Politiko ospetsu batek, zabalkunde handiko egunkarietan ezer egin gabe ere azaltzen den horietako batek, esan zuen Espainian politiko guztiek (lehen mailakoetatik hasi eta azken muturrean bukatu) jasotzen dituztela opariak. Ez familiarengandik edo ingurukoengandik. Ez, politiko guztiek jasotzen omen dituzte ezezagunek bidalitako opariak. Nork bere mailaren arabera, zehaztu zuen andre ospetsuak.
Geroztik ez dut entzun ez irakurri inoren gezurtapenik. Bale, politikoek ez dute ospe handirik jendartean, baina auskalo nork eta zertarako bidalitako opariak jasotzen dituzte. Gainera, ez gabonetan bakarrik, urte osoan baizik.
Handik gutxira entzun nion errespetua merezi didan kazetari bati gauza bera gertatzen dela kazetariokin. Nonbait, guk ere jasotzen ditugu opari misteriotsuak edo helburu nabarmen bat dituzten zerak. Bale, kazetariok ere ez dugu apenas inor miresten eta agian opari horiek hutsune hori ordezkatzeko sortuak dira.
Ze irtenbide gelditzen zaio, ordea, politikoen nahiz kazetarion multzoko kide den bati, baldin eta sekula santan oparirik jaso ez badu? Zer egin behar dugu, gure gabezia aitortu edo lotsak beregana ez gaitzan gure gabezia bertute bilakatu?
Neronen esperientziaren arabera, era horretako opariak apaizei eta sendagileei bidaltzen zitzaizkien, arimaren eta gorputzaren zaindariei. Bati baino gehiagori eraman diot neronek, txikitan, legatz fresko bat edo gure etxean gabonetan bakarrik jaten zen baserriko oilaskoa. Ez zidaten opariaren helburua esaten. Eraman hau halakoari eta hori egiten nuen, apenas lotsarik gabe, berezkoa den zerbait egiten duenaren moduan.
Dakidanez, oraindik ere sendagileek jasotzen dituzte gaixoengandik eta kontatu didate gauza bera gertatzen dela gure bizitza gobernatzen duten funtzionarioekin. Normal, uste duzu sekulako atakaren aurrean zaudela eta, mirariz edo, leihatilaren beste aldean dagonak bide zuzena erakusten dizu, agian irribarre batez, miraria borobilago izan dadin.
Tira, lanbide bakoitzak bere ajea. Baina puntu honetan aipatutako kontuak sortzen didan zalantzarik handiena ez da gabeziarena. Aitortua dut dagoeneko ez zaidala sekula santan ezkutuko oparirik heldu.
Baina inoiz, horrelako zerbait gertatzen bazait, zer egingo dut?
Auskalo, erraza da tentaldiaren aurrean zintzo jokatuko dugula pentsatzea.
Norbaitek jarri nahi du frogan nire zintzotasuna?
Arantxa Urretabizkaia (El Diario Vasco)
No hay comentarios:
Publicar un comentario