Kanporaketa saioak hasiera emango dio 2015eko Nafarroako Bertsolari Txapelketari. Sei bertsolarik hartuko dute parte kanporaketan eta horietatik hiruk lortuko dute final-laurdenetarako sailkatzea. Saioa ostiralean jokatuko da Iruñeko Alegria Peñan, 20:00etan hasita. Sarrera doakoa da.
33 bertsolarik eman dute izena 2015eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Final-laurdenetako fasea otsailaren 7an hasiko da eta txapelketa martxoaren 28an amaituko da.
Hori baino lehen kanporaketa saioak hasiera emango dio txapelketari. Bertan parte hartuko dutenak Nafarroako Txapelketan lehen aldiz izena eman duten bertsolariak dira, eta hiru sailkatuko dira. Gainerakoak zuzenean sailkatuta daude otsailean abiatuko diren final-laurdenetarako.
Kanporaketa saioa hilaren 12an jokatuko da, Iruñeko Alegria Peñan, 20:00etan hasita. Sarrera doakoa da.
Sahats Aleman, Mikel Lasarte, Sarai Robles eta Mintxo Astiz barañaindarrak, Mikel Juaniz iruindarra eta Kotte Plaza iruritarra dira kanporaketan parte hartuko duten bertsolariak. Epaile lanetan, berriz, Nerea Bruño, Arkaitz Goikoetxea eta Ekintza Landa arituko dira. Maider Ansak aurkeztuko du saioa.
Honako lana da bertsolariek egin beharko dutena:
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
Kartzelako lana:
Banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian.
Banaka, gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian.
Nafarroako Bertsolari Txapelketaren inguruko gainerako xehetasunak otsaila hasieran emango ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario