jueves, 26 de noviembre de 2009

NOR ETA.....KONRA MEDRANO

Konra Medrano dut izena, 44 urte ditut. Soriako Vinuesa herrian jaio nintzen eta Tafallan bizi naiz. Mairagako araztegian lan egiten dut ura prestatzen.
Noiz eta zein tokitan ikasi duzu euskara?
Tafallara etorritakoan hasi nintzen, duela 19 urte. AEKn, etxean eta Ondarruko barnetegian ikasu dut.
Zu jaiotzez Soriakoa izanik, zergatik ikasi zenuen?
Betidanik oso garbi izan dut Nafarroak, politikoki erranez, edo Euskal Herriak baduela bere mintzaira, berezkoa dena. Nafarra edo euskalduna izateko euskara beharrezkoa da. Gainera nire sorterrria eta Soriako herri anitz Nafarroa ziren. Erdi Aroko agiri batzuetan idatzita dago eta lexikoak nahiz toponimiak horixe erakusten dute. Medrano abizena nafarra da.
Soriako jendeak ulertzen al du zuk euskara ikasi izana?
Bakarrik nire hango familiak eta lagunek dakite ni euskalduna naizela eta ongi iruditzen zaie.
Praktikatzen al duzu?
Bai, ahal dudanean, familiakoekin eta ezagun guztiekin.
Nola ikusten duzu euskara merindadean?
Herri ttikietan gutti entzuten da. Tafallan berriz ez da zaila euskaraz mintzatzea edo aditzea Ikastola eta AEKri esker. Nahiz eta gaizki ez izan, gure merindadean, Nafarroa osoan bezala, euskarak bultzada handia behar du.
Zerbait esan nahi diezu beste euskaldunei? eta erdaldunei?
Lehenengoei, erabiltzeko; bigarrenei, ikasteko; eta biei, euskarak euskaldun egiten gaituela.
Jakin izan dugu baratze lanean buru belarri zabiltzala.
Duela 2 urte, 5'5 errobadako alor bat erosi genuen. Hor landatu ditut olibondoak, mahatsondoak, intxaurrondoak, haritzak, lizarrak, zainzuriak, patatak....Guztia lehorrekoa eta modu biologikoan. Aurten oilategi bat egin dut eta hemezortzi oilo eta oilar daude.
Soriako hainbat tokitan onddoak biltzeagatik kobratzen da. Zure herri inguruan? Zer deritzozu?
Nire herri inguruan biltzeagatik oraindik ez da kobratzen. Okerrago iruditzen zait kobratzea bilketaren kopurua kontrolatzea baino. Larrazkenean ziza uztak jende anitz erakartzen du eta berarekin batera sosa. Herri haietan onddoek baino balio handiagoa du turismoak.
Hemengo bati Soriako zer gomendatuko zenioke? Eta alderantziz?
Hemengoei; iparraldeko basoak, txorizoa eta herri ttikiak. Hangoei: baratze landareak, ardoa, Orba ibarra; eta batez ere, hemengo harremanak.
La Voz de la Merindad

No hay comentarios: