martes, 26 de julio de 2011

NOR ETA.......JON IBARROLA

AURKEZPENA
Jon Ibarrola Lerga. 27 urte. Tafallarra eta Tafallan bizi naiz. Burdindegi batean lan egiten dut, makinak konpontzen eta tresnak saltzen. Aisialdiko monitorea ere banaiz. Tuteran egin nituen ikasketak.

Mendiak zure bizitzaren zati handi bat betetzen du, ezta?
Bai, normalean asteburuero joaten naiz. Parrandan baino askoz gusturako ibiltzen naiz.

Noiz hasi zen zure mendiarekiko zaletasuna?
Aitarekin hasi nintzen, nahiko txikia nintzelarik. Hasieran mendian zehar ibiltzera eramaten ninduen eta gero, pixkanaka-pixkanaka, mendiarekin lotuta dagoen guztia probatzen hasi nintzen: eskia, eskalada, espeleologia, barrankismoa....Mendian egiten den guztia gustoko dut.

Eta batzuetan espezializatu zara, ezta?
Bai. Hainbat kiroletako monitorea naiz: eskikoa, eskaladakoa, hipikakoa, piraguismokoa, txirrindularitzakoa eta orain barrankismokoa aterako dut. Titulu horietako batzuk Tuteran lortu nituen eta besteak ikastaroak eginez han-hemenka.

Gaur egun, batez ere, zertan aritzen zara?
Barrankismoan eta espeleologian bereziki, baina mendian ibiltzea ere gustatzen zait.

Joan gaitezen poliki-poliki. Nolako mendi ibilaldiak egiten dituzu?
Beno, Pirinioetan ibiltzen naiz eta Alpe eta Atlasean ere izan naiz. Dena den, gaur egun mendia egiten dut, baina barrankismoarekin lotuta. Errekan sartu baino lehen, mendian gora ibili behar duzu eta batzuetan dezente, lauzpabost ordu.

Eta eskalada?
Azken urte hauetan gutxiago aritu naiz. Hala ere, noizean behin zer edo zer egiten dut. Duela gutxi Eretan rokodromo bat egiten ere lagundu dut.

Barrankismoa, ordea, sarritan praktikatzen duzu?
Bai. Aurten hogeita zazpi jaitsiera egin ditugu. Aste Santuan, esate baterako, bost egunetan zazpi egin genituen.

Nahi duzulako egiten duzu edo monitore gisa joaten zara?
Nahi dudalako, baina sarritan lagunak eta ezagunak eramaten ditugu. Duela gutxi Huescako Guara mendizerran hogeita bat pertsona egon ginen. Horietatik zazpik bazekiten euren kabuz ibiltzen eta besteak nik eta nire lagunek eramaten genituen.

Eta ekipoa?
Bakoitzak berea du. Hala ere batzuei utzi genizkien. Nik etxean hiru bat jantzi ditut eta beste bi edo hiru moldatzeko moduan. Badakizu, handituz zoaz eta txikiak geratzen dira.

Zertan datza zehatz-mehatz ekintza hori?
Bi eratako sakanak daude; batzuetan ibiltzea eta salto txikiak egitea besterik ez da; baina beste batzuetan sokekin ibili behar duzu rapelatzen. Eta jakina, bilera edo "reunión" esaten dena ez badago jarrita, edo gure gustokoa ez bada, guk ibili behar dugu txapak eta anklajeak paratzen.

Arriskugarria al da?
Kontrolpen badaukazu, ez. Baina beti gerta daiteke ustekaberen bat. Nik hamar urte daramatzat praktikatzen ea orain arte ez zait ezer gertatu, baina duela lau urte lagun bat erori zitzaigun hogeita hamar metrotik. Ehun metroko ur-jausia zen eta hogeita hamar falta zitzaizkiola erori egin zen. Oso gauza arraroa gertatu zen. Soka korapilatu zitzaion "zortzia"-ren inguruan eta labana eskatu zigun askatu ahal izateko, baina askatu beharrean, soka moztu zuen, nonbait. Hura mobida, hura: suhiltzaileak, Gurutze Gorrikoak....Buruz behera erori zen eta, zorionez, ia-ia ez zitzaion ezer gertatu: eskuak pixka bat erre eta orkatila bihurritu. Dena den, esan bezala, gauzak ongi eginez gero, oso segurua da eta oso dibertigarria, adrenalina pilo bat botatzen duzu. Adibidez, Broto herrian badago Sorrosaleko ur-jausia, laurogeita hamar metro ditu eta erditik edo botatzen gara, izugarrizko saltoa da. Jakina, jauziak egin aurretik ongi ziurtatzen dugu zein den putzuaren sakonera.

Espeleologian ere askotan ibitzen zara, nola hasi zineten?
Behin kobazulo batera eraman gintuzten, gustatu zitzaigun eta trebatzea erabaki genuen; horretarako duela hainbat urte Iruñeko Otxola talderarekin harremanetan jarri ginen eta bertako monitore bat, Oskar Latasa, gure irakaslea izan da. Dagoeneko nahiko maila ona dugula esan daiteke.

Nortzuk ibiltzen zarete?
Batez ere hiru lagun: Aitor Sánchez "Motxoli"; Teresa Irañeta eta hirurok. Orain beste batzuk ere hasi dira.

Non ibiltzen zarete eta zer egiten duzue?
Urbasan eta Andian ibiltzen gara batez ere: Zapaldi, Kristinos, Katedralean.....Urbasan badaude 182 kobazulo eta 190 leize. Diferentzia da azken hauetan sartzeko soka behar duzula eta besteetan oinez sar zaitezkeela. Hor barruan ibiltzen gara. Denetatik aurkitzen duzu. Zoragarria da: fosilak, maskorrak, hezurrak, estalaktitak, estalagmitak, koladak, ibaiak, lakuak.......
Forma ona behar da eta indar fisiko minimoa; jaitsi duzuna igo behar duzu eta barruan batzuetan denbora luzez ibiltzen gara. Orain arte egin dugun luzeena hogeita hiru ordukoa izan da, Kantabrian, "Caballose"-tik sartu ginen eta hogeita hamazazpi kilometro inguru egin genituen lur azpitik: batzuetan uretan sartuta, besteetan oinez edo sokatik behera edo gora....

Argia izateko frontalak erabiltzen dituzue?
Beno, guk karburoa nahiako dugu; politagoa da, 360ºko argia ematen duelako. Lau ordu inguru irauten dute guk erabiltzen ditugunak. Amaitzerakoan, karburo harriak bota eta kitto.

Ez duzue klaustrofobia sentitzen?
Batzuetan oso toki estuetatik pasatu behar duzu eta gerta liteke hor blokeaturik geratzea, hau da, ez atzera eta ez aurrera. Orduan larritzen zara pixka bat, baina hoberena lasaitzea da eta, azkenean, nola edo hala, ateratzea lortzen duzu. Nik zortzi urte daramatzat espeleologia egiten eta behin bakarrik galdu ditut paperak.

Espeleobuzeoa egiten duzue?
Ez. Beldur pixka bat ematen digu, ur azpian zerbait gertatzen bazaizu, akabo.

Nafarroan badira horrelako kobazuloak, alegia, lakuekin eta?
Bai, jakina. Lizarra aldean, esate baterako, badago Basaura izeneko kobazuloa eta bertan kristoren lakua dago. Gainera oso ibilaldi polit eta erraza egin daiteke. Beste bat da Urbasako "Kristinos" izenekoa, karlistek erabiltzen zutena gotorleku gisa.

Itxita egoten dira?
Ez, normalean ez, ia-ia guztiak irekita daude. Lepineux, Nafarroko handienak, San Martin harrian dagoenak, hogeita hamar urte inguru itxita daramatza; behin bakarrik eman dute baimena sartzeko, iaz, hain zuzen ere, eta 150 espeleologo sartu ginen. Arriskugarria dela diote, baina ez zait iruditzen. Badakizu, mitikoa da,Europako handiena eta lehen mundukoa ere bai, Zelanda Berrian bat handiagoa aurkitu zuten arte.

Zu ere Nafarroako espeleologia erreskate taldean ibiltzen zara, ezta?
Bai, espeleologo asko bezala. Azken finean, gutxi gara eta elkar lagundu behar dugu. Espeleologoak espeleologoek ateratzen ditugu, ez poliziek edo suhiltzaileek. Sailkapen moduko bat daukagu eta zerrenda horretatik tira egiten da erreskate bat dagoenean. Ni gaur egun hirurogeigarren postu inguruan nago.

Ongi mantentzen duzu euskara, nola lortu duzu?
Dendari esker. Euskaldun guztiekin euskeraz egiten dut eta. Eta dendatik kanpo ere ahal dudan guztiekin euskeraz mintzatzen naiz, espeleologo euskaldunekin, esate baterako.
La Voz de la Merindad

No hay comentarios: