Duela 14 urte sortu zenetik, Euskal Herria Zuzenean festibalak izandako gau arrakastatsuena bizi izan zen pasa den ostiral gauean. 12.000 lagun baino gehiago bildu ziren Heletan Manu Chao eta Fermin Muguruzak jaia leherrarazi zuten gau historikoan.
Manu Chaoren emanaldiak pizturiko sukarra nabaria zen. Aldez aurretik salduriko sarrera kopuruak jendetza iragartzen zuen jaialdia Heletan ospatzen zen lehen aldian. Heletara milaka musikazale hurbiltzen ari ziren une berean abiatu zen jaialdia Gazte Eszena gunean. Bertan izan ziren egungo iparraldeko musika gaztearen adierazletariko batzuk. Zezenaren taldea, Moskorri, edota Hurmurau bezalako taldeen bidez, bertako eszenaren berri izan genuen; argi geratu zen metal musikak toki nabarmena duela iparraldean. The Bellrays talde amerikarrak ireki zituen Eszenatoki Nagusiko emanaldiak. Lisa Kekaulak gidatzen duen banda askotan izan dugu zuzenean Euskal Herriko agertoki ezberdinetan. Gogoangarriak esaterako azken bi urteetan Bilboko Kafe Antzokian eskainitako emanaldi sutsu eta beroak. Beltzez jantzita azaldu zen taldeko abeslaria, «afro» orrazkera eta takoi altuekin, beti bezain hiztun eta komunikatzaile. Ondoan, The Bellrays osatzen duten musikariak, honakoan, talde era ezberdin batekin. Lisaren ahotsak liluratu egiten du abesteko unean duen «soul arima» rock azkarrarekin uztartzean, eta bi gauza horien baturak tona handiko talde baten aurrean kokatzen gaitu. Egun argiz aritu zirenak ere, Eszena Ttipia irekiz, Borrokan taldekoak izan ziren. Pasa den urtean azken orduan afixatik erori eta gero, Berako taldeak arantza atera zuen ostiral arratsean. Musika proposamen ausartegia akaso arrats parterako. Hori bai, oholtza aurrean ziren ikusleak biziki gozatu zuten. Bi agertokietako emanaldiak etengabean tartekatu ziren gau osoan zehar.
Eszena Nagusiko kontzertua amaitu bezain pronto, gunearen beste aldean entzuten ziren lehen akordeak. Safaa Arapiyat «Checkpoint Rock» dokumentalean ikusi genuen arratsez, leporaino bete zen trinketean. Fermin Muguruza eta Javier Corcuerak gidaturiko dokumentalaren harira, kontzertu bira eskaintzen ari dira jaialdi ezberdinetan. Honakoan, Bad Sound System taldeko Iñaki Stepi aritu zen DJ lanetan, bi emakume palestinarrei musika oinarriak ipintzen. Palestinako bandera alde batera, ikurrina bestean eta euskal preso politikoen etxeratzearen aldeko oihala mahiaren parean, hip-hop doinuez tirokatu zuten bi abeslariek.
Eszena Nagusiko kontzertua amaitu bezain pronto, gunearen beste aldean entzuten ziren lehen akordeak. Safaa Arapiyat «Checkpoint Rock» dokumentalean ikusi genuen arratsez, leporaino bete zen trinketean. Fermin Muguruza eta Javier Corcuerak gidaturiko dokumentalaren harira, kontzertu bira eskaintzen ari dira jaialdi ezberdinetan. Honakoan, Bad Sound System taldeko Iñaki Stepi aritu zen DJ lanetan, bi emakume palestinarrei musika oinarriak ipintzen. Palestinako bandera alde batera, ikurrina bestean eta euskal preso politikoen etxeratzearen aldeko oihala mahiaren parean, hip-hop doinuez tirokatu zuten bi abeslariek.
Arabiarrez abesturiko rap doinuak, aldarrikapen mezuekin uztartu zituzten eta lehen lerroetan zeudenen artean txaloak eta dantzak nagusitu ziren. Emanaldiaren azken txanpan, Sorkun eta Fermin Muguruza izan zituzten taula lagun eta beraiekin batera heldu zen emanaldiaren unerik hunkigarriena. Fermin «Non dago Jon?» zioen elastiko horiarekin taularatu zen, preso daudenekin gogoratuz. «Yalah Yalah Ramallah» kanta eskaini zuten bostok elkarrekin.
Eszenatoki Nagusian berriz dena prest zen gaueko izarraz gozatzeko. Manu Chao eta bere bandak Heletara milaka lagun erakarri zituen, eta emanaldia hasterako, ez zen leku libre bakar bat agertoki aurrean. Radio Bembako musikariak lagun, «La Radiolina» estudioko azken diskoa aurkeztu zuten Tombolatour izeneko mundu mailako biraren barnean. Manu Chaoren emanaldiak hiru ordu ere irauten dezaketen arren, ordu eta erdira mugatu zen ostiraleko kantu zerrenda. Lehenengo akordetik ikuslegoak osoki erantzun zuen Radio Bembaren musika eskaintzari. Emanaldi guztian zehar nabaritu zen musikari eta ikuslegoaren arteko kimika. Inolako zalantzarik gabe, zuzenerako prestaturiko taldea da Manurena. Azken urte hauetan guztietan talde era berbera mantendu izanak, ederki olioztaturiko makina perfektu bilakatzen du Radio Bemba. Kontzertuetan kantu lasaiak eta erritmo biziak tartekatzen dituzte ekaitza eta barealdiaren arteko musika talka islatuz. Zuzenekoan kantuak molde berri bat hartzen dute; bertan, aldaketa txiki baina esanguratsuek kantua beste errealitate batera daramate. Ez ziren falta izan «Clandestino», «Desaparecido», «Welcome to Tijuana» edo azken diskoko «Rainin in Paradize» eta «La vida Tombola» kantu esanguratsuak. Gaueko unerik indartsuena, ordea, Fermin Muguruza taularatu zenean bizi izan zen. Manu eta Ferminen arteko uztartzea handia da zinez. Urteetako laguntasuna eta hamaika abentura ezberdinetan jorraturiko loturak ezinbestekoa egiten zuen Irungo musikariaren parte hartzea ostiraleko kontzertuan.
«Dub Manifest» izan zen jo zuten lehen abestia ikusleen oihu eta algaren artean: onena iristear zen, ordea. «Sarri, Sarri» kantaren lehen akordeak entzun eta berehala, Heletako pentzean bildutako 12.000 lagunak dantza batean sutu ziren, etengabean abestuz Kortatu garaiko kanta esanguratsua. Duela bost urteko «Jai Alai Katumbi Express» biran, kantu honen harira Estatu espainolean jazarpena eta zentsura bizi izan zuten bi musikariek; ondorioz, zenbait emanaldi bertan behera ere geratu ziren. Heletan, ordea, ez zen arazorik izan.
Bi kantuak abestu eta gero, besarkada bero batean lotu ziren Manu eta Fermin, eta txaloen artean utzi zuen agertokia Muguruzak. Manu Chao amaitu bezain pronto, Willis Drummond taldearen lehen akordeak entzun ziren Eszena Ttipian. Hasera batean, taula handian aritu behar baziren ere, azken orduko aldaketak, oholtza txikira bideratu zuen taldearen emanaldia. Horixe da taldearen eremu naturala, bertan aritzen dira hobekien. Ordu beteko saio indartsua eskaini zuten ohikoa duten moduan. Apenas isilunerik gabe, kantuak bata bestearen atzetik jo zituzten. Eszena Nagusiko azken saioaren ordua iritsi zen gaueko ordu biak zirenean.
Gitarra soinean zuela taulatu zen Emir Kusturica, The No Smoking Orchrestra osatzen duten beste zazpi musikariekin batera. Ez zen batere erreza Manu Chao eta gero agertokia hartzea. Chao eta bere kideek listoia oso altu jarri zuten eta barneko guzia ematera behartu zituzten. Umoretsu eta alaiki ekin zioten emanaldiari, tartean mozorroturiko zenbait musikarik kolorea ematen ziotelarik melodia bakoitzari. Talde handia da Kusturikarena: ijito kutsuko musika tradizionala elementu berritzaileagoekin eta rockarekin nahastean sortzen den musika erak magiko bilakatzen du euren proposamena. Manu Chao ikustera joandako asko, Emir Kusturikaren musika saiorekin maitemindu ziren; izan ere, akordeoia, biolina edota tronboia bezalako musika tresnak erabiliz luxuzko itxiera eman zioten gauari.
Gaur emango zaio amaiera festibalari, egun argiz ospatuko den festa handian. Sean Kuti, The Congos, Sebastien Schuller, The Sparteens edota Fiachras ariko dira gune ezberdinetan musika eskainiz.
GARA
No hay comentarios:
Publicar un comentario