“Guztiz estresatuta bukatu nuen eta ospitaleko errebisioetara gorputz txarrarekin joaten nintzen, banekielako gaizki begiratuko nindutela, beti galdera berarekin: ‘Oraindik bajan?’. Alde guztietatik estutu ninduten eta ez dut uste jendeak tratu hori merezi duenik. Ondo iruditzen zait kontrolatzea, denetik dagoelako, baina gaizki zaudela ikusi badute, pertsona gisa tratatu beharko zinduzkete eta sendatzeko behar duzun denbora utzi. Oro har inor ez dago bajan nahi duelako, zeren etxean lanik gabe egotea erosoa izan daiteke, bai, baina gaixo ez bazaude, eta soldata guztia kobratuz”. Antonia Luengo da hala mintzo dena, 51 urteko garbitzaile lasartearra. Autobusean zihoala, gidariaren mugimendu bortitz baten ondorioz lurrera erori eta min hartu zuen iaz belaunean, hanka burdin artean harrapatuta. Errotulan fisura zuela eta baja eman zion familia-medikuak. Ez zekien gainera zer zetorkion.
Hanka ez mugitzeko agindu zion medikuak, baina istripua jazo eta hiru egunera, oraindik mina arintzeko lasaigarriak hartzen ari zela, asegurukoek –Luengoren mutualitate pribatua, lanetik kanpoko istripua izan baitzen– deitu egin zioten Donostiako Arrasate zentro medikura joan zedin. “Esan nien ezin nintzela mugitu, muletekin nenbilela eta une horretan ez zegoela eraman ahalko ninduen inor, bidaliko niela ospitaleko txostena fax bidez… baina ezetz, eta joaten ez banintzen eskubideak galdu eta baja kendu ahalko zidatela”. Azkenean taxia hartu eta gerturatu egin zen. Iritsi, eseri, eta medikuak galdera: “Noiz erori zara?”, “duela hiru egun”, “zer moduz zaude?”, gaizki zegoela, “ondo da, ba etorri hemendik hiru egunera berriz”. Hor bukatu zen errebisioa. Amorratu egin zen garbitzailea, baina hasi besterik ez zuen egin periploa. Autobus konpainiakoek deitu zioten, beraiek ere istripua izandako bidaiarien kontrola eraman behar dutela eta Donostiako Pilarreko Klinikara joan behar zuela errebisioetara. Berdin enpresakoek, enpresa medikuak ikuskatu behar zuela. Ondorioz, ero moduan ibili zen Antonia Luengo, mugitu behar ez zuenean egun osoa Donostian, alde batetik bestera, autobusean hara eta hona; batzuetan, egun bakarrean zentro berera –mediku ezberdinekin– lau aldiz ere joan behar izaten zuen, ez baitzizkioten orduak aldatzen dena jarraian egin ahal izateko. “Ez dakit zertarako agindu zidaten atsedena, horretarako lanera joango nintzen, gutxiago ibiltzen naizelako lanean bajan baino!”. Eta behin eta berriz, denek galdera bera: “Noiz itzuliko zara lanera?”.
Behin errehabilitazioa hasita, gauzak ez zuen hobera egin, alderantziz. Ohiko errebisioez eta errehabilitazioaz gain, Gizarte Segurantzakoek ere deitu zioten, euren ikuskaritza egiteko, eta tratua zakarra izan zen hasieratik. “Honek ezin du horrela jarraitu –adierazi zioten–, arintzen joan beharra dago, hilabete baino gehiago daramazulako eta ezin zaitezke bajan hainbeste denbora egon…”. “Baina belaunak min ematen dit oraindik eta medikuak berak debekatu egin dit makurtzea eta kokoriko jartzea”, Luengok. “Baina zure lanerako makurtu egin beharra daukazu, ala?”; “noski, askotan”; “orain garbitzaileek fregona erabiltzen duzue-eta!”. Errespetua eskatu zion Luengok, fregona erabiliagatik askotan makurtu beharra daukala eta erritmo bizian aritu behar duela erantzunez. Haatik, zirikatzen jarraitu zuen Gizarte Segurantzakoak, ea bajarekin jubilazio aurreratua lortu nahi al zuen. “Nahi bazuen erresonantzia egiteko esan nion nik, baina ez zuten halakorik egin. Umiliatuta sentitu naiz; medikuak txostena egin badit esanez gaizki nagoela, zer uste dute, ordaindu egin diodala gezurra esan dezan?”.
Bi motatakoak izan daitezke bajak: profesionala (istripu nahiz gaixotasun) eta arrunta, lanetik at jazoa (istripu nahiz gaixotasun). Lehen kasuan, Gizarte Segurantzarekin edo Mutua profesionalekin kontratatu daitezke bajak –%90a baino gehiago mutualitateekin dago kontratatua– eta beraiek dute prozesu osoaren gaineko boterea, bajak, epeak eta altak zehazteko.
Kontrol eta aldaketa handienak, ordea, gertaera arruntetan eman dira. Halakoak Gizarte Segurantzak eraman ohi ditu gehienetan, baina osasungintza publikoko medikuek artatzen dute langilea. Mediku hori zen orain gutxi arte alta emateaz arduratzen zena, mutualitateek eta Espainiako Gizarte Segurantzak “gomendioak” egin zitzaketen arren. Teorikoki, desadostasun medikuen aurrean osasungintza publikoak zuen azken erabakia. Bada, legea aldatu zuten joan den azaroan Espainiako Estatuan: batetik, bajaren gehienezko denbora 18 hilabetetik 12ra jaitsi dute; eta bestetik, Gizarte Segurantzako mediku inspektoreei osasungintza publikokoen eskumen berberak eman dizkiete: altak ez ditu zertan familia-medikuak eman, Gizarte Segurantzak zuzenean erabaki ditzake. “Eta legeak dioen arren eskumenak berdindu egin direla, ez dira berdintzen, Gizarte Segurantzak erabakitzen badu langileari alta eman behar zaiola alta ematen zaiolako”, dio LAB sindikatuko kide Ibon Zubielak. Berdin mutualitateekin: hauek ez dute alta emateko eskumenik, gomendioak bidaltzen dizkiete familia-medikuei, baina orain zeini bidaliko dizkiete gomendio horiek? Zubielak argi du: zuzenean Gizarte Segurantzari, “eta Gizarte Segurantza irizpide ekonomikoek gidatzen dute”.
Mutualitateak eta Gizarte Segurantza eskutik doazela gaineratu du sindikalistak, eta praktikan, gaur egun bajei dagozkien arlo denetan Gizarte Segurantzak du botere guztia. Are gehiago, alta eman osteko hurrengo sei hilabeteetan ere, patologia berarengatik edo antzekoagatik baja emateko ahalmena duen bakarra Gizarte Segurantza da. Hego Euskal Herrian beraz, Espainiako administrazioak du aginte osoa, eta Ipar Euskal Herrian ere, Europan oro har gertatzen ari den lez, langileen kontrola areagotzea eta osasungintza publikora bideratutako inbertsioak murriztea dira joera nagusiak.
“Geroz eta zorrotzagoa da kontrola –azpimarratu du Zubielak–, gezur bat asko errepikatzearen estrategia kapitalista erabiliz, egia bihurtu arte: langilearen iruzurtzat saldu dituzte bajak, baina delako iruzur hori ez da inongo ikerketarekin frogatu. Kosteak aurreztu behar direnez halakoak asmatzen dituzte. Kontrakoa geratzen da-eta! Krisiarekin eta egungo egoerarekin jendeak beldurra du baja hartzeko, presioa handia da enpresetan, eta prekarietate egoerarekin geroz eta eskubide eta aukera gutxiago ditu langileak baja hartu ahal izateko”. Mutua ugarik detektibeak kontratatzen dituztela salatu du LABeko kideak, inongo lege-oinarririk gabe gaixoa kontrolatzeko. Argazkiak ateratzen dizkiete, edo bideokamerarekin grabatu, kargaren bat jasotzen, adibidez. Azaldu digunez, zakar poltsa ateratzeagatik alta ematera behartu zuten langile bat, “baina ez da gauza bera zakar poltsa bat altxatzea edo lanean etengabe kargak jasotzen egotea”. Mutualitateek pozik eduki nahi omen dute bezeroa, enpresa alegia, eta horretarako lehenbailehen produzitzen jarri nahi dute langilea.
Hori bakarrik ez, Antonia Luengoren esperientziak agerian utzi duenez, handia da kontrolaren burokrazia: mediku pila bat bisitatu behar ditu gaixoak eta horrek sendagile askoren beharra eta lan administratibo handia eragiten du. Diru hori guztia osasun sistema publikoan inbertituko balitz, itxaron zerrendak gutxitu eta zerbitzu hobea eskaini ahalko litzatekeela kritikatu du Zubielak.
ARGIA
No hay comentarios:
Publicar un comentario