Euskal Herriko zazpi lurraldeetako herriak oinarri hartzen dituen lehen turismo webgunea martxan jarri da gaur. Euskal Herrian Ihesi izena du eta ihesi.com helbidean kontsulta daiteke. Non jan dezaket Santurtzin? Zer ikusi behar nuke Tuteran? Non egin dezaket lo Ezpeletan? Eta Bergaran banago zerbait bereziki ikustea gomendatzen al dute? Euskal Herrian bidaiatzen dugunean sortzen zaizkigun eguneroko galderei erantzuna eman nahi die webguneak eta horretarako, erabiltzaileen proposamenetan oinarritzen da osoki.
Webgunea euskaraz da osorik eta bertako eduki guztia Creative Commons lizentzia jarraituz erabil daiteke.
Informazioa lurraldeka eta zonaldeka sailkatuta dago. Behin bila zabiltzan herriaren fitxan sartuta, herriari buruzko informazio orokorra, argazkiak, eta informazio baliagarria topatuko du erabiltzaileak, adibidez, zenbat biztanle dituen, noiz sortu zen, udaleko webgunea edo herriko festak noiz diren.
Horren ondoren, erabiltzaileek egindako gomendioentzat lekua dago herri guztietan. Gomendioak taldeka sailkatuta daude (jatetxeak, tabernak, parranda egiteko lekuak, monumentuak, museoak, hotelak, ostatuak, inguruetan ikusteko lekuak...) eta webgunearen helburua Euskal Herriko herri eta hiri guztiei buruzko informazio praktikoa biltzea da. Hala, sarean kontsultak egiteko plataforma jarri nahi da, baita ingurukoei norberak ezagutzen dituen gomendio onak emateko ere balioko lukeena.
Webgunea guztiz doan da eta nahiz eta ez den erregistratu behar hau kontsultatzeko, erabiltzaileek erregistratu egin behar dute proposamenak egin edo bozkatzeko.
Publizitatea euro batetik aurrera
Ihesi.com webgunearen berrikuntzetako bat, publizitatea jartzeko bere sistema berritzailean aurkitzen da. Erabiltzaileek beren bannerrak, euro batetik aurrera saretik bertatik inorekin harremanetan jarri beharrik gabe igo ahal izango dituzte. Iragarleak hautatu beharko du zein orritan nahi duen bannerra erakutsi, zein tamainakoa jarri nahi duen, eta zenbat egunez erakutsi nahi duen. Txartelarekin momentuan ordainduta unean bertan igotzen da bannerra.
Webgunea ARGIAren proiektua da eta sei hilabete baino gehiago egin ditu honetan lanean. Jendeak parte hartuko duela sinisten dugulako egin dute webgunea, adierazi dutenez.
ARGIA
No hay comentarios:
Publicar un comentario