miércoles, 25 de noviembre de 2009

LURPEKO OROIMENA ARGIRA

Kasualitatea izan ala ez izan, urriaren 12an, Espainiako jai nazionala eta Francok bere egunean Arrazaren eguna deiturikoa, Cecilio Gallego García, Erronkarin eraildako frankismoaren esklaboa, lurpetik ateratzea suertatu zen Erronkariko hilerri zibilean. Ekintza hau Memoriaren Bideak elkarteak bultzatu zuen Aranzadi Zien-tzia Elkartea eta ibarreko hainbat biztanleren laguntzaz.
Cecilio Gallego García duela 70 urte erail zuten, 1939ko urriaren 23an, hain zuzen, 24 urte zituela. Cecilio Don Beniton (Badajozen) jaio zen 1915ean. Gerra Zibilean gatibu egin zuten 1938an eta, Ebroko kontzentrazio eremuan egon ondoren, Erronkari Ibarrera eraman zuten, 127. Langile Batailoian sartuz. Cecilio, Espainia osotik ekarritako beste 2.353 gatibu bezala, Igari-Bidankoze bitarteko errepidean zein Erronkari herrira doan pistan bortxazko lanak egiten aritu zen. Jakina denez, presoak oso baldin-tza kaxkarretan bizi eta batailoietako diziplina gogorra eta obedientzia arauak onartzera beharturik ziren, mehatxu, zigor eta eskarmentu publikoen beldur. Heriotzaren arriskua tarteko, izua eta etsipena zabaldurik zegoen haien artean. Hala ere, Ceciliok eutsi zien eta, hiru hilabeteren ondoren, duintasuna eta askatasuna lortzeko ahaleginean ihesari ekin zion. Alabaina, ihes egiten saiatzen ari zela guardiek harrapatu, hiru tiro jo eta bertan hil zuten.
Oraindik bada Erronkarin gertatu zenaren berri duenik. Herriko zenbait pertsonek erailketa gogoratzen dute. Bere espedientean ere hala agertzen da (“fallecido al desertar”) eta Erronkariko Elizaren Artxibategiak bertako hilerri zibilean ehortzirik izan zela adierazten du. Orain arte inongo identifikaziorik gabe zegoen, eta 2008ra arte ezin izan zuen bere familiak Erregistro Zibilean inskribatu.
Familiak hala eskatuta burutu zen gorpuaren desehorzketa, gorpuzkinak Don Benitora eramatea nahi dutelako, nahiz eta lanen egunean bertan ezin izan egon. Esan bezala, hobitik ateratzean ibarreko lagunek eta Aranzadi Zientzia Elkartearen zenbait arkeologok hartu zuten parte, Paco Etxeberriaren gidaritzapean, Memoriaren Bideak elkartearen eta Eguzki Bideoak taldearen laguntza izanik. Eguraldia lagun, gogor aritu behar izan zuten boluntarioek pala eta pikoak eskuan hilobia azalera ateratzeko. Behin aurkituta, arkeologoen jarduna etorri zen. Azkenik, egun osoa eman ondoren, gorpuzkinak jaso ziren. Orain, laborategira eraman dira beharrezkoak diren analisiak egitera. Hemendik aste ba-tzuetara honen emaitzak jakinaraziko dira eta familiari gorpua emango zaio.
Memoriaren Bideak, Eguzki Bideoak eta Geronimo de Uztáriz Historia elkarteak aspaldi ari dira Nafarroako Frankismo garaiko bortxazko lanen inguruko oroimenaren berreskuratze lanetan eta Cecilioren gorpuaren ateratzea “Esklaboak Piriniotako mugaldean” proiektuaren barne kokatzen da. Azaldu dutenez, oihartzun publikoa eman nahi izan diote jarduerari, “heriotza honen inguruko testigantzak eta pertzepzioak jaso eta Erronkarin eta Don Beniton gertakizun hauek ezagunak izan daitezen, giza eskubideen aldeko kultura bultzatzeko balio dezaten, sekula gertatzea ekidin ahal izateko”. Hala, esklabo, hildako, ibar eta, finean, guztion oroimena ez da galduko.
mendixut.com

No hay comentarios: