XX. mendean ongizate eredu gisa jarri zen Suedia. Herrialde aberatsa, demokratikoa eta justizia sozialaren aldeko gisa irudikatua, kapitalismoaren eta sozialismoaren arteko bide gisa ikusi nahi zuen askok. Garai haietan, inor gutxik jartzen zuen dudan Suedian politika sozialek eta elkartasunak paper oso garrantzitsua jokatzen zutela, nahiz eta ondoren jakin izan dugunez, neurri xenofobo eta klasista deitoragarriak praktikatu zituen. Adibidez, 1935etik 1996ra arte Suediak 230.000 pertsona (batez ere emakumeak) antzutu zituen, horietatik 63.000 “arraza nordikoaren araztasuna babesteko”.
Atzerrian asilo-eskubidearen erregulazio eskuzabalak mitoaren hazkundea lagundu zuen, baina bitartean jakin dugu suediar enpresa batzuek munduan zehar oinarrizko giza eskubideak urratu eta langileak gordinki esplotatu zituztela aberasteko. Ildo horretan, azkeneko berrietako bat da IKEAk 1970.eko eta 1980.ko hamarkadetan Ekialdeko Alemaniako presoen lana erabili zuela bere produktuak egiteko. Praktika itsusietatik praktika kolonialistetarako saltoa ez da hain handia. Horrela demostratzen dute azkeneko urteetan suediar enpresa finantzarioek egin dutena Herrialde Baltikoetan: banku sistema ia osoki kontrolatzen dute eta honetatik gobernuei zein politika ekonomiko egin behar duten esaten diete. Krisi ekonomikoa hasi zenean, kapital finantzario suediarraren presioetara makurtuz, Letoniako Gobernuak baztertu behar izan zuen bere monetaren debaluazioa egoera ekonomiko larriari aurre egiteko. Hain zuzen ere, suediarrek etxean erabiltzen ari ziren errezetaren kontrakoa inposatzen zuten Baltikoko herrialdeetan.
Azkeneko asteetan Stockholmeko etorkinen auzuneetan ikusi ditugun kale istiluak, aldez aurretik ikusiak genituen Frantzian eta Erresuma Batuan. Suedia ez da salbuespen bat. Hemen ere azkeneko urteetan neurri neoliberalak hartu dira eta ondorioz, pobreen eta aberatsen arteko distantziak hazi egin dira nabarmen. Desberdintasun hauek sendotu egin dira 1992an indarrean jarri zen “txeke eskolarra” bezalako politikekin, honen arabera gurasoek diru kopuru bat jasotzen dute seme-alaba bakoitzarengatik eskola publiko edo pribatu batean gastatzeko. Horrek eskola pribatuen hazkundea ekarri du, eta beraz, eskola eredu klasistagoa garatzea. Periferietako gazteen artean, kasu gehienetan etorkin familiakoak, porrot eskolarra, langabezia-tasa altuak eta diskriminatuak egotearen sentimenduak daude zabalduak. Suedian jaioak diren arren, batzuk ez dira identifikatzen gizartearekin, baztertuak sentitzen direlako.Garbi dago globalizazioak suediar kultura politikoan aldaketa nabarmenak sortu dituela. Gizartean errotuta zegoen ekimen indibidualista elkartasunezko ikuspegi komunitarioarekin emeki-emeki desagertuz doa, bidea irekiz indibidualismo berekoienari eta elkarbizitza arazoei.
Testuinguru horretan, inkesta guztiek eskuin muturreko Suediako Demokratak (SD) alderdiari igoera garrantzitsua ematen diote. SD lehen aldiz 2010ean sartu zen Parlamentuan eta orain hauteskundeak egingo balira hirugarren indarra izango litzateke. Ez da harritzekoa, ongizate estatua murrizten ari den unean, ohikoa bilakatu da diskurtso xenofoboak erabiltzea politika neoliberalen kaltetuak direnen arteko liskarrak sortzeko eta eztabaida publikoa sakoneko arazoaren sustraietatik aldentzeko: aberastasunaren banaketa.
Asier Blas, ARGIAn
No hay comentarios:
Publicar un comentario