Batzuk amaitu eta besteak hasi. Atarrabian Paz de Zigandako lagunak aurtengo Nafarroa Oinezaren balantzea egiten ari diren bitartean, 40 kilometro hegoalderantz, Tafallan, Garcés de los Fayos ikastolako arduradunak datorren urteko edizioa antolatzen hasiak dira. Atzo bertan hartu zuten lekukoa Paz de Zigandan izandako ekitaldi batean eta horrela eman zioten hasiera zeharo ezberdina izanen den urte berezi bati.
Nafarroa Oinez ospatzen denetik, 1981az geroztik, bi aldiz antolatu du ikastolen jaia Garcés de los Fayosek, 2011koa hirugarrena izanen da (1986 eta 1997an ere han izan zen). Eta datorren urtean helburu zehatza dute: ikastola handitzea. Hori esan zuen bederen ikastolako zuzendaria den Resu Urrutiak: "Txiki geratu zaigu ikastola azken urteotan. 3 eta 16 urte bitarteko 380 ikasle ditugu eta leku gehiago behar dugu. Beraz, ikastola handitzearen alde eginen dugu apustu, ikasleak ahalik eta erosoen egon daitezen".
Garcés de los Fayos aurten 40 urte betetzen dituen ikastola beteranoa da. Lau hamarkada hauetan ikastolak Tafalla inguruko milaka gazte euskaldundu ditu, oztopoak oztopo. "Tafalla eta inguruko herrietako jendea dator gure ikastolara. Lan garrantzitsu eta zaila egiten du ikastolak. Ingurua oso erdalduna da eta ikasleek ez dute aukera handirik euskaraz hitz egiteko ikastolatik kanpo. Horrekin batera, eremu ez euskaldunean dago Tafalla eta horrek ere zailtasunak dakar-tza", azaldu zuen atzo Resu Urrutiak lekukoa hartutakoan.
Izan ere, datorren urtean Nafarroa Oinez eremu ez euskaldunera itzultzen da eta hiru urteko ziklo bat betetzen du zeinetan Foru Komunitateko hikuntza banaketaren ondorioz sorturiko hiru eremuak ezagutu dituen. Iaz eremu euskaldunean dagoen Etxarri Aranatz herrrian izan zen Nafarroa Oinez. Aurten Nafarroako ikastolen jai erraldoia Atarrabian izan da, eremu mistoan Paz de Ziganda ikastolaren eskutik. Eta datorren urtean ikastolaren jai handira gerturatuko direnek eremu ez euskaldunaren errealitatea ezagutuko dute.
Horrela, lau urteren ostean eremu ez euskaldunera itzuliko da ikastolen jaia, 2007an Bianan ospatu zenetik ez baitzen han antolatzen. Ziur ongi hartuko dutela 2011ko edizioa denaren kontra euskararen alde egiten ohiturik daudenak. Hasia da atzerako kontaketa.
Ander Goyoaga (Diario de Noticias)
No hay comentarios:
Publicar un comentario