lunes, 11 de julio de 2011

KIKE DIEZ DE ULTZURRUNI ELKARRIZKETA

Zer toki izan du euskaltzaletasunak zuen familian?

Aitatxik ez zekien euskaraz baina ulertzen zuen zerbait. Pedro zen, Zildozkoa, Perutxena etxekoa. Sendagile homeopata eta, diotenez, oso ospetsua bere garaian. Iruñera gaztetan bizitzera etorri zen. Aitaren ama, amona Paca, Legardakoa zen, Etxarte etxekoa. Aita 1925ean sortu zen. Berak ez zuen euskara etxean ikasi. Uste dut 13 edo 14 urterekin ikasten hasi zela etxean zuten neskame euskaldun batekin. Gainera aitaren osaba bat, Severiano, oso gazte hil zena, txistularia zen, Iruñeko euskal etxeko dantzaria eta entzierroko oso lasterkari ona. Oso mugitua eta festazalea zen eta ez dakit haren eragina jasota edo, hasi zen aita euskara ikasten. Gero soldaduskan jarraitu zuen. Arturo Campionen Blancos y negros eleberria irakurri zuen eta horrek arrasto sakona utzi zion. Lan horretan XIX. mendeko karlista eta liberalen gorabeherak ageri dira, ikuspegi euskaltzale batetik. Gerra ondoren, aita Oberena elkartearen sorreran egon zen 1940an. Horren baitan, ezpata-dantzari talde bat sortu zen eta, gerra bukatu ondoko urteetan, Nafarroan barna ibili ziren, makina bat herritan, jantziak eta makilak mando gainean eramanik, herri batzuetara iristeko errepiderik ez zegoelako. Han, Oberenan, nola edo hala, Iruñeko jende euskaltzalea elkartu zen.

Gerra ondoko urte ilunak.

Iruñean ez zen batere girorik. Jende euskaltzalea, Errepublika garaiko eragileak, erabat barreiatuta edo erbestean ziren. Beste asko hilak edo sormenerako batere gogorik gabe gelditu ziren; Alexander Tapia Nabarreriako idazlea edo Javier Ciga margolaria, esaterako. Gerrak sekulako etena ekarri zuen. Hautsi egin zuen euskaltzaletasuna. 40ko eta 50eko hamarkadetan ikusten zen euskara atzera zihoala etengabe. Hori ikusita, garai hartako izen handiko gizon-emakume batzuek gutun bat aurkeztu zuten Diputazioan eskatuz zerbait egin zezatela, bestela euskara laster desagertuko baitzen. Horri erantzuna emanez, Diputazioak 1957an Euskararen Aldeko Saila sortu zuen, eta gure aita zena izendatu zuten hango buru, 33 urte zituela. Bera ez zen funtzionarioa eta, han zebiltzan besteak bezala, lanean aritu zen deus kobratu gabe, bere borondatez. Postu horretarako izendatu zuten, eskatzen zituzten hiru baldintzak betetzen zituelako: gerran alde batean zein bestean borrokarik egin gabea izatea, apaiza ez izatea eta euskalduna izatea. Aingeru Irigaray, Jose Maria Satrustegi eta beste lagun batzuekin hasi ziren herriz herri, ez euskara irakasten, baizik eta euskal familiekin solasean euskarari buruz zeukaten ikuspegi ezkorra kentzeko eta haurrei euskara irakastera animatzeko, etxe bakoitza ikastolarik onena baitzen.

Horrekin batera, herri euskaldunetako haur guztiei euskarazko azterketak egin zitzaizkien eta ongi zekitenei saria ematen zieten: domina eta diploma eman, eta Nafarroako Kutxan sos batzuk sartzen zizkieten. Horrela abiatu ziren. Beste lan bat ere egin zuten, ez oso agerian, isilean baizik: ikastolak sortzen lagundu zuten. Era berean, bertsolari saioak antolatu zituzten. 60an Lekunberrin eta hurrengo sei edo zazpi urtetan txapelketak antolatu zituzten. Azken finala Gayarre antzokian egin zuten. Aretoa goraino betea zegoen eta Radio Popularrek zuzenean eman zuen. Euskal jaiak ere prestatu zituzten, XIX. mendearen bukaerakoei jarraipena emanez. Poliki-poliki lortu zuten nolabaiteko giroa sortzea. Bestalde, Euskararen Aldeko Sailak Príncipe de Viana aldizkaria sortu zuen. Hor bildu ziren garai hartan euskaraz idazten zutenak: 30en bat lagun. Eta jende berria ere bai, gaztea, bereziki Arnas berri gehigarrian. Hor, adibidez, Patxi Zabaleta, Sagrario Aleman eta beste batzuk hasi ziren idazten. Hilabetekaria zen eta doan banatzen zen milaka etxetan. Eskualdeetako berriak, euskal literatura, musikagintza eta bertsolaritzaren inguruan idazten zuten. Horrez gain, bestelako gaiak ere jorratzen zituzten: lehen gizakia ilargian, industrializazioa, ingurumena… Oso irekia zen. Horrek 1973ra arte iraun zuen. Garai bertsuan Diario de Navarrak argitara emaniko Nafar izkuntza orria hasi zen zuzentzen. Euskaltzale horiek euskararen aldeko mezua zabaltzen aritu ziren 60ko hamarkadan, 80 urte lehenago Euskara elkartekoak aritu ziren bezala. Kezka handi bat zuten: haiek euskararen galera geldiarazteko izugarrizko ahaleginak egin, baina arrakasta eskasa. Ezin zen deus lortu. Nafarroako herri eta ibarretan galtzen zihoan abiada bizian. XX. mende hasieran Xulapain eta Ezkabarte euskaldunak ziren. Errepublika garaian Ultzama, Imotz, Odieta, eta, gero, Belatez bestaldekoa. Nahigabe horrekin bizi izan gara beti gure etxean eta hori izan zen Arturo Campionek izan zuen arrangura bera. Samintasunez esaten zuen batzuk badoazela baina jende berririk ez datorrela euskararen ingurura. Hori dela eta, Errepublika garaiko Iruñeko lehen ikastolako haurrek Campioni omenaldi bat egin ziotenean, plaka bat eraman zioten Txapitela kaleko bere etxera, halaxe zioena: “Batzuk badoaz, baina besteok bagatoz”. Horrekin izugarri poztu zen.

Kezka horrekin, behartuta ikusi duzu zeure burua zerbait egitera?

Bai, jakina. Galera horri muga jartzea eta era batez edo bestez eragitea euskarak aurrerapauso batzuk eman zitzan izan da beti nire grina eta nire familiako beste batzuena. Nola? Batez ere erein, sortu eta eraikitzearen bidetik, horretan ahalegindu gara. Han eta hemen idazten, eta euskararen aldeko mezuak modu naturalean zabaltzen aritu naiz ni bereziki.

Garai berriko Iruñeko lehen ikastolako ikaslea izan zinen.

1965ean Pozoblanco kalean abiatu zen gerra ondoko lehen ikastola, bospasei ikaslerekin. Ikasturte bukaerarako jada dozena bat ginen. Hurrengo ikasturtean 40 bat haur bildu eta San Jose plazara joan ginen. Jostaldi guztiak Redinen egiten genituen. Oraindik aritzen ziren han sokagileak sokak eskuz egiten. Hori izan zen gure eremua alde zaharrean. Gero txikia gelditu zen hura ere, Iruñea asko handitzen ari baitzen eta orduan bi tokitara joan zen ikastola: Baiona etorbideko etxabe batera eta Irrintzi Dorrera, gaur egun Euskalerria Irratia dagoen tokira. Indarra hartu zuen eta ondoren ere hainbat herritan ikastola berriak sortu ziren. Arreba gaztea ere, Itziar, ikastolara joan zen, eta egun itzulpengintzan dihardu.

Hedabideetan hamaika lan egin duzu.

Zuzenbide ikasketak egiten hasia nintzen, eta 1982ko egun batean, telefonoak jo eta hasiberria zen Telenavarra katean egiten zuten euskarazko laburpena nik eginen ote nuen galdetu zidaten. Probatzera joan eta baietz erantzun nien. Horretan ari nintzela, 84an Radio Nacionaleko emisora jarri zuten Iruñean eta orduan han ere albistegietan laburpen bat eta Txuri ta beltz, ordu erdiko saioa astean behin hasi nintzen egiten. Neska bat eta biok aritzen ginen. Aldi berean, han eta hemen idazten hasi nintzen, aita eta anaia Perikoren arrastoari jarraiki. Asko zor diot nik anaia Perikori, bai idatz moldean, bai itzulpengintzan. Ondoren, Euskalerria Irratian sartu nintzen, emisora emititzen hasi baino lehentxeago. Ohartu gabe, euskal kazetaritzan buru-belarri murgildua ikusi nuen neure burua. Garai hartan, bestalde, Korrok aldizkaria abiatu zen, Alonso, Taberna, Azkona eta beste batzuek bultzatuta. Ondoren etorri zen Nafarroa gaur, Navarra Hoy egunkariaren euskarazko gehigarria, Epaltzak zuzendua; plaza benetan garrantzitsua azalez eta mamiz 80ko hamarkadan. Garai hartako gazteentzat, idazteko aukera bat izan zen eta trebatzeko parada ere bai. Hor elkarrizketak eta erreportajeak egiten nituen. Han bildutakoen artean daude, adibidez, Aingeru Epaltza (Martikorena izenez sinatzen zuena), Patziku Perurena, Eduardo Gil Bera, Fermin Erbiti, Iñaki Errea, Xanti Begiristain, Asisko Urmeneta hasi zen bere zintak egiten… Nahiko talde heterodoxoa. Hura trebatzeko tokia izan zen, belaunaldi horretako eragileak asko dira eta oso lan garrantzitsua egin dute eta egiten ari dira. 1994ra arte iraun zuen, eta ondoren lekukoa Nafarkariak, Egunkariaren gehigarriak, hartu zuen. Nafarkariaren etena galera handia izan zen. Belaunaldi berrienek ez dute trebatzeko aukerarik izan. Ez dute non idatzi izan.

Prestigioa eta ilusioa piztea ezinbestekoa da gaur egun ere?

90eko hamarkadakoak urte on samarrak izan ziren Nafarroan, aurreko guztiaren aldean. Euskararen atzerakada aspaldidanik zetorren eta hori aldatu beharra zegoen euskaldunen gogo barnean eta buruan. Uste dut hori lortu dela eta atzerakada horri muga jarri zaiola. Duela hogei urte inguru, lehen aldiz aurrerapausoak eman ziren: euskarazko irakaskuntza zabaldu zen, Euskalerria Irratia sortu zen… Irratiaren bitartez, adibidez, nik uste dut lortu zela Iruñera bizitzera etorritako jende euskaldunaren ilusioa piztea. Garai hartan ere Bai Euskarari kanpainaren baitan Sadar futbol zelaia goraino bete zen, Osasunak nekez lortzen zuena, eta horrek guztiak ekarri zuen 2000. urtean hasitako erreakzio, eraso bortitza: lege, arau eta dekretu guztiak, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren desagerpena eta abar. Eta eraso horrekin ere zerikusia izan du, jakina, ETAren indarkeria bidegabeak. ETAk, adibidez, Caballero erail zuenean, eskuinak “aski” esan zuen. Haren ondorioak latzak izan dira. Nor hil zuten? UPNko agintarien artean euskara kontu arrotz gisa jotzen ez zuen bakarrenetakoa, Oberena elkarteko burua izandakoa. Harez geroztik, akabo; UPNk euskaldunon bizkar gainean eraiki du bere mendeku latza, eta, are okerragoa dena, gizartearen parte handi bat euskararen kontra jartzea lortu du, eta orain euskararen aurkako militante sutsuak dira. Horren aurrean lanean jarraitu behar dugu, burua erabilita, zentzuz, jendea gure ingurura erakarri nahian, eta ez uxatuta edo beldurra eraginda. Ildo horretan, azpimarragarria da, esate baterako, Ze Berri? aldizkariak egiten duen lana. Ia 70.000 ale banatzen ditu doan, euskararen aldeko mezuak igorriz. Hortxe kokatzen dut nik nire burua. Euskararen aldeko oinarri soziala zabaltzen ari da baina bestea ere bai. Kontu tamalgarria, adibidez, telebistarena da. Gure haurrek ez dute erreferentziarik. Konponbide bat behar da ETB1 eta ETB3 ere hemen ikusteko. Nafar gizarteko jende euskaltzaleok gai izan beharko genuke, duela ia 30 urte euskal telebistaren seinalea Iruñeraino ekartzea lortu genuen bezala, orain ere seinale hori ekartzeko.

Gaur egungo Sanferminak festa handiak dira, jendetsuak eta, neurri batean, munduko beste toki askotakoen antzekoak. Euskal kutsua non suma daiteke?

Sanferminak festa handiak dira, munduko festarik onenak, edo, baten batek esaten duen moduan, munduko festa bakarrak… Tira, topikokeriak alde batera utzita –eta Sanferminek aunitz dituzte, gehiegi, batzuk jasanezinak–, oso garrantzitsuak dira hiri honetarako, alde askotatik begira. Agintariek hori kontuan hartu beharko lukete, jaiak prestatzerakoan, ekitaldiak antolatzerakoan, sektore eta pentsamolde guztiak kontuan hartu, baina ez da halakorik gertatzen; euskal kultura erabat baztertu dute, aspaldian ez da euskarazko plaza-talderik aditzen dantzaldietan. Hein batean, festa bahitu dute; baina zorionez, jendeak han eta hemen tarteak aurkitzen ditu bestelako gauzak egiteko.

Parrandazalea zara (hau ez da galdera). Zer osagarri behar ditu parranda on batek?

Ustekabea izaten da bat, hau da, ustekabean egiten den huraxe; baina, niri, otordu on baten ondoko giroa; dantzatzea, karrikadantzan ibiltzea eta kantatzea; zernahi.

Reyes Ilintxeta (ARGIAn)

No hay comentarios: