lunes, 26 de marzo de 2012

LARUNBATEAN JOKATUKO DA LEITZAN BARDOAK 2012KO FINALA

Urtarrilaren 27an abiatu zen Bardoak 2012, hamazazpi talderekin, ehundik gora parte-hartzailerekin. Orain artean 23 saio izan ditu Nafarroako taldekako bertso txapelketak eta Leitzako finalak borobilduko du talde guztiek egin duten lan bikaina. Beste behin ere, hitzordu hori bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izanen da.

Nafarroako taldekako txapelketak bigarren fasea amaituta, dagoeneko erabakita gelditu da zein hiru taldek jokatuko duten martxoaren 31n Leitzako pilotalekuan eginen den finala. Lesakako Rimak Exkaxkok, Oronoz-Malerrekako Erauntsik eta Etxarri Aranazko Bilixkorrikok lortu dute sailkatzea, hortaz hiru talde horiek izanen dira finalean.
Dagoeneko salgai dira martxoaren 31n Leitzan eginen den Bardoak 2012ko finalerako sarrerak. Egun horretan finalera ailegatu diren hiru taldeak –Erauntsi, Rimak Exkaxko eta Bilixkorriko- arituko dira taula gainean, bederatzi bertsolari osotara. Saioa herriko pilotalekuan eginen da, arratsaldeko 17etan. Horren ostean, triki poteo bat eginen da herrian barna. Eguna amaitzeko, herri afaria izanen da Leitzako eskoletan.

Bertsosarrerak.eu webgunean daude salgai. Horrez gain, Iruñeko Karrikiri dendan, Etxarriko Xapatero ostatuan, Leitzako Maimur liburudendan, Elizondoko Fantxiken eta Lesakako okindegian ere erosten ahal dira.
Bi sarrera mota dago salgai: saiorako, 15 eurotan; eta saioa eta ondorengo afarirako, 30 eurotan. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek prezio bereziak dituzte: saiorako, 12 eurotan; eta saioa eta afarirako, 27 eurotan.
Saiorako zein afarirako txartelen kopurua mugatua da, hortaz horiek gabe gelditu nahi ez duenak hobe du lehenbailehen hartzea. Finalaren eta ondorengo ekitaldien inguruko xehetasun guztiak bardoak.com web gunean aurkituko dituzte bertsozaleek.
bardoak2012.jpg

No hay comentarios: