lunes, 10 de noviembre de 2008

AZAROAREN 22 AN, EUSKARAREN ETORKIZUNAREKIN HITZORDUA

22 urte luze joan dira Nafarroako Parlamentuak Vascuencearen legea o­nartu eta Nafarroa hiru eskualdetan banatu zuenetik. 22 urte luze, beraz, euskal hiztunen eta nafar guztien hizkuntza eskubideak urratuz. 22 urte horietan lege horren emaitza aski ezaguna zaigu euskaldunoi: euskaraz ikasteko ezintasuna, isunak, euskarari zuzendutako diru-laguntzen murrizketa, administrazioarekin harremanak euskaraz izateko trabak… orriak eta orriak betetzeko adina eskubide urraketa. Azken batean euskaraz, hots, Nafarron hizkuntzan (LINGUA NAVARRORUM), bizitzeko ezintasuna.

Lege urratzaile hori nahikoa ez eta, gainera, azken urteotan euskararen aurkako politika gordin eta sistematikoa jarri da indarrean. Euskara gure bizitzako alor guztietan bazterrera zokoratzeko nahia nagusitu da. Ez dute beren helburua lortu, ordea, euskaldunon lana, kemena eta borrokari esker. Gobernuak eta hizkuntza politika ofizialak oztopoak, maltzurkeria eta eskubideen murrizketa jarri duten tokian, nafar jendarteak eta euskaltzaleek izerdia eta lana jarri dute, eta baita ilusioa, irudimena eta bizipoza ere. Azken aldi honetan hainbat kontutan ere atzera egin behar izan dute, zenbait aldaketa aurrera eraman behar izan dituzte, eta hori, izan ere, etsi ez dugulako gertatu da. Euskaldunon eta euskaltzaleen ahaleginari esker eutsi dio euskarak etorri zaion zaparradari.
Ez dugu, nolanahi ere, beti horrela ibiltzerik nahi. Gure herrian, gure hizkuntzan normaltasunez eta osotasunez bizitzeko erabateko eskubidea baitugu. Horregatik guztiagatik, eta azken hilabeteotan legearen inguruan dabilen eztabaida gogoan izanda, horren gaineko gure ekarpena egin nahiko genuke.

Tokian tokiko aldaketetatik haratago, nafar gisa, lege baino gehiago eskubide urratzaile den hori atzean utzi eta hizkuntza politika berri baten bila joateko garaia da. Urrats txikiak eta egunerokoak behar ditu euskarak, baina horiek ez dira nahikoak; euskarak urrats sakonak eta handiak ezinbesteko ditu, iraupen hutsetik garapenerako eta berreskurapenerako jauzia egin nahi badugu. Eta, besteak beste, euskararen ofizialtasunean oinarrituta, euskararen berreskuratze prozesua bermatu, bultzatu eta gorpuztuko duen lege berri bat behar dugu. Bestela, Kontseiluak berak esan zuen, azken 15 urteetako bilakaera ikusita, 834 urte beharko genituzke euskararen ezagutza unibertsalera iristeko.

Horiek horrela, nafar jendarteari dei egiten diogu, azaleko aldaketetatik haratago, euskararen etorkizuna bermatuko duten sakoneko aldaketen alde lan egiteko. Euskaltzale guztiok aktibatu eta benetako aldaketa baten aldeko indarrak biltzeko abagune ezin hobea da hau, honako hau aldarrikatuz:
Euskara ofiziala orain!!

Aitziber Larrea, Garikoitz Torregrosa, Nora Uribetxeberria, Susana Bidarte, Alaitz Gonzalez, Idoia Zabalza, Joseba Otano, Expe Iriarte, Estitxu Arozena, Patxi Salaberri, Nestor Esteban, Igor Arroyo, Dabid Anaut, Olatz Zabaleta, Inma Zestau, Iñaki Perurena, Eduardo Conde, Alizia Iribarren, Aitziber Sarasola, Amagoia Susperregi, Nestor Martinez, Iñaki Lasa, Paul Bilbao, Txari Eleta, Gontzal Agote, Sagrario Aleman, Koldo Ibañez de Elejalde, Juanja Iturralde.

No hay comentarios: