martes, 17 de marzo de 2009

HELDU DEN LARUNBATEAN JOKATUKO DA ELIZONDON NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETAREN FINALA



Dagoeneko azken txanpan sartu da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa, finala besterik ez dugu falta. Azken urteotan bezala, Elizondoko Lur aretoan izanen da finala, martxoaren 21ean, arratsaldeko 17:00etan hasita. Sarrerak 10 eurotan dira Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, eta 15 euro gainerakoentzat (16 urtetik beherakoentzat ere, 10 euro). Sarrerak aldez aurretik erosten ahal dira Nafarroako Bertsozale Elkartean eta Karridendan (Xabier karrika, 4. Iruñea). Sarreren erreserbak egiteko: 948143747 telefonoa edo nafarroakotxapelketa@bertsozale.com.
Honako hauek dira zortzi finalistak:
Jon Barberena, Elizondon jaioa, 1979. urtean. Erratzun bizi da gaur egun. Bertsotan bere kasa ikasia, Lesakako Bertso Txapelketan hasi zen serioago. Azken txapelketetan ohiko finalista bihurtu da; 2007an eta 2008an txapeldunorde izandakoa. Heziketa fisikoko irakaslea da lanbidez
Erika Lagoma 1981ean jaio zen Lesakan. Gazterik hasi zen Bortzirietako bertso eskolan. Bi aldiz izan da Nafarroako eskolarteko txapeldun. Salamancan Hispaniar Filologiako ikasketak burutu ondotik 2004an hartu zuen parte lehen aldiz Nafarroako Txapelketan. 2006, 2007 eta 2008ko finaletan izan da, azken bietan laugarren postua eskuratuz.
Ander Fuentes "Itturri" 1979. urtean jaiotako zubietarra. Lanbidez irakaslea da. 2006an bertsotan hasi eta 2009koa bere bigarren parte-hartzea da Nafarroako Txapelketan.
Julio Soto Iruñeko bertsolari gazte gorritiarra, 1987. urtean sortua. Iruñeko bertso eskolan trebatua, Eskolarteko Txapeldun izan zen 2003, 2004 eta 2005ean. 2006an finalean sartzea lortu zuen eta 2008an hirugarren postua lortu zuen. Euskal filologia ikasten ari da.
Iñigo Olaetxea Altzugarai Lesakan 1975. urtean jaioa da bertsolari eskarmentudun hau. Lesakako eskolan egindako bertsolaria da eta Nafarroako Txapelketako ohiko finalistetakoa da. 2007an hirugarren postua lortu zuen Txapelketan. Garraiolaria da lanbidez.
Xabier Silveira Etxeberria 1975. urtean jaio zen lesakarra. Nafarroako txapeldun izan da bost aldiz, azkena 2007. urtean. Tabernaria da lanbidez eta prentsan kolaborazioak egiten ditu.
Julen Zelaieta Iriarte. Gazterik hasi zen bertsotan 1980. urtean jaiotako beratarra. Ikasketaz haur hezitzailea, 1999an hartu zuen parte lehenengoz Nafarroako Txapelketan. 2005ean eta 2006an hirugarren izan zen, 2007an bosgarren eta 2008an txapela eskuratu zuen, Elizondon.
Xabier Legarreta "Arano" Aranon sortu zen, 1977. urtean. Lanbidez igeltseroa da. Hernaniko Bertso Eskolan trebatu zen. Nafarroako Txapelketan ohiko finalista izan da eta 2000. urtean txapeldunordea izan zen.

No hay comentarios: