jueves, 15 de enero de 2009

OSASUNBIDEAREN EGOERA LARRITU EGIN DA, ETA MEDIKUAK ALDE EGITEN ARI DIRA


Nafarroako osasunak garai batean izan zuen ospea pixkana apaltzen ari da. Azken hilabeteetan, halaber, Osasunbideko egoerak okerra egin du. Beste toki askotan bezala, mediku gabezia dago, baina Nafarroan ez da hori arazo bakarra: lan baldintza «txarrak» direla eta, medikuek alde egiten dute, sindikatuek eta Nafarroako Medikuen Eskolak ohartarazi dutenez. 2008ko irailetik abendura arte, esaterako, 66 mediku joan ziren foru erkidegotik, gehienak Osasunbidetik. Besteak beste, Hegoaldeko beste herrialdetara eta Errioxara eta Aragoira (Espainia) dihoaz Nafarroako medikuak.
Sindikatuen arabera, lan baldintza «txarrek» uxatzen dituzte medikuak Nafarroatik. «Egoera oso larria da, eta oro har da larria, ez bakarrik lehen arreta zerbitzuan», esplikatu du LAB sindikatuko osasun arduradun Txaro Otsandorenak. Aldiz, beste batzuek uste dute -Nafarroako Gobernuak, esaterako- mediku eskasiaren arrazoiak beste batzuk direla; populazioaren zahartzea, espezializazioaren hedatzea... Izan ere, Nafarroan osasun publikoa jasotzeko eskubidea duten pertsonak %22 gehiago dira hamar urtetik hona. Ordea, sindikatu eta Gobernua bat datoz gauza batean: egoerak okerrera eginen du.
Edozein moduz, Nafarroako Osasun kontseilari Maria Kutzek ez du uste medikuen lan baldintzak txarrak direnik. Medikurik ez badago, besteak beste da unibertsitateetan Medikuntza egiteko nota «onegiak» eskatzen dituztelako, Kutzen iritziz.
Lan baldintza «txarrak» salatzeko mobilizazio aunitz egin ondoren, iazko martxoaren 3an hitzarmena sinatu zuten sindikatuek eta Gobernuak. Nolanahi ere, horrekin ez dela nahikoa uste dute sindikatuek. «Hitzarmen ona da, baina garatu egin behar da, eta neurri gehiago hartu», aipatu du Altsasuko osasun etxean erizain den Otsandorenak. Hitzarmen hari esker, lehen arreta zerbitzuko guardiak ospitaleetan egiten dituztenen maila berean jarri zituzten.
Hitzarmenaren jarraipena egiteko, sindikatuak Administrazioarekin biltzekotan ziren irailean, baina Gobernuak atzeratu egin zuen hitzordua. Nafarroako Administrazioko langileek 2008ko lan hitzarmena sinatzeko aukerarik izan ez zutela salatzeko lanuztea egin zuten egunean, hain justu, deitu zuen Osasun Departamentuak bilera, iragan azaroan. Ondorioz, oraindik ere Gobernuarekin biltzeko zain daude sindikatuak.
Dena dela, UPNren gobernuak azken hilabeteotan hainbat neurri iragarri ditu; sindikatu eta medikuen gustukoak ez dira izan, ordea. Hasteko, Argentinatik ekarri nahi dituzte medikuak. «Beste erkidego batzuetara Europako medikuak joaten ari dira, baina hemen hizkuntza bera hitz egitearen abantaila kontuan hartu dugu», esan du Kutzek. Era berean, hiru hilabeteko ikastaroaren bidez, mediku formakuntza duten profesionalak birziklatu nahi ditu Osasun Departamentuak.
Otsandorenaren ustez, arazoaren gakoa da hemengo medikuak ez daudela prest lan baldintzak horiek onartzeko. «Oposaketetara lanpostuen kopuruaren hirukoitza aurkezten dira, beraz, nahiz eta gero eta mediku gutxiago egon, oraindik badaude; gertatzen da lan baldintza horiekin ez dutela lan egin nahi».
Sindikatuek Gobernuari egozten diote dirua «gaizki» kudeatzea. Nafarroako Gobernuak osasun pribatura geroz eta maizago bideratzen ditu gaixoak eta medikuen ordu osagarriak gehiago eta hobeto ordaintzen ditu.
Oposaketak ere eginen ditu aurten Gobernuak. 307 lanpostu eskainiko dituzte lehen arreta zerbitzuan eta espezializazioetan. Alabaina, sindikatuen ustez, lanpostu horiek «ez dira aski».
Iaz, halaber, landa eremuetako larrialdiak betetzeko 122 medikurendako oposaketak egin zituzten. «Hauteskundeen aurretik hartutako neurri bat izan zen, adabaki bat», Otsandorenaren ustez. Hil honen amaieran hartuko dute kargua, baina beste lanpostu batzuk hutsik utziko dituztela uste du LABekoak. Arazoa, bada, «ez da konponduko».
Baztanera, esaterako, bost mediku joatea dago aurreikusia. Izan ere, orain arte, lanpostu horiek ez dira bete. Aurreko hilabetean alde hartako Osasun zuzendari Maria Rosario Eskuaz kargua uzteko zorian egon zen, lan baldintza txarrak zirela eta. «Lanaldi amaigabeak egiten genituen». Orain «hobeki» daudela dio, eta heldu den hilabetetik aurrera «gauzak hobetuko» direla uste du, egun bete gabe dauden bost lanpostu beteko dituzte eta.
Haien «kezka» ez dela desagertuko gehitu du Elkuazek. «Lanpostu berriak beteta ere, ordezkapenik ez dugu izanen». Izan ere, zuzendariaren iritziz, arazoa «egiturazkoa» da. «Ezin da zerbitzu bera eskaini langileak falta baldin badira, planifikazioa aldatu behar da», adierazi du Baztango medikuak
Berria

No hay comentarios: