jueves, 28 de julio de 2011

ARNALDO OTEGI IRAILEAN ASKE GERA LITEKE

Arnaldo Otegik, Gatzaren omenaldian parte hartzeagatik epaitu eta absolbitu ostean, hiru dira zazpi hilabetean jarraian irabazi dituen epaiketak. Bateragune kasua eta herriko tabernen auzia dira epaia jakiteko geratzen zaizkionak. Lehenaren sententzia irailean espero da eta bigarrenaren epaiketa eperik ez dago oraindik. Beraz, Bateragune auzian absolbituko balute, irailean kalean legoke Otegi.

Arnaldo Otegi guztira zituen bost epaiketetatik hirutan absolbitu dute. 2010eko abenduan Anoetako Belodromoan 2004an egindako mitinagatik epaitu zuten "terrorismoa goratzea" egotzita. Auzitegi Nazionalak sententzian aipatzen duenez, ez zuen ordea halakorik egin, "gatazkaren konponbide demokratikorako elkarrizketa eta negoziazio prozesuaren" proposamena egin zuen, ebazpenaren arabera.

Aurtengo martxoan erregea iraintzea leporatuta Auzitegi Gorenak jarritako eta Konstituzio Auzitegiak berretsitako urtebeteko zigorra balio gabe utzi zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak eta 20.000 euroko indemnizazioa ematera kondenatu zuen Espainiako Estatua. Otegik 2003an Juan Carlos I erregea "torturatzaileen nagusia" zela esan zuen prentsaurreko batean, Martxelo Otamendik torturak salatu eta gutxira.

Azkenik, ostiralean Gatzaren omenaldian parte hartzeagatik "terrorismoa goratzea" leporatzen zioten epaiketan absolbitu zuten.

Ekainean amaitu zen Bateragune kasuaren epaiketaren sententzia irailean ateratzea espero da, Auzitegi Nazionaleko iturrien arabera. Fiskalak hamar urteko kartzela zigorra eskatu du Otegirentzat. Absolbituko balute, baldintzapeko askatasunean geratuko litzateke ordea herriko tabernen auziagatiko epaiketaren zain. 2002an irekitako kasu oso konplexua da hau eta 800 liburuki ditu. Herriko tabernen bidez ETA finantzatzea leporatzen diete ezker abertzaleko kideei, tartean dira Joseba Permach eta Jose Antonio Urrutikoetxea "Josu Ternera" ere.

ARGIA

No hay comentarios: