domingo, 11 de enero de 2009

UXUE IZENAREN JATORRIA

Ez da gaur egungoa artzaina eta usoaren arteko pasadizoa. Aditu askok eman dute jakitera aspalditik. Beste inork baino lehenago agian, José Moret idazle nafarrak Anales del Reino de Navarra zeritzan idazlanean: Y para memoria ....de la paloma que descubrió la rama de oliva ...tomó el nombre de Usua, que en el idioma vascongado vale lo mismo que paloma, y se llama Santa María de Usua, aunque con el tiempo se ha alterado algún tanto, y se llama Ujué. Los antiguos privilegios Usua le llaman.
Duela zenbait egun aipatu genuen Antonio Zavala idazle hil berriak ere idatzi zuen Uxueko herriaz. Hona hemen 1998 urtean argitaratu zuen artikulua. Euskera batuaren arauen aldekoa ez zenez, berak idatzitakoa bere horretan utzi dugu, gipuzkeraz alegia.
San Martin de Unx erritik gora artu det gaurkoan, Urte Berri egun ontan. Mendi legorrak dira onako auek. Txokoetan, berdetzen asiak, gari-soroak. Bai maastiak ere.
Maldetan, arte-sastrakak. Tarteka, almendro-sailak. Zenbat eta gorago, ainbat eta zabalagoak bistak.

Mendi-lepo batean, arrizko gurutze eder bat. La Cruz del Saludo esaten diote. Emendik ikusten da leenengo aldiz Uxueko santutegia.

Ala, aurrean, kilometro ta erdira, tontor baten gaiñean, Uxueko erria eta eliza ditut, arratsaldeko eguzkiak argi egiten diela. Kotxetik jetxi eta ara bitartean, emengo leiendari berritu bat emateko ainbat denbora badet.

Orain eunka urte asko dirala, mutil bat ardi zai zebillen mendi ontan. Alako batez uso bat ikusi zuan, arkaitz- tarte batean bein eta berriro sartzen zana. Arri bat tira zion. Usoa izutu, egan egin eta ostera arkaitz-tarte artara etorri zan. Mutillak beste arri bat tira . Bai usoak ere egan saio bat egin eta betiko tokira jetxi.

Arritu egin zan artzaia. Zer ote zuan an egazti arek? Arkaitzetan gora abiatu zan bera, koba-zulo batean sartu, eta an zer arkituko eta Ama Birjiñaren irudi eder bat, aren oiñetan usoa geldi-geldirik zegoala.

Korrika abiatu zan mutilla, La Blanca izeneko errikoa zan bera eta ara, erritarrei berri on ura ematera.

Artzaiari entzundakoan, talde aundia etorri zan, eta Ama Birjiña an ikusi zuten, artean ere usoa aren oiñetan zala, jendearengatik batere izutu gabe.

Batzuek onela esan zuten:

Zeruko Ama eta Erregiña ez dago ondo toki zakar ontan. Errira eraman dezagun, gure zaindaria izan dedin.

Baiña beste batzuek:

Ez, begirune geiago zor zaio. Ez dezagun bera gu bizi geran errira eraman, baizik-eta etorri gaitezen gu berak aukeratu duan lekura.

Iritzi au nagusitu zan. Beren erria ustu eta onera etorri ziran. Arkaitz baldar aiek bota, tontorra zelaitu eta eliza antxe altxatu zuten, beren etxeak inguruan zirala.

Baiña santutegi eta erri oni zer izen jarri? Ez al zan uso bat izan artzaiaren jakin-miña piztu zuana? Uxue, beraz, garai aietan alderdi auetan euskeraz egiten zanez, gaur izkuntzaren aldaketarekin Ujué esaten bazaio ere.

Agerpenaren berria bereala zabaldu zan Naparroan eta erromesak andik eta emendik etortzen asi ziran.

Gaur ere, mendi onen jiran dauden erriak urtero igotzen dira onera udaberrian. Erromeri ikusgarria Tafallako erriak apirillaren azken igandez egiten duana, gizonezkoak beltzez jantzirik eta gurutze astun bana bizkarrean dutela.

Naparroako errege zaarrak ere oso maitea izan zuten Ama Birjin au. Karlos II-ak, adibidez, ara zer testamentu egin zuan: bere gorputza Iruñeko katedralean utzi zezatela; erraiak Orreagan; eta biotza Uxuen. Emen dago gaur egunean ere, aldare nagusiaren paretan, kristalezko kutxa batean, idazki onekin: “Aquí yace el corazón de Carlos II, Rey de Navarra. Año 1386”.

Emengo miraririk ezagutuena Gonzalo Bustos zaldunarena da. Bera zan Larako zazpi infante doakabeen aita. Itxutu egin zan, eta medikuen aalegiñak alperrik.

Ala, santutegi onen otsak entzun eta Gaztelatik onera etorri zan. Cruz del Saludo ortara iritxitakoan, Uxue bistan zala adierazi zioten lagunak. Orduan Gonzalo jauna zaldi gaiñetik jetxi, belauniko jarri eta belaunekin ibiliz bete zuen falta zan bidea. Odola zeriola iritxi zan. Begien argia eskatu zion Ama Birjiñari, eta orra beraren irudia bat-batean aurrez aurre ikusi.

Elizaraiño iritxi naiz. Sarrera dotorea du, arrian egindako irudiez ongi ornituta; eta oietako batzuek maats-mordoak, maatsondo-ostoak eta maasti-lanetan ari diran nekazariak agertzen dizkigute.

Barruan, aldare nagusian, Ama Birjiñaren irudia, ederra benetan. Otoitz-leku egokiak Erdi Aroko arrizko eliza auek. Zenbat errezo egin ote dira emen mendez mende eta gizaldiz gizaldi?

Kanporakoan, bistak ikusiz begiei gozatu bat eman. Iparraldean, Elomendi, Izaga eta Arangoiti mendiak. Pirineoko tontor zuriak ederki ikusten dira emendik, eguraldi garbia dagoanean; baiña alde ori illun dago gaur. Egoaldea, berriz, oso argi. An ikusten da Erriberako zabaldegi oparoa, atzean Ebroz arunzko mendiak dirala.

Uxuetarrak ez dute aaztu beren aurrekoak La Blanca errian biziak zirala. Ala, urtero ara joaten dira erromerian, guraso zaar aien alde otoitz egitera eta eguna alkarrekin pasatzera.

Ni ere aruntz nijoa, Murillo el Fruto errira dijoan kamioan aurrera. Sei bat kilometrora, orra ermita xaar bat. Auxe omen da antziñako erri ura izan zan tokia. Arri-pillak an eta emen, etxeak ziran lekuetan.

Bitartean, eguzkia izkutatu egin da, eta odol-kolorea artu du zeruak. Onen aurrean Moncayo mendia ageri da, aundi eta beltz, erraldoi baten gisan bere burua gora altxatuz.

1998-3-22
Antonio Zavala (Oiñez eta jakin miñez II)


No hay comentarios: