José Ramón Rudy (Traibuenas-Nafarroa, 1943) paisaiaz beteta iritsiko da gaur Zumarragara, Bidasoara leiho bat ireki asmoz. Hainbat formatuko koadroak zintzilikatu ditu Zelai Arizti Kultur Etxeko areto nagusiko paretetan; mendiak, errekaldeak, baserriak nahiz pagadiak ikusi daitezke margoetan. Hondarribiatik Doneztebera margotzen diren paisaiak ditu gogokoen. Inaugurazioa 19:00etan izango da.
Nolatan iritsi zara Zumarragara?
Aretoari buruz hitz egin zidaten hainbat lagunek, eta kultura zerbitzuetako arduradunekin harremanetan jarri nintzen. Berehala erantzun zidaten, eta baita erakusketa irekitzeko data ipini ere.
Margolari afizionatua ala profesionala zara?
Nire ogibidea da margolaritza.
Erraza al da pinturatik bizitzea?
Ez da erraza, baina egin daiteke. Bizimodu apala izateko adina ematen du, behintzat.
Zeintzuk izan ziren zure lehenengo urratsak?
Familiarekin batera Berara bizitzera joan nintzen 8 urterekin. Nerabezaroan Pio Baroja bizilagun izan nuen, eta margotzen ikusi nuen behin baino gehiagotan; testuinguru hartan sortu zitzaidan margotzeko grina. Ordutik, urrats ezberdinak eman ditut: ikatz-ziriak, urmargoak, olioak....Margo surrealistak eta abstraktuak ere egin ditut, baina errealismoa dut gustukoen.
Zer ikusiko dute erakusketara doazen zumarragarrek?
Bidasoako paisaietan barrena bidaia egiteko aukera izango dute ikusleek erakusketan.
Paisai horiek margotzeko zein da erabiltzen duzun metodoa?
Tokietara joan eta oharrak jasotzen ditut.
Argazkirik gabe?
Bai, argazkirik ez dut ateratzen, horrela ohitu naiz.
Margoak salgai al daude?
Bai. Baserrietako koadroak ondo saltzen dira. Enkarguz ere lan egiten dut. Orain, esate baterako, Belchite (Aragoi) herriko serie bat egiten ari naiz bezero batentzat. Ikaragarria da 36ko gerrak han utzitako arrastoa.
Egoera ekonomikoaren harira egokitu behar izan al dituzu koadroen prezioak?
Bai, noski. Orain hiru urte baino %30 merkeago saltzen ditut margoak. Baina artistak egunero ekoitzi behar du, bestela erdoildu egiten da.
Goierriko Hitza aldizkarian, urriaren 5.ean
No hay comentarios:
Publicar un comentario