Amaiur izan da hautetsi gehien izan dituen indarra eta 2.000 boto eskasera egon da botoetan ere lehen indarra izateko. Hauteskunde hauetan lortutakoak argi uzten du Euskal Herrian gehiengo abertzale bat izateaz gain gehiengo ezkertiarra ere badela. Hala ere zailtasunak izango ditu hurrengo urteetan bere politika egiten jarraitzeko, baina kanpotik etorriko zaizikion arazoen gainetik egongo dira barrutik izan ditzakeen gaizki-ulertu eta kontraesanak gainditzea.
333.000 boto jaso eta 7 parlamentario lortzea, lehen aldiz historian 4 Hego Euskal Herriko lau lurraldeak hartzen dituen talde parlamentarioa lortzea (ikusteke, noski) eta, gainera, izandako ixiltasun eta boikotaren gainetik egiteak bere hautesleek “bere” ikusten ez duten hauteskunde batzuetan historikoa da. Baina Amaiur sortu berria den koalizio parlamentario bat da, 4 alderdien artean osatutakoa, jatorri ezberdinetakoa eta ibilbide oso ezberdinekoa. Barne kontraesanak egongo dira, noski, eta horien kudeaketa egitea izango da garrantzitsuena, kanpora begira Madrilen politika egiteko modu berri bat asmatzen duten bitartean. Artikulu honetan Madrilen egin beharreko lana bukaeran aipatuko dut, lehenago kide bakoitzak dituen erronken inguruan hitz egin nahi baditut. Artikulua luze geratuko delakoan nago, baina saiatuko naiz eskematikoa izaten.
Argia zen Ezker Abertzaleak “Zutik Euskal Herria” dokumentua plazaratu zuenean Aralarrek zuen espazio politikoa gutxinaka txikiagotzen joango zela. Bilduk lortutako emaitzek tarte oso txikia ematen zioten Aralarri maniobratu ahal izateko: EAEn zinegotzi batzuk, bi alkatetza eta diputatu bakarra lortu zuten; Nafarroan NaBai2011 barruan lortutako emaitzak garrantzitsuak baziren ere, GeroaBai ez dute hustu, beraz bere benetako pisua zein den ikusteke dago.
Erabakia beraz, Aralarrek esaten zuen bezala, zirt edo zart egitea zen. Ezker Abertzalea, EA eta Alternatibarekin batera “bloke historikoa” sortzea edo oraindik planteamendu propioa helarazteko gai den indar txikia. Nire ustez, zorionez, lehenengoak irabazi du.
Aralarrek, baina, ez du erakarri uste zitekeen indarra. Amaiurrek ez ditu lortu Bilduk+Aralarrek izandako botoak. Ebidentea da Bildu bakarrik aurkeztuta botoak ere galduko zituela, baina Aralarren aportazioa kuantitatiboa ez da izan sekulakoa.
Bestetik Nafarroan, GeroaBairi buruzko artikuluan aipatu nuen bezala, ez du lortu bere jarraitzaile guztiek Amaiur bozkatzea. Bertako eztabaidan argi uzten zen bezala, urteetan “rollo txar” asko sortu dira HB eta Aralarren artean, eta hori nabaritzen da oraindik elkartzeko aukeratan. Ziurrenik bi aldetatik egongo dira gaizki-ikusiak, eta horiek garaitzea da, beraz, prioritateetako bat. Nahi bada, Aralar eta Batasunak “relato compartido” horietako bat egin beharko dute, euren buruaren inguruan.
Aralarrek bere bidea ondo markatzen badu, indar garrantzitsua izan daiteke Gasteizko Parlamentuan, orain gauzak ondo egin eta etorkizuneko Amaiur (edo Bildu) koalizioan ere indar hori ordezkatzea eskatu. Barne negoziazioetan inor ez bada itotzen, Ezenarroren beldurra ere albo batera gera daiteke. Aralarrek bere parte-hartzea, prioritateak eta diskurtsoa finduz gero sintonia handia lor daiteke kideen artean. Horretarako, noski, NaBai2011 bezalako proiektuaren etorkizuna zein den argitu behar du. Eta horretan ere erabaki zailak hartu beharko dituzte, noski.
5 hilabete betetzen ziren hauteskunde egunean Bilduk aurrekoak irabazi zituenetik. Denbora horretan eraso ugari jaso ditu, batez ere Noticias Taldetik. PNVrekin zuen konfrontazioan, bere artikuluan aipatu nuen bezala, ezin zaio milimetro bateko tartea ere utzi.
Hala ere emaitzak borobilak izan dira. Ez du botorik galdu, Gipuzkoan gehitu du eta, garrantzitsuagoa dena, Donostian ere Odon garaitzea lortu dute. Honek egindako kudeaketaren lehen erreferendumtzat har daiteke, irakurketak irakurketa.
Hala ere ez da guztia txeke zuria. Hurrengo urtean ere demostratu beharko du zer egiteko gai den, eta bere bozkatzaileen talde handi batek “aldaketa” bidean dela antzeman behr du. Bestela horiek galduko ditu, zaila izango delako 3. aldiz “politika egiteko beste modu bat” saltzea.
Diskurtso ona egiten badu, bere nortasuna indartzen badu eta Bilduren barruan zein Amaiurren baitan eragiteko gaitasuna baldin badu botoak igotzeaz gain erreferentzialtasuna irabaziko du eta, horrek, indar banaketaren baitan ere eragina izango du etorkizunean.
Alternatiba da, nolabait, “suminduen” eta indarra hartu duten Equo bezalako alderdientzat Amaiurrek erabili behar duen zubia.
Momentuz bere indarrak ondo eraman ditu egindako biraketa estrategikoan. Kanpainan zehar egon dira “irredentoen” ahots batzuk abstentzioa eskatu dutenak. Beti daude dudak pentsamolde honek, traidoreak leku guztietan ikusten duenak, izango duen indarraren inguruan. Baina denobrak badirudi arrazoia eman diola Ezker Abertzalearen estrategia berriari, eta hori azaltzkeo datu batzuk ere badaude: orokorrean Ezker Abertzaleak sostengu handia izan duen herrietan Amaiurrek ez du izan Bilduk edo bere garaian HBk zuena baino gutxiago, gehiago baizik. Beraz ez da boto gehiegi joan abstentziora bereziki “erradikalenak” bizi daitezkeen lekuetan. Bigarren datu esanguratsu bat da Espainiar Estatuan kartzelan dauden preso politikoen %91ak bozka eskubidea eraibili duela. %9 horren artean bozka eskubidea legez kendua dutenak daude. Hau da, presoen artean bozketa ia-ia osoa izan da. Abstentziora joaten ez bada, kolektibo honek Amaiur bozkatu duela aurresan daiteke. Arazo hori gaindituta, hurrengo hilabeteetan bere jende fidela baino, konfidantza eman diotenak ez galtzeko ahalegin berezia egin beharko du.
Bestetik ildo instituzionalean ez galtzeko bideak ere ireki beharko ditu. Orain gobernuan dago leku askotan, baina horrek ez du kendu behar orain arte egindako bidea. Bestela indarra galduko du ere bere fidelen artean. Hau nik baino askoz hobe azaldu zuen Katu Arkonadak Garan idatzitako artikuluan. Bertan esandako gehienarekin ados nagoenez, ez dut gehiago sakonduko ideia horretan.
Ezker Abertzaleak “saltzeko” duen gai nagusia “Prozesu Demokratikoa” deitu dutena da. Guztien artean egin behar dela aldarrikatu arren, bere gainean hartzen du zamarik handiena. Nazioartkeo sinisgarritasuna irabazi du, baita Euskal Herriko gehiengoarena ere, baina oraindik “etsaiak arerio” bilakatu beharko ditu eta PPren gobernu berria Prozesu horretan sartu beharko du. Horretarako herri sektoreak aktibatu eta indarrak biltzen jarraitu beharko du. Azken urte honetan metatutako guztiak garrantzia du, baina sektore berriak erakartzea nahitaezkoa da. Termometro ona izango da presoen eskubideen alde Urtarrilaren 7an egingo den manifestaldia, denbora berri honetan mobilizazioak ere lekua duela erakusteko. Gainera Rajoyren gobernuak aurkituko duen lehen gatazka larria izango da.
Prozesua usteltzea zailagoa da, orain, Arnaldo Otegik dioen bezala denbora bere alde dagoelako. Baina horrek ez du esan nahi PPk presa eduki behar duenik. Egia da geroz eta beranduago heldu, orduan eta indar ghieago bilduko dituela Ezker Abertzaleak bere proiektuetan, baita Bildu eta Amaiurren inguruan ere. Baina horretarako denbora zure alde jartzeaz gain, indarra egin eta nerbioak ez galtzeko bideak jarri beharko dira. Gerra psikologikoa da orain datorrena, inoiz etorriko ez diren mugimenduen esperoarena. Baliteke ere alde batetik lasaitzen den bitartean (demagun Sorturen legalizazioa) beste batzuetatik kontrakoa egingo dela (preso batzuen egoera konplikatzea, exenpluzko epaiketak egin…). Guzti hori bere alde jartzea Ezker Abertzalearen lana da, Gernikako Akordioan dituen bidailagunekin batera, noski.
Orokorrean, beraz, bakoitzak dituen barne tentsioak gainditu beharko ditu, eta kide bakoitzak besteekin izan ditzakeenak, hazten jarraitzeko. Izan ere ez dut uste Amaiurrek jada zapaia jo duenik. Oraindik ere hazteko aukera dago, eta EAEko lehen indarra izateko. Horretarako aktore guztiek ondo egin beharko dituzte gauzak kanpora begira, noski, eta Gipuzkoa izango da horren erakusgarri nagusia, baita Ezker Abertzaleak sinisgarritasunaren batailan egiten dituen hurrengo ekimenak ere. Bidea, hala ere, besteek baino malkar gutxiago du, egoera politiko berrian besteak baino kokapen hobearekin hasi delako… azken finean sektore honek sortu du egoera berria.
Galder González (zuzeu.com)
No hay comentarios:
Publicar un comentario