jueves, 27 de noviembre de 2008

TAFALLAKO 21 ENTITATEK EUSKARAREN ALDEKO HAUTUA EGIN DUTE


21 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Tafallan, Ziurtagiriaren laugarren banaketa ekitaldian. Horietatik 2ek ‘Zerbitzua eta lana euskaraz’ maila lortu dute, eta 19k “Bidean” maila.
"21 ziurtagiri banatu ditugu gaurkoan eta kopurua garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da horren atzetik dagoen lana: urtez urte ematen dituzuen urratsak, lortzen dituzuen helburuak eta zuen konpromisoaren bitartez egunerokoan eragiten duzuena”, adierazi du Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak gaur Tafallan egin den Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian. Eta Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak egiten ari diren aldaketak zerrendatu ditu jarraian: euskara ikasi, errotuluak euskaratu, webguneetan euskara erabili, bezeroak euskaraz hartu, komunikazio publikoetan euskaraz hitz egin, euskaraz dauden programa informatikoak erabili, hornitzaileei euskaraz lan egiteko eskatu, produktuen etiketak euskaratu...

Maiorga Ramirez, Tafallako euskara zinegotziak eta Garazi Arrula, euskalgintzako kideak ere ekitaldian parte hartu dute. Haiek ere euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen jarraitzeko beharra azpimarratu dute. Maiorgak Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak zoriondu ditu eta Udalak Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua babesten nahiz bertan parte hartzen jarraituko duela ziurtatu du, bere esanetan hizkuntzak zaindu egin behar baitira: “Tafallako Udalaren ustez, hizkuntzak gorde, zaindu egin behar dira eta bere erabilera errekuperatu behar da. Eta horixe da Tafallan egiten ari garena: euskara bultzatzen Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez”. Eta gaineratu du, helburu hori lortzeko Udalak, gizarte erakundeek eta euskalgintzak, guztiek batera egingo dutela lan.

Arrulak berriz, gogoratu du euskara “denona dela eta euskararen aldeko lana ere bai”, eta beraz, herriko enpresa, saltoki eta era guztietako entitateak euskararen alde lan egitera animatu ditu. Horrez gainera, Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zuen Kontseiluaren 10. urteurrena ospatzeko abenduaren 14an BECen egingo ekitaldira joateko dei egin du: “Denok gogoan dugu duela 10 urteko arratsalde hotz hura, jendearen berotasun eta ilusioarekin Sadar Bai euskarari esateko bete genuenekoa. Abenduaren 13an Barakaldon Euskaraz Bai aldarrikatuko dugu eta guzti-guztiok horretara deitu nahi zaituztegu. Tafallan autobusa antolatu dugu bertara joan nahi dutenentzat”.

No hay comentarios: