miércoles, 15 de abril de 2009

ARTAXOA: HARRIZKO HERRIA

Artaxoako harresia ondoen mantendu den Erdi Aroko eraikinetako bat da. Maiatzaren 1a bitartean, bisita gidatuak izango dira larunbat eta igandeetan, harresiaren txoko ezkutuak ezagutu ahal izateko. Harresiari esker, Europako gertakari asko azter daitezke.
Mendeetan eta urteetan atzera egin daiteke Artaxoan. Mendixka baten gainean dago, 600 metroko garaieran kokatua. Orain Artaxoako herrigunea dena, metro batzuk beherago dago, harresira iristeko igo behar diren aldapa malkartsuak ekidin nahian edo.
Artaxoa historia luzea duen herria da, eta batez ere Artaxoako harresiaren barruan dagoenak. Hainbat iturriren arabera, harresia XI. mende ingurukoa da, eta garai batean hamalau dorre almenadunez osatuta zegoen. Orain horietatik bederatzi soilik daude zutik, gehienak soro artean igarotzen den Artaxoako errepidetik ikus daitezke.
Harresira sartzeko jatorrizko bi sarrera daude: San Miguelekoa eta Ramahuakoa. Apirileko asteburuetan eta jaiegunetan aukera dago Artaxoako harresia bisita gidatuen bitartez ikusteko, azkena maiatzaren 1ean izango da. Aste Santuko oporrak aprobetxatuta, jende andana bildu da. Ostegunean, esaterako, 11:00etan berrogei lagun inguru zeuden. Bi taldetan banatu eta bisita gidatuei ekin zieten.
Lehenik eta behin, turistei harrera egiteko prestatutako bulegoan gidak bisitaren inguruko azalpena eman zuen. "Gutxi gorabehera, ordu eta erdi iraungo du bisitak, dudaren bat izanez gero eten nire azalpena lasai". Harrera gelan atondutako erakusketa txikian, Artaxoako harresiko historiaren zertzelada laburrak eta argiak eskaintzen dira. Horrez gain, azken ikerketan egindako hainbat aurkikuntzen berri ere ematen da. Azken hori Erregearen Gaztelua deituriko dorre bat da; oin zirkularra du, eta gotorlekuaren mendebadeko angeluan zegoen kokatuta. Eraikin hori, Erdi Araoan nola izan zitekeen azalduz marrazki bat dago harrera gelako erakusketa txikian. Dena den, Erregearen Gazteluak erabilera anitz izan zituen, horietako bat Artaxoako bisita gidatuko ustekabeetako bat izango da.
Harrera gelatik irtenda, harresiaren historiaren berri du bistariak. Gidak dioenez, harresiaren historiari buruz teoria ugari izan dira.
Gotorlekua 1085. urte inguruan sortu zen, orduan ekin baitzieten Tolosako (Frantzia) Saint Sernineko kalonjeek eskatutako lanak egiteari. 1109. urtean amaitu ziren harresia eraikitzeko lanak. Mende askotan, Artaxoa errege-erreginek eta nobleek mirestu zuten, estrategikoki kokatua zegoelako. Arrazoi horrexegatik borroka ugari sortu ziren, eta hala gotorlekua behin baino gehiagotan berreraiki behar izan zuten.
Harresiaren jatorriaren inguruko zertzelada batzuk jasota, bisita gidatua San Saturnino eliza-gotorlekuan kokatzen da. Eraikin ziklopeoa da; XIII. mendean eraiki zuten, tenplo erromaniko baten aurrietan. San Saturnino eliza gotikoa da, eta Frantziako Midi artearen ezaugarriz beteta dago, Tolosarekin izandako harremanaren emaitza moduan.
Gotiko erako elizaren ondoren, Artaxoako harresiak dituen gainontzeko berezitasunak ikusteko geldialdi bat baino gehiago egin beharra dago. Esaterako, Erregearen Gaztelua deituriko dorrea kokatutako gunean. Duela gutxi topatu zutena arkeologoek. Erabilera ugari izan zituen; esaterako, hozkailu izan zen XVI. mendean. Hala baieztatzen du ateburuko idazkunak: Hic servatur hiyems ut sit moderatior aestas.
Duela hilabete gutxi aurkitu zuten era berean arkeologoek Erdi Aroko uraska bat. Zazpi metro kuadroko azalera du, eta hiru metroko sakonera. Erditik gorako egitura moztua du, baina euskarria mantentzen da. Antza denez, uraska urez betetzen zuten, harrobiaren barruan bizi zirenek beharrezkoa zuten ura izan zezaten. Horren inguruan bitxikeria bat ere bada: zamoak bizi ziren uraskan, ura usteldu ez zedin.
Oraindik bada bizia harresiaren barruan. Erdi Aroko biztanleen itxurarik ez duten arren, harresiarekin zuzeneko hartu-emana dute bertako biztanleek. Askok, heuren etxeak harresiari itxatxita eraiki zituzten. Hala, duela ia mila urtetik gaur egun arte egin diren eraikinak bateratuta ikus daitezke Artaxoan, harresiko harri horixkak batuta.
Naiara Elora (Berrian)

No hay comentarios: