jueves, 18 de octubre de 2012

LEHENDAKARIAREN KANPAINA

KANPAINA bere azken txanpan sartua den honetan, jada egin daiteke azterketa bat alderdi eta hautagai bakoitzak azpimarratu nahi izan duenaz eta horretarako jarraitu duen estrategiaz. Definizioz, kanpainak norberaren proiektuaren berri emateko baldin badira ere, ez da inoiz bere osotasunean betetzen helburu hori: gehienetan norberaren proiektuaren azalpena eta aurkariari erasoa konbinatzen dira.
Hala ere, kanpaina honetan esango nuke alderdi abertzaleek eta alderdi txikiek hautesleriari euren proposamenak helearazten jarri dutela indarra. Erabat bestelakoa izan da, aldiz, PPren eta PSEren estrategia: denbora eta hitz gehiago erabili dituzte aurkaria desakreditatu nahian, euren proiektu politikoa azaltzen baino. Zer eskaintzeko gutxi izanda, bestea deskalifikatzea izan da egitekoa, horrela aurkaria ez ezik, politikaren beraren deskredituan sakonduz.
Baina estrategia horretan txapelduna, harritzekoa bada ere, gaur egungo lehendakaria izan da. Lehendakarien kanpainak normalean egindako lana azaltzean izan ohi dira, oposizioak esaten duenari aurre egin, eta egindako aurrerapenen berri ematea. Badirudi, aldiz, Patxi Lopez jaunak ahaztu egin duela oraindik ere lehendakari dela, eta gehiago esango nuke, ahaztu egin duela hautagai dela, eta zuzenean beste lehendakari baten oposizioan kokatu dela, etapak garaia baino lehen errez.
Izugarri harrigarria da nola galdetu diezaiokeen, lotsatu gabe, hautagai bati nondik egingo dituen murrizketak diru-sarreren gutxi-tzeari aurre egiteko, erantzun hori ematea oraindik berari dagokionean! Izan ere, hauteskundeak pasa eta gero ere, gobernu berria osatzen den bitartean, Lopezen gobernuak hartu beharko ditu aurtengo aurrekontuetan egin beharreko murrizketen erabakiak. Esan daiteke, beraz, uko egin diola jada lehendakari izateari; ez hurrengo legealdiari begira, baizik eta oraindik indarrean dagoen legealdiari dagokionez ere bai.
Baina herritar asko lur eta zur utzi gaituena aurkariaren aurka deskalifikazioa eta oinarririk gabeko akusazioak jaurtitzeko erakutsi duen lotsagabekeria izan da. Ez dakit nork diseinatu duen PSEren hauteskunde estrategia, baina gutxieneko gizalegearen aurkako jarduera eta hizketa molde hori lehendakari baten ahotan ikustea erabat atzera egiten duen jokabidea da.
Badirudi, hasieratik Iñigo Urkullurekin bilatu zuen buruz-burukoa lortzen ez zuela ikusita, uste izan duela deskalifikazioetan aurrera eginda jasoko duela erantzunen bat. "Gezurra eta buloaren txapelduna" ipini dio azken kalifikatiboa, nork eta aurreko kanpainan lehendakaritzara heltzeko PPrekin paktatuko ez zuela esan eta PPren botoei esker egun lehendakari denak. Berandu bada ere, orain kanpainan onartu du ez zuela egia esan, "okertu egin zela"; baina okertu egin zela ez PPrekin paktatzerakoan, baizik eta ez zuela paktatuko esaterakoan! Beraz, gaur egun ere, zenbakiek emango baliote, PPrekin paktatuko lukeela ulertu beharko dugu, hainbeste kritikatzen dituen murrizketen alderdiarekin.
Aintzane Ezenarro, en Grupo Noticias

No hay comentarios: