domingo, 3 de julio de 2011

ADINEKOEN KONTRAKO TRATU TXARRAK

Ea behingoz hiltzen zaren eta bakean bizitzen uzten gaituzun!” edo “ezin duzula hori egin? Bai, egin dezakezu, baina alferra zara!” entzuteak gogorra izan behar du. Adineko pertsonen seme-alaben ahotik entzun izan dituzte halakoak gizarte laguntzaileek. Argi dago, hori ez da ohikoena, ez du islatzen gizartean dauden hirugarren adineko pertsona gehienek bizi duten egoera, baina ez dira kasu bakanak ere. Eusko Jaurlaritzak egin duen Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen aurkako tratu txarren prebalentziari buruzko azterlana-ren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 13.249 pertsona inguru bizi litezke antzeko egoerak pairatuz. Hona azterlanaren emaitzek islatutakoa.

Bakardade eta traba sentimenduak. Bizitzaren azken urteetan askok bizkar gainean eraman behar duten zama da. Pertsona aktiboak izatetik euren burua traba moduan ikustera pasatzen dira, eta seme-alaben jarrerak sentipen hori areagotzen die gainera.

Milaka adineko bakarrik bizi dira beraien beharretara ongi moldatu gabeko etxeetan, diru-laguntza eskasarekin eta senideen bisita gutxi jasoz. Etxeko lanetan laguntzeko joaten diren gizarte laguntzaileak dira asteetan ikusten dituzten pertsona bakarrak. “Ez da ohikoena, baina batzuetan zaharren konfiantzazko pertsona bakarrak izaten gara, askotan gu garelako egunean ikusten dituzten pertsona bakarrak eta norbaiti azaldu behar diote barruan duten hori”, adierazi digu adinekoekin lan egiten duen gizarte laguntzaile donostiarrak.

Laguntzaileek gehienez hiru ordu pasa ditzakete edadetuaren etxean, eta bere egoeraren araberakoa da ordu kopurua. Esan bezala, laguntzailetik aparte bisita gutxi izaten dituzte batzuek, eta askotan bisita horiek ez dira behar bezain goxoak, hotzak baizik, edadetua arrotza bailitzan tratatuz. Bisitak ez izatearen arrazoia, Iñaki Abaunz psikologoaren ustetan, ez da senideen gogo falta, daramagun bizimoduarekin lotzen ditu bai bisita eskasia eta bai bisitetako jarrera desegokia: “Gure bizimoduaren erritmoak ez du horretarako denbora ematen, bisita egiteak eta adineko pertsona bat zaintzeak gure egunerokoa guztiz hausten duelako”. Etxeko lanen, haurren eta lanaren ardurari, bikote harreman eta arazoei, gehitu behar zaie adineko pertsonen zaintza, eta egungo bizimoduak ez die familiei nahikoa denbora uzten adinekoak behar bezala zaintzeko, behar duten arreta eskaintzeko. Horregatik, goxotasunez eta lasaitasunez tratatu beharrean, zakar eta gogorik gabe zaintzen dituzte, eta horrek karga moduan sentiarazten ditu edadetuak.

Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren ikerketaren arabera, tratu txarren %50 –ohikoena– psikologikoak dira. Elkarrizketatu dugun gizarte laguntzailea bat dator azterketaren ondorio horrekin: “Gehienetan ez dituzte jotzen, baina jarrera ez da egokia izaten eta tratu txar horiek fisikoak baino okerragoak dira, inoiz sendatuko ez den zauria uzten dietelako”.

Hori guztia, noski, ez da lagungarri edadetuen gogo-aldartea hobetzeko. Tristura, samina eta amorrua bezalako sentimenduak izaten dituzte maiz. “Ea egia den, laster hiltzen naizen eta horrela traba izateari uzten diodan!” moduko esaldiak entzun izan dituzte langileek. Egoera horretan, ezertarako gogorik gabe, beren kabuz mugitzeko gai direnak ere ez dira etxetik irteten, beharrezko gauzak egitera. Bazkalorduetan adibidez, lan gogorra egin behar izaten dute zaintzaileek, jan dezaten lortzeko.

Menpekotasuna onartzea ez da batere erraza. Gogorra da aldaketa: beren burua pertsona aktibo gisa ikustetik, traba direla sentitzera igarotzen dira. Pertsona aktiboak zirenean, senideekin eta lagunekin denbora gehiago eman zezaketen, gustuko gauzak egiteko aukera zuten eta askok biloben zaintza ere bere gain hartzen zuten. Menpekotasun egoerak, berriz, ia egun osoan etxean egotera behartzen ditu, eta guztiz aldatzen da seme-alabekin eta bilobekin zuten harremana.

Menpekotasun egoeran egon aurretik adineko horiekin izandako harremanak pisua duela azaldu dute senide batzuek. Hala, errain eta suhiek sarri esan ohi diete gizarte laguntzaileei ez dutela pertsona hori zaintzeko gogorik, urtetan gaizki tratatu dituelako. Edonola, gurasoak menpeko direla ikusita, seme-alabek batzuetan zor zaien errespetua galtzen dietela uste dute zaintzaileek, agresibo jartzen direla hainbatetan, eta bisitan joaten direnean gurasoen kexuak entzuteaz aspertu eta denbora luzez berriro ez agertzeko erabakia hartzen dutela.

Faktore askok eragiten du halako jarreretan. Batetik, senideen nekea dago, urteak pasatzen baitituzte edadetua zaintzen. Eta bestetik, familian aurretik pasatako gauzak daude. Askotan rolak aldatzen dituztela uste du gizarte laguntzaileak, seme-alabek aurretik jasotako tratua ematen baitiete gurasoei. Denbora luzean barruan izandako haserrea azaleratzen dute orain, pertsona edadetuak euren kabuz moldatu ezin daitezkeenean. Baina badaude baita ere, guraso eta aitona-amona onak izan arren, bueltan tratu hori jaso ez dutenak.

Halaber, senideen jarrera ezberdina izaten da edadetuaren egoeraren arabera. Dependentzia maila handiena dutenak izaten dira okerren tratatuak, ahulenak izanik beraien zaintzak dakarrelako ardura handiena eta lan gogorrena. Gehien sufritzen dutenak, ordea, dependentzia maila txikiena dutenak dira, guztiaz ohartzen direlako, eta egoera jasangaitza egiten zaie. Jendeak uste du adinekoak haurrak bezalakoak direla eta ez direla egoeraz ohartzen, baina ez da hala eta gizarte laguntzaileak haserretu egiten dira halakoak entzunda.

Asko daki zaharrak, erakutsi beharrak dio esaerak, baina hainbatetan badirudi ahaztu egin dela bere esanahia. Gizarteko jakitunak izatetik eta errespetua eta begirunea jasotzetik, mespretxatzeko eta baztertzeko joera nagusitu da maiz. Ondo dauden bitartean, bilobak zaintzeko ere baliatzen dituzte seme-alabek, baina garai hori amaitutakoan, karga moduan ikusten ditu jendeak eta gizarteak berak alboratzen ditu. “Askotan haurrek ere errespeturik gabe hitz egiten diete, hori baita etxean ikusi dutena”, dio gizarte laguntzaileak. Iñaki Abaunz psikologoak ere gauza bera uste du: “Familia kontzeptua erabat aldatu da, eta gaur egun familia esatean ez dugu eurekin kontatzen, edo gertuko familiaz ari garenean ez behintzat”. Hori aldatu behar dela dio Abaunzek, urtetan eman diguten guztia itzuli behar diegula adinekoei.

Bestalde, ikerketak kontuan hartu dituen tratu txarrak ez dira bakarrik pertsonengandik etortzen eta ohartarazi du helduen beharretara moldatutako baliabideak faltan dituztela hainbat etxek. Esaterako, igogailua, eskailerak igo ezin dituenarentzat; dutxa, baineran sartzeko arazoak dituztenentzat; edota ohe bereziak, ohetik altxatzeko zailtasuna duenarentzat. Aztertutakoaren arabera, ordea, igogailurik gabeko eraikinetan bigarren zein seigarren pisuan bizi diren 80 urtetik gorako pertsonak daude, bizilagunek igogailua noiz jarri erabaki bitartean kalera irteteko 85 eskaileratik gora jaitsi eta igo behar dituztenak. Edadetuen etxebizitzak, orokorrean, ez dira haiek bizitzeko ondo egokituak egoten. Etxe askotan ez da inolako berrikuntzarik egin 40 urtean.

Irati Sarasua (ARGiAn)

No hay comentarios: