lunes, 12 de marzo de 2012

YOLANDA BARCINA, ESKERRIK ASKO

Eskerrik asko, bai, Lehendakari andrea zure eskuzabaltasunagatik, eta gauza bera esaten diet Roberto Jimenez (eskertiar sozialista handia), Jose Iribas, Juan Luis Sanchez de Muniain eta gaur egun Nafarroa Garaian ditugun aurrekontuen alde bozkatu zuten parlamentari jaun-andre guztiei. Izan ere, 2012-01-31n jaso bainuen gutun bat, Gazteria, Kirol, Berdintasun eta Gizarte Politikako Departamentutik -Concepción Puyo Gracia zuzendari gerenteak eta Elena Torres Miranda kontseilariak sinatua- esten duena, 2012an 162 euro emanen dizkidatela hileko, nire menpekotasun handiaren egoeragatik, laguntza moduan.


Jarraitu baino lehen, eta ezagutzen ez nautenentzat, esanen dut gurpil-aulkian mugitzen naizela, %94ko elbarritasun maila dudala eta menpekotasun maila ere oso handia, laburbilduz azalduko dut, gaur egun, beste pertsona baten laguntza behar dudala oheratzeko, jaiki-tzeko, jantzeko, eranzteko, bainugelako betebeharrak egiteko, etxetik ateratzeko eta etxera sartzeko, ohatzean mugitzeko, oinak lurretik pedaletara altxatzeko, eta abar, eta abarrerako. Hala eta guztiz ere, Nafarroako eta Espainiako Gobernuko agintariek (edota beren ordezkariek) diote nik ez dudala beste pertsona baten laguntzaren premiarik, eta horregatik ematen didate emanten didaten diru-laguntza kopuru ziztrin hori, hau da, Estatuak 70,7 euro Nafarroa Garaiak 91,3 euro hilean; haiek beraiek diote nik ez dudala "elbarritasun handia" katalogatzen duten izendapen hori, eta horregatik jokatzen ari dira ari diren moduan.


Bitartean, iritzi publikoak jakin beharra dauka, 2011n erakunde berberek ematen zizkidatela 227,5 euro hutsal hileko. Beraz, aurten emanen dizkidate 65,5 euro gutxiago hilean, ehunekotan esan nahi duena, %28 pasatxo gutxiago. Kontuan hartuta pertsonak egunero jaiki eta oheratu behar duela -gainerako beharrak aipatu gabe-, matematika eragiketa erraz batzuk eginda ateratzen da, jasotzen dudan diru horrekin, 2,7 euro ditudala pertsona laguntzaileari ordaintzeko orduko. Eta orain galdera bat: Barcina, Iribas eta Sanchez de Muniain jaun-andre txit gorenek (hauek aipatzen ditut bereziki, hirurek ezagutzen nautelako pertsonalki) eginen al lukete lan duinen bat egunero-egunero soldata horren truke? Lasai, jaun-andre "errespetagarri" horiek ez dute molestatu behar erantzuten, zeren eta beren eguneroko jardunarekin arrunt ongi frogatzen baitigute, ametsetan edota erotuta ere, inolaz ere ez luketela eginen lanik diru kopuru kaxkar horren truke; Barcinak eta enparauek oso-oso ongi erakutsi baitigute, beren soldatak asko goratuz "jaisten" dituztela.


Zer lotsa gutxi duten pertsona batzuek, gero gizarte aurrean ager-tzeko hedabide guztietan santu moduan!, ikusi, bestela, nola bukatu duten niri iritsi zaidan eskutitza, alegia, "Ikusi ahal duzunez, Foru Erkidegoaren engaiamendua sendoa da, Menpekotasun Legea bete-tzeko momentuan, eta horrek, gainera, ahalegin ekonomiko izugarri handia ekarri dio". Azal gogorra behar da gero! Gainerako guztiok itsu, gor eta mutuak bagina ere!


Beno, ba, lotsa gutxiko jaun-andre horiek jakin dezatela, hementxe itxoiten diedala egunero-egunero, etxeko logelan, lagun diezadaten oheratzen, jaikitzen, jantzen, e.a. A!, eta egiten badute merkeago, hainbat hobeki! Orduan frogatuko bailukete ekonomista onak direla, eta ez orain bezala, aprobetxategi bikainak.
Xanti Begiristain Madotz

No hay comentarios: