Nafarroako euskalgintzako eragileek ez diote garrantzi handirik ematen Euskarabideko zuzendari postuan izan den aldaketari. 2007. urtean Carlos Perez Nievas kontseilariak Xabier Azanza euskararen institutuko buru izendatu zuenean hizkuntz politikan aurrerapauso batzuk eman zitezkeela pentsatu zuten batzuek. Lau urte geroago, ordea, itxaropenaren leihoa itxita ikusten dute guztiek. Yolanda Barcinaren gobernu berriak Azanza kendu eta Maximino Gomez jarri du haren lekuan. Baina euskararen normalizazioaren esparruan aldaketarik ez du espero euskalgintzak.
Euskarabideak azken urteetan egindako bidea aztertzeko orduan, penagarri adjektiboa erabili du Euskalerria irratiko zuzendari Mikel Bujandak. Hasieran itxaropenerako arrazoiak izan zirela baina denborarekin, eta batez ere CDN gobernutik botatzearekin, horiek uxatu zituztela uste du. «Jaurlaritzarekin-eta bildu ziren, baina azkenean ezin izan dute ezer egin. Lourdes Auzmendik berak esan zuen UPNn horma aurkitu duela. Eta hori da gakoa: UPNk ez du utzi ezer egiten».
Historia errepikatu egin da, Bujandaren iritziz. «Alli presidente zenean, artean UPNkoa zela, bere alderdiak ez zion egiten utzi. Eta, orain ere, euskara izan da CDN gobernutik kanpo gelditzeko arrazoia. UPNk bota egin zuen». Hain zuzen ere, Euskarabidea «apaingarri penagarria» izan dela deritzo Euskalerria irratiko zuzendariak, eta batik bat CDN Nafarroako Gobernutik kanpo gelditu zenetik. «Ordutik Azanza erabat ezereztatua gelditu zen. Orduan dimisioa eman behar zuen, baina ez zuen egin. Eta hortxe segitu du orain arte».
Etorkizuna ere beltz ikusten du Bujandak, eta Yolanda Barcinarengan ez du konfiantza izpirik. «Legeak behartzen duen hura ere ahal den gutxien betetzen du. Beti jarriko dio galga euskarari, edo saiatuko da arrastotik ateratzen. Euskararen Legea bera ere zabalegia da UPNren ikuspegitik. Haiengatik balitz, eremu mistoa ere ez legoke, bakarrik alde euskalduna eta erdalduna».
Maximino Gomez ez du gehiegi ezagutzen, baina gaztetako «jarrera ezkertiarretatik» urrun dago gaur egun, Bujandaren iritziz.
Mikel Lizarralde, BERRIAn
No hay comentarios:
Publicar un comentario