Datorren larunbatean ospatuko den Euskararen Egunarekin bat eginez, Euskararen jatorria: Enigma europar bat dokumentala estreinatuko du ETB-1ek asteazken honetan, 22:50ean.
Euskaldunon iruditeria edo imaginarioan txertatutako galdera desberdin askori erantzun nahi dien dokumentala da Hasier Etxeberriak zuzendu duen hau. Zer dakigu euskaldunok gure hizkuntzaren jatorriari eta ahaideei buruz? Zergatik gustatzen zaigu esatea Europako hizkuntza zaharrenetakoa dela? Zergatik da hizkuntza isolatua? Zenbat hizkuntza daude euskararen egoera berdinean?... Munduko hizkuntzalari eta aditu handienetakoek erantzuten diete galdera hauei, Hawai , Paris edo Municheko unibertsitateetatik eta, zer esanik ez, Euskal Herri bertatik ere bai.
Noiztik hitz egiten dugu euskaraz? Nola iritsi da bizirik gaur egunera arte? Egia ote da zerikusia dugula kaukasiarrekin? Iberiarrekin? Berebereekin? Zeltekin?... Hizkuntza kontuak ez ezik, genetikarenak ere agertuko dira, euskal DNA leinuek Britainiar irletarainoko bidaia nola egin zuten ikusteko, azken izotzaldia eta gero...
Azken finean, euskaldunok belaunaldiz belaunaldi hitzetik hortzera darabiltzagun gaien berri eman nahi die dokumental honek euskaldunei ez ezik, baita eta europar orori ere, egia esan behar bada Euskara benetako enigma europar bat da eta.
eitb.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario