domingo, 29 de noviembre de 2009

"EGUNKARIA LIBRE" ALDARRIKATU ZUEN KURSAALEK

Kantuz agertu dute Egunkaria auziko-auzipetuen aldeko elkartasuna Donostiako Kursaalean batutako ia bi mila lagunek. Kantu batean, eta umore onean, baina auziak sortzen dien kezka ezkutatu gabe. Espainiako Auzitegi Nazionalean abenduaren 15etik aurrera epaituko dituzte sumario nagusiko auzipetuak -Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga-, eta hara joateko indarrez hornitu ziren atzo. Kursaala gainezka jarri zutenek emandako indarrez. Gogotsu agertu zen jendea, eta bero zen giroa.

Horretarako ezinbesteko giltza izan ziren kantu jaialdian parte hartu zuten musikariak. Ez zeuden isilik egoteko. Gatibuko abeslari Alex Sagarduik esan zuen: «Adierazpen askatasuna badaukagu, batzuek behintzat, eta aprobetxatu egin behar dugu». Guztiek adierazi zuten beren mezua, bakoitzak bere erara.

Egunkaria-ren aldeko mezua izan zen nagusi, baina ez zen bakarra izan. Gisa bereko auzi bakarra Egunkaria-rena ez dela nabarmen gelditu zen. Nekane Peñagarikano aurkezleetako batek besarkada bidali zien Egunkaria auzia bizitzen ari direnen gisako trantzean egon direnei eta daudenei, eta txalo zaparrada ikaragarri batekin erantzun zion publikoak. Joan Mari Torrealdaik auzipetuen izenean testua irakurri zuenean, aste honetan atxilotutakoei elkartasunezko besarkada igorri zien, eta hari ere txalo jasarekin erantzun zioten publikoan zirenek.

Nolanahi ere, Egunkaria auziko auzipetuentzat beraientzat izan ziren txalo gehien. Sumario nagusiko eta auzi ekonomikoko auzipetu guztiak eszenatokira igo zirenean lehertu egin zen Kursaala. Txalo, txalo eta txalo. Eserlekuak hutsik geratu ziren. Zutik eta indar batean txaloka, batzuk Egunkaria libre! pankarta erakutsiaz. Gauza bera eginez erantzun zieten auzipetuek ere, txaloka. Jaso duten elkartasun guztia eskertu zuen Torrealdaik guztien izenean, eta laguntza gehiago ere eskatu zien. Hala, hurrengo zitaren berri eman zuen. Epaiketa hasi eta aste berean, abenduaren 19an manifestazioa egingo dute Bilbon, eta hara joateko deia luzatu zuen, manifestazioa erraldoia izan dadin.

1.800 buru mugitu ziren atzo musikaren konpasean. Era denetako buruak: gizon, emakume, zahar, gazte... Modu guztietako musikarekin. Txomin Artola eta Amaia Zubiria izan ziren aurrenak. Brodatzen ari nintzen abestia osatu zuten, Egunkaria-ren ale zaharrez apaindutako eszenatokian. «Egunkaria libre!» esanez amaitu zuten. Ken 7ren txanda iritsi zen gero, Zapalduen olerkia kantatuz. Eñaut Elorrietak abestia hasi aurretik esan zuen: «Zuekin gaude, bukaeraraino».

Egunkaria libre! nikiarekin agertu ziren Anari eta Maite Mursego. Dut-en Haize eza kantaren bertsio sakona abestu zuten, aurrenak bere gitarra beltzarekin eta bigarrenak txeloarekin. «Ia dena behar bezala ateratzen den. Animo Egunkaria-koei» esanez agurtu ziren. Harkaitz Cano igo zen ondoren. Joseba Sarrionandiaren Bila ezazue poemaren bertsio bat irakurtzera, poliziei «Egunkari galdua» topatzeko eskatu zien. Salaketaz beteriko poema zen: «Zuek itxi zenuten, baina ez dago zuekin, ihes egin zizuen».

Giroa erabat aldatu zuten orduan Pantxoa eta Peiok. Batasuna abesteari ekin eta bildutako denak kantuan hastea bat izan zen. Haiek eszenatokitik ezkutatu zirenean, saioko une umoretsuenetako bat gertatu zen. Arantxa Iturbe Nekane Peñagarikanoren zain zegoela, Rafa Rueda azaldu zitzaion. Ez al dakizu? abesti berria aurkeztu zuen hark, okasiorako egokia iritzi zion kantua. Gurari bat eskatu zuela esanez amari joan zitzaion neskato baten historia kontatzen zuen kantuak, nola amak erantzun zion gurariak ez direla eskatzen, baizik eta patuaren altzotik lapurtzen direla. Horixe egin behar da bere ustez Egunkaria auzia ondo amaitzeko desirarekin, «patuaren altzotik harrapatu».

Kantaldian egon nahi zuten asko kanpoan geratu ziren, aurkezleek behin baino gehiagotan esan zutenez. Bai publikoan egon nahi zutenak, eta baita kantatu nahi zutenak ere. Haietako talde bat bideo bidez egon zen presente. Egunkaria itxi zuteneko bosgarren urteurreneko ekitaldian abestutako abestia kantatu zuen Ines Osinagak: «Hori baldin bada delitu bakarra, barkatu baina denok terrorista gara».

Arantxa Iturbek esanda bezala, «batzuek ezin etorri eta besteak koadrilan etorri dira». Oskorrik Aita semeak abestu zuen, publikoaren laguntzarekin. Denbora osoan piztuta egon zen Egunkaria libre! afixari begira ukabila altsata agurtu zen Natxo de Felipe.

Anje Duhalde eta Niko Etxartek Eperra abestu zuten. «Urteak daramatzagu berri txarrak entzuten, eta azken aldian ia astero dugu hauetako berriren bat. Aski da esateko ordua da, eta gizarte osoak mobilizatu behar du», esan zuen Etxartek.

Gorka Urbizuk Negu Gorriaken Itxoiten-en bertsio gogoangarria abestu zuen, eta «liberazioari itxoiten!» esanez joan zen eszenatokitik. Gatibu taldekoek jarraitu zuten, imintzio eta keinuz Altxeu abestuz. «Gora Euskal Herria!» esanez amaitu zuten. Urkok «non ote daude gure artetik ezkutatuak» galdera egin zuen Imanol Larzabal zenaren omenez.

Umorez agertu ziren Mikel Urdangarin eta Josu Zabala. Serioago jarriz, «galdu ziguten errespetua» berreskuratu behar dela aldarrikatu zuten. Jean Mixel Bedaxagar eta Erramun Martikorenak eman zioten amaiera kantaldiari, Goizian argi hastean abestia a cappella kantatuz.

Auzipetuen agerraldia eta gero, amaitzeko, abeslari guztiek eta auditorioan zeuden pertsona guztiek elkarrekin abestu zuten Andoni Egañaren Zaku berean bertso sorta. Giro hartan, guztiak zutik eta txaloka amaitu zen jaialdia, pankartak eskuan eta oihuka: «Egunkaria aurrera!».
Berria

No hay comentarios: