lege honek eta bere aplikazioak 25 urteotan izan duen eraginaren inguruan aritu da Bilbao. Legea bera desegokia dela esan du Kontseiluko idazkari nagusiak eta hori azaltzeko hainbat arrazoi eman ditu: “legea desegokia da, euskarari eskaintzen zaion estatusa guztiz desegokia delako, batetik. Bestetik, hizkuntza-eskubideak herritarra bizi den eremuaren araberakoa izatea ezartzen du zonifikazioaren bitartez. Hizkuntza-eskubideak giza-eskubideak direla esan beharrik ez dago eta ondorioz, herritarrari dagozkio eta ez hizkuntza-eremuari”.

Legearen terminologiaren inguruan ere aritu da Paul Bilbao. Sustatzea, laguntzea edo bultzatzea bezalako kontzeptuak jasotzen dira legean eta “gisa horretako kontzeptuek ez dute hizkuntza normalizatzen, bestelako kontzeptu eta neurriak behar dira hizkuntzak normalizatzeko, hortaz, horiek ere desegokiak dira”, esan du Bilbaok.

Legeak ez dituela arlo guztiak bere baitan jasotzen ere esan du idazkari nagusiak. “Legea hutsunez beterik dago ez baititu euskararen normalizazioak behar dituen alor guztiak ukitzen, aitzitik bazterrean uzten ditu estrategikoak diren hainbat; alor sozioekonomikoa, aisialdia, helduen euskalduntzea… Bestalde, ukitzen dituen alorrak lausotasunez arautzen ditu eta horrek hizkuntza-politika murriztailea ahalbidetu du”.

Vascuencearen Legearen hiru ondorio nagusi aipatu ditu Kontseiluko idazkari nagusiak agerraldian. Lehenik, “argi esan genezake, lege honek euskararen berezko garapenari galga jarri diola. Bestetik, zonifikazioak hizkuntzari dagokionez, Nafarroa desorekatu du eta elkarbizitza eragotzi du. Eta amaitzeko, euskararen normalizazioaren bidean, Administrazioaren zereginei dagokienez, 25 urte galdu dira”.

Gaur egungo Nafarroan bizi den egoeraren inguruan hitz egin du Bilbaok eta nabarmendu du legeak ezarri duenaren gainetik, euskarak neurri batean aurrera egin duela. “Urte hauetan guztietan plazaratu diren mota guztietako inkestek garbi adierazten dute euskarak aurrera egin duela, bai hiztun kopuruan bai eta proiektu kopuruan eta kalitatean ere. Arrakasta horren atzean herritarrak eta amore eman ez duen Euskalgintza daude”.

Amaitzeko, dei egin die herritarrei: “hemendik animatu nahi ditugu Nafarroako herritar denak euskaraz bizi nahiarekin bat eginda euskara erabili eta ikasteko bai eta, inguruan eragiteko ere horixe baita modurik eragingarriena etorkizuna irabazteko eta elkarbizitzari oinarri sendoak jartzeko”.

No hay comentarios: