sábado, 4 de abril de 2009

ASUN AIERRA, PUIUKO LEHENENGO EUSKALDUN BERRIA

Asun Aierra Guillén dut izena; 50 urte ditut; Puiun jaio nintzen eta orain Tafallan bizi naiz.

Zein da zure lanbidea?

Orain ikastolako jantokian lan egiten dut, monitore bezala. Lehen zapatak josten izandu naiz.

Zer moduz haurrekin, ondo moldatzen zara?

Umeekin primeran, oso pozik nago. Pazientzia izan behar da, baina oso gustora. Nik uste dut nire lanbidea izan behar zela, Magisteritza egin behar izan nuela, baina ez nuen aukera izan. Etxean baginen asko eta hamalau urterekin, benga…lanera. Bestela, beti gustatu zait pila bat eta euskarazko klaseak ematen nituenean, disfrutatzen nuen.

Euskalduna noiztik?

Ni euskaldun berria naiz. Eta hemen hasi nintzen ikasten, Tafallako Gau Eskolan. Orduan hamazazpi edo hemezortzi urte izango nituen. Lan egiten nuen Moderna lantegian eta ateratzerakoan gau eskolara joaten ginen batzuk. Klasea ematen ziguten Matxalen Idoyek eta Elena Biltxesek, ikastolako irakasle batek. Oso ongi egon ginen, haiekin ikasi genuen pila bat; baina gure arazoa zen hitz egitea eta horretarako herri euskaldun txiki batera joan ginen, Oderitzera.

Orduan non ematen zenituzten klaseak?

Hasieran La Higuera etxean izandu ginen. Ikastolan ere bai, areto batean. Baita Elenaren pisuan ere. Halaxe ibiltzen ginen, lekua bilatzen eta.

Kontatu pixka bat nola izan zen esperientzia hura

Matxalenengatik izan zen. Berak harremanak zituen “JJ” (“Jota Jota) apaizarekin. Apaiz hura oso esku zabala eta euskaltzalea zen eta orduan Oderitzeko apezetxera joan ginen. Udan txandaka egoten ginen. Gu, adibidez, hamabost egun egon ginen eta gero beste talde bat sartu zen; Larragakoak, Larragako joteroak eta.

Han zer egiten zenuten?

Klaseak JJk ematen zizkigun eta gero baserriz baserri ibiltzen ginen, batez ere baserritarrekin hitz egiteko, eta haiekin aritzen ginen belarra mozten, biltzen, ukuiluak garbitzen, behiekin…Izan zen gogorra, ez pentsa, lanagatik eta zaila egiten zitzaigulako haiekin gure euskera praktikatzea. Adibidez, alkateari giltza eskatu behar genion ta hasten ginen: “mesedez giltza emango (ea NOR-NORI-NORK) di…gu…zu?”. Haiek barre egiten zuten. Ikasi genuen asko, baina kostata, haiek euskaldun itxiak ziren eta euskera batua ez zekiten. Dena den, oso harreman onak egin genituen. Gu neska gazteak ginen eta batzuetan astakeriak entzun behar izan genituen, baina oso esperientzia polita izan zen.

Oso harreman ona egin zenuten hango batekin, ezta?

Bai, Joxemielekin, “Azkonarro”rekin. Ni oraindikan hilero joaten naiz bere etxera, niretzat bada osaba balitz bezala. Etxera itzultzeko ordua iritsi zitzaigunean gu konturatu ginen primeran ikasten genuela eta pentsatu genuen: “Eta orain zer egingo dugu? Tira, goazen etxez etxe”. Eta horrela galdezka hasi ginen: “Behar duzue norbait laguntzeko, belarretan aritzeko?”. “Hainbeste zarete…bat edo bi hartuko genituen, baina hainbeste….”. Iritsi ginen Azkonarroren etxera eta esan zigun: “Honera etor zaitezteke denak, anai-arrebak bezala”. Berak atea zabaldu zigun eta joaten hasi ginen. Berak txekorrak zituenez, etxeko lanetan laguntzen genuen batez ere, baina gero etxez etxe joaten ginen belarra moztera, biltzera….Horrela ikasi genuen guk euskera.

Dena den, hango euskara ez da batua, eta zer moduz alde horretatik?

Hango euskera berezia da, baina berehala harrapatu genuen. Lehendabizi ulertzen hasi ginen eta gero hitz egiten ere bai.

Praktikatzen al duzu?

Nik baldin badakit pertsona bat euskalduna dela, berarekin beti euskeraz egingo dut. Ni banoa mendira ala piszinara eta ikusten badut euskaldun bat, berarekin euskeraz hitz egingo dut. Lanean egunero erabiltzen dut eta nire herrian, Puiun, gero eta gehiago. Hor ere beti badago aukeraren bat: lehengusina batekin, haur batzuekin, lagunen batekin….

Nola ikusten duzu euskara merindadean?

Ni gaztea nintzenean oso arraroa zen euskeraz hitz egitea eta nik bakarrik hitz egiten nuen Puiun. Bazegoen maistra bat Tafallako ikastolan hasi zena, Nekane izenekoa, eta berari zaintzen nizkion seme-alabak. Haiekin euskeraz egiten nuen nire gau-eskolako euskerarekin. Baina euskera entzutea Puiun, baita Tafallan ere, oso arraroa zen. Orain ez, orain normala da. Nik uste dut euskera sendo dagoela. Sendoago behintzat, ez nahiko genukeen bezala, baina asko aurreratu da azkeneko hogeitamar hamar urteetan gure herrietan. Orain adibidez, Baldorbaren egunean beti daukazu aukera hitz egiteko norbaitekin.

Zerbait esan nahi diezu beste euskaldunei? Eta erdaldunei?

Nik euskaldunei esango nieke beti ahal duten bezala edo ahal dutenean euskeraz hitz egiteko. Beti Artzeren esaldia gogoratzen dut: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, baizik eta dakitenek hitz egiten ez dutelako”. Hori da egin behar duguna, erabili. Eta erdaldunei ea animatzen diren ikastera, oso polita dela eta merezi duela.

Zaki Irisok egindako elkarrizketa. (La Voz de la Merindad)

No hay comentarios: