Nafarroako Eliza ofizialak azken urteotan agindua eman omen dio sendi bati Mugiroko elizetxetik alde egiteko, etxea erabiltzen 25 urte eman ondoren, eta inolako aukerarik eskaini gabe, gainera, etxea erosteko, berriz alokatzeko, eta abar.
Martxoaren bukaera aldean, Iruñeko Alde Zaharrean, «Nafarroako erlijio tokiak, norenak?» izenburuko jardunaldiak egin zituen Udako Euskal Unibertsitateak. Azken urteetan, Nafarroako Elizak bere izenean erroldatu dituen hainbat lekuren inguruan sortu den eztabaida zertan den hausnartu zuten. Mahai-inguru eta solasaldietan esku hartu zuten hizlari ugari izan zen, horien artean Iñaxio Azkoaga eta Migel Larranbebere apezak, eta Jose Mari Esparza Nafarroako ondarearen defentsarako plataformako kidea.
Horrek guztiak gogora ekarri dit Larraungo kasu bat. Zehazki, Mugiroko elizetxekoa. Bertan 70 urteko emakume bat bizi da, alaba eta bederatzi urteko bilobarekin. 1984. urteaz geroztik bizi izan da etxe horretan, ordaindu beharreko alokairua erlijiosoki pagatuz eta bete beharreko gainerako konpromiso guztiak betez. Emakume horrentzat etxe horrek, gainera, aparteko zama emozionala omen du, bertan familiako hiru kide ikusi dituelako hiltzen, semea, senarra eta ama. Gaur egun ere, denen gorpuzkinak Mugiroko hilerrian omen dautza.
Kontua da Nafarroako Eliza ofizialak azken urteotan agindua eman omen diola sendi horri bertatik alde egiteko, etxea erabiltzen 25 urte eman ondoren, eta inolako aukerarik eskaini gabe, gainera, etxea erosteko, berriz alokatzeko, eta abar. Auziren bat ere izan omen dute, baina familiak galdu omen du, eta hemendik gutxira familia horrek betiko utzi beharko du apez-etxea, kanpora joateko, eta Elizaren aldetik inolako babesik jaso gabe.
Udako Euskal Unibertsitateak Iruñean egindako jardunaldi hura dela-eta, Euskalerria Irratian entzun nuen Esparza jaunak informatu zuela, Madrilen, Jose Maria Aznar presidente ohiaren garaian, gai honi dagokion legeari aldaketa bat egin ziotela artikulu batean, Elizak eskatuta-edo, erlijio tokiak era horretan Elizak erroldatu edo erregistratu ahal izateko. Kontua da hori guztia isilpean egin omen zutela, Esparza jaunaren arabera. Hori horrenbeste omen da horrela, non, Madrilgo gai hauetan adituak diren jurista batzuek behintzat, ez omen zekiten Nafarroako Eliza egiten ari dena, betiere Esparzaren arabera.
Jakina da egia guztia behin ere ez dela egoten alde bakar batean, baina kontuan harturik Nazareteko Jesusek beti jokatu zuela behartsuenen alde, eskaleen alde eta esan omen zuela «utzi dena eta jarraitu niri», «ez duzu lapurtuko», eta abar, niri guztiz bitxia egiten zait ikustea Vatikanoko Eliza ofizialak daukan boterea, aberastasuna, Estatua, eta bat eta beste, Nazareteko Jesusekin alderatuta, horren ezberdina dena.
Halaber, harrigarria egiten zait behatzea Nafarroako Eliza ofizialak eta Opus Dei-koek daukaten obsesioa mundu honetako boterea, aberastasunak eta eraikinak pilatzeko. Gainera, Nafarroako Eliza ofizialaren kasuan, ematen du jokatu duela nahiko modu desleial, itsusi, ez garbi eta udalekiko abantailaz erlijio tokiak erregistratzerakoan, udaletakoek ez omen zekitelako deus ere, halabeharrezko era batean norbaitek jakin zuen arte zer ari zen gertatzen.
Kasu batean baino gehiagotan, gainera, udal batzuek agiri guztiak omen dituzte, frogatzen dutenak erlijio toki horiek udalenak direla, esate baterako, Auritzen eta Uharten (Iruñerria).
Niri kontraesan handi samarra eta nahiko ulergaitza iruditzen zait Nafarroako Eliza ofizialaren jokatzeko modu hori, kontuan harturik, gainera, Mugiroko familia horrek ez duela ematen oso aberatsa, hain zuzen ere, eta bestalde, ez dietela eman inongo azalpenik esateko zertarako behar duen Elizak etxe hori, zer egin behar duten edota zer asmo duten. Bat ere ez!Bukatzeko, esanen dut daturen bat oker eman baldin badut, aldez aurretik eskatzen dudala barkamena, baina bestela, jarraitzen dut pentsatzen hori ez dela Elizaren aldetik, Nazareteko Jesus imitatzeko erarik txukunena
No hay comentarios:
Publicar un comentario