miércoles, 31 de octubre de 2012

EUSKALERRIA IRRATIARENTZAT LIZENTZIA ALDARRIKATZEKO GALA AZAROAREN 7AN

Kalte ordainak. 25 urte daramatzagu Nafarroako Gobernuak jarritako trabei aurre egiten. Europako Kontseiluak ederki nabarmentzen duenez, lizentziarik ez edukitzeak diru laguntzarik eta publizitate instituzionalik gabe uzten gaitu. Eta bestelako publizitatearen sarrera ere oztopotatzen du. Horri guztia bereziki larria da bizi gaituzten krisi garaiotan.
Baietz 1.000 bazkidera iritsi. Estualdia bistakoa da. Baina gurea gizartean ederki erroturiko proiekto komunikatiboa da: 8.000 entzule, 900 bazkide, ehunka igarle, 200 kolaboratzaile, 11 langile dauzkagu. Ez gaude amore emateko. Eta horregatik Nafarroako Gobernuak jartzen dizkigun trabak gainditzeko laguntza eskatzen dugu. Bazkide gehiago behar ditugu. Uda aurretik 100 bazkide berri lortu genituen. Jada 900 ditugu. Eta 1.000ra iritsi nahi dugu. Iritsi behar dugu.
25. urteurrena. Beraz, 25. denboraldia hasten ari garen honetan, badugu zer aldarrikatu, badugu zer ospatu eta badugu zer eskatu. Eta hori guztia egiteko hainbat ekitaldi antolatu ditugu. 25 urte daramatzagu entxuferik gabe, eta halaxe ariko dira gurekin, entxuferik gabe, unplugged, El Drogas, Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Ruper Ordorika, Kerobia eta Balerdi-Balerdi. Azaroaren 7an, Atarrabiako Kultur Etxean, 20.00etan, lizentzia aldarrikatzeko urtebetetze gala eginen baitugu. Elkarrizketak, lehiaketak eta zuzeneko musika uztartuko ditugu. Galak ekarriko dizkigun gastuei aurre egiteko, sarrera kobratuko dugu: 5 euroan salduko ditugu Euskalerria Irratian eta Karrikirin (Xabier karrika, 5). Saioa irratiz emanen dugu, eta baita telebistaz ere, Eguzki Bideoak-en laguntzaz, streaming bidez, Berria, Argia, Sustatu eta Euskalerria Irratiaren beraren webguneetan.
Kirmen Uriberen liburuaren aurre-estreinaldia. Gure 25. urteurrenaren harira, etxe honetan bertan, solasaldi zikloa egin behar dugu. Izenburua,Elkarrizketak Auzolan-ean. Elkarrizketa lasaiak izanen dira. Bi besaulki. Bi mikrofono eta ordu bete honetaz eta hartaz mintzatzeko. Lehenean, Kirmen Uriberen liburu berriaren aurre estreinaldia eginen dugu, azaroaren 22an, 20:00etan. Juan Kruz Lakastak elkarrizketatuko du. Horren ondotik, hilero, gutxi gorabehera hilaren 7aren inguruan, saio bat eginen dugu, betiere itzal handiko solaskideekin. Datak oraindik ixten ari gara.

No hay comentarios: