ELA gehienbat alderdiak (EAJ) bultzatu zuen Nafarroan. Alderdiaren eragina handia izan zen sindikatuaren garapenean. Bazegoen oso politikari ona, Jose Agerre, eta harekin, haren anaia Anastasirekin, Felipe Oñatebiarekin … hasi ginen. Hartu genituen Iruñeko eta herrietako bizkorrenak eta hitzaldiak ematen genituen. Taldeska batzuk izan ziren hasieran, gero Iruñean nahiko jende bildu genuen.
Zer nolako harremanak izan zenituen beste sindikatu eta alderdiekin?
Ezkertiarrek leporatzen ziguten bigunak eta eskuindarrak ginela. Eskuindarrek, aldiz, abertzaleak ginelako oztopoak jartzen zizkiguten. Baina guk erantzun egiten genien. Bat egiten genuen langileen defentsan, baina gero bakoitzak bere aldetik jotzen zuen. Ez geunden gu oso prest grebak bultzatzeko, baina grebak hasitakoan, behin baino gehiagotan bat egin genuen.
Eragina izan al zuten apezek eta Elizak zuen jardun sindikalean?
Hemen apez gehienak besteekin zeuden, ohiko eskuinarekin. Guri kostatu zitzaigun gure lekutxoa egitea. Dena den, hainbat apez gurekin zeuden, kooperatibak sustatzen eta Euskal Estatutuaren alde lanean.
Nestor Zubeldiaz ari zara, ezta?
Bai. On Nestor teoriaren aldetik oso jantzita zegoen. Irakaslea et kanonigoa zen Iruñean. Abertzalea ere bai. Berak oso ongi ikusten zituen kooperatibismoaren aldeko ekimenak eta elkarri lagundu genion. Izan ere, guk lagundu genuen Artaxoan kooperatiba handi bat martxan jartzen: Farangortea. Dirua jarri genuen hori abiarazteko, eta gogo handiz gainera, Nafarroa erdialdean ELAk amesten zuen kooperatibismoa gauzatzera baitzihoan. Gutxi iraun zuen, gerra lehertzean amaitu zen. Horko langileen nagusiak ezkutatu egin behar izan zuen eta gero Frantziara alde egin zuen. Baina hor hasi ginen, nonbaitetik hasi behar genuelako…
Gerrarekin batera, ez bakarrik Farangortea, dena amaitu zen…
Bai, gerra karlistek piztu zuten, eta ezkerrekoek erantzun egin zuten. Gu erdian geunden eta bakoitzak ahal izan zuena egin zuen. Sindikatua, noski, gauza horiek guztiak bezala pikutara joan zen. Dena itxi ziguten eta genituen agiri eta paper guztiak ez dakit nora eraman zituzten. Iruñean egitear genuen gure biltzar nagusia, uztaila aldean, eta noski, ez zen egin. Goitik behera deuseztatu gintuzten. Nik zorte ona izan nuen, pertsona baten laguntza izan nuelako. Baina beste batzuek, Agerrek eta abar, arazoak izan zituzten.
Josu Chueca, ARGIAn
No hay comentarios:
Publicar un comentario