jueves, 28 de marzo de 2013

APIRILAREN 21.EAN "EUSKARA HERRIA JOSTEN" JAIA BILATORTAN. ZERGATIK?


Aurreko urteetan Artaxoan (2010), Mendigorrian (2011) eta Larragan (2012)Euskararen Ofizialtasunaren aldeko eta Nafarroako zonifikazioa bertan behera uzteko aldarriarekin jai bana antolatu ziren. Jai hauetan auzo eta herri guztientzako euskara ikasteko eskubidea eskatzen zen.
Zentzu horretan, aipatu hiru herri horiek erabat eredugarriak dira. Hirurak delako eremu euskaldunetik at egonik, euskaraz ikasi nahi dutenek aukera bakarra dute, haien herrietako eskolak alde batera utzi eta hizkuntza exodoari batu Garesera joanez. Horrela Garesko eskola publikoan, adibidez, 2013/2014 ikasturteko haurren matrikulazio berrietan, D ereduan %42a Gareskoa ez denean, beste hizkuntza ereduetan aldiz %22a ez da herrikoa, ikusi Euskara Zerbitzuaren balorazioa. Aldea oso nabaria da eta hizkuntza exodoaren ondorio. Zenbat familiek uko egin diote haien haurrek euskaraz ikasteari exodo horrek sortzen dituen errepidea egunero hartzearen arriskuengatik, gastuengatik eta maite duten herritik at ez ikastearren?

Aurten baina, jaia Izarbeibarretik Lizarraldera mugitu da eta Bilatortan ospatuko. Bilatorta ere, Lizarratik 4 kilometro eskasera, Eremu Mistotik at daukagu. Bitxia bada ere, zonifikazioaren zentzugabekeria aldarrikatuz bezala, ondoan dagoen Arandigoien herriko haurrek badute euskaraz ikasteko eskubidea: Arandigoiengo erdigunetik Bilatortaren sarreraraino 429 metro daude. Metro horiek erabakitzen dute zure haurrak euskaraz ikasteko eskubidea duen ala ez.

2011/2012 ikasturteko Lizarrako euskal eskolen ikasleen jatorriaren datuak bildu ziren. Remontibal eskola eta Ikastola haurren euskara ikasteko aukera bakarrak dira inguruan. Horrela Remontibalen (eskola publikoa) ikasten duten haur guztien %62a ez zen Lizarrakoa eta D ereduko haur guztien %48,8a Eremu ez-euskaldunekoa zen. Ikastolan ere, ikasleen %41a ez zen Lizarrakoa eta %31 Eremu ez-euskaldunekoa zen. Egia da Lizarrako eskolak kontzentrazio eskolak direla eta hortaz herri askori ematen diotela zerbitzu, baina ezin ukatu ere zonifikazioaren traben ondorioz hizkuntza exodo handia ematen dela Lizarrara. Egoera esanguratsuak dira baita ere, Abartzuza eta Lezaun herriena. Berezko herri-eskola publikoak izan arren eta Eremu Mistoan izanik ere, Nafarroako Gobernuak ez die ahalbidetzen D eredua eskaintzen.
Gaurko sarrerarekin amaitzeko, ingelesezko ereduaren ezartzeko Nafarroako Gobernutik Garesera joandako ordezkari batek bertan azaldua gogora ekarri nahi dut, Garesko Auzalanen argitaratua: PAI ingelesezko eredua Garesen ezarriko da, besteren artean, Departamentuko arduradunek sentsibilitatea” dutelako Zizurrera ingelesa eredura joan behar duten haurrekin. Arras sentsibilitate falta handia erakutsi zuten Mendigorria edo Artaxoako gurasoen aurrean. Sentsibilitate horren ondorio, agian, datorren ikasturtean eredu hori bera ezarriko da Bilatortako eskolan.

Horregatik bakarrik bada ere, euskaldun eta euskaltzale oro jaira deitua dago. Datozen egunotan jai honen inguruko albiste gehiago izanen dira.
izarbeibar.wordpress.com

No hay comentarios: