Euskal Herria Esnearen inguruan sortutako aferaren inguruan,
Kontseiluak, zera adierazi nahi du: Alde batetik, Euskal Herria Esnea
Kooperatibaren erabakia txalotu eta babesa adierazi nahi die eta
bestetik, euren aurka egindako salaketa maltzurra salatu nahi du.
Euskal
Herrian produktu bat bertako hizkuntzan etiketatzeagatik salatzea.
Ulergaitza ez ezik onartezina ere bada. Hizkuntza eskubideen inguruko
deklarazioek etiketajea bertako hizkuntzan egitea babesten dute; hortaz,
herritarren hizkuntza-eskubideen aurka egiten du hori horrela egiten ez
duenak eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak babesteko borondatea duen
kooperatibaren kontra egiten duenak ere.
Plataforma per la Llengua
erakundeak egindako azterketa batek, agerian utzi zuen gaztelania
erabiltzea ezartzen duten 500 lege daudela. Eta zehazki produktuen
etiketatzeari dagokionean, 200 arau daude gaztelaniaz etiketatzea
arautzen dutenak. Gaztelania bat ere konplexurik gabe ezartzen den
bitartean, ez dago euskara hutsez etiketatzeko aukerarik? EAEren kasuan,
gainera, legeak berak babestu egiten du euskaraz zein gaztelaniaz
etiketatzea.
Asko gara euskaraz bizi nahi dugun herritarrak.
Euskaraz bizi ahal izateko, beharrezkoa da eremu guztietan euskalduntzea
eta zentzu horretan, beharrezkoa da baita ere produktuen etiketak
euskaraz egotea (ahaztu gabe eskubidea ere badela). Euskararen aldeko
jarrera irmoa duten herritarrak beharrezkoak ditugu. Hautu hori egiten
duten guztiekin bat egiten du Kontseiluak.
Kontseiluaren ustez,
Euskal Herria Esneak hartutako bideari jarraitu behar zaio, gure
helburua erdiesteko, euskararen normalizaziora heltzeko, alegia. Lan
honetan konpromisoa hartzen badugu soilik lortuko baitugu euskaraz
bizitzea.
KONTSEILUA
No hay comentarios:
Publicar un comentario