viernes, 25 de marzo de 2011

ELIZONDON ERABAKIKO DA FINALEKO ZORTZIKOTEA

Hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatuko da larunbatean, martxoaren 26an, Elizondon, Nafarroako Bertsolari Txapelketako final asko hartu dituen Lur aretoan, 17,30ean hasita.

Elizondoko finalaurrekoak erabakita utziko du apirilaren 9ko finalean arituko diren zortzi bertsolariak nortzuk izanen diren. Dagoeneneko Jon Barberena eta Estitxu Arozena daude sailkatuta, eta Elizondon irabazten duenarekin batera, finalaurrekoetako bost puntuaziorik onenek lortuko dute finalerako txartela.

Lur aretoan sei bertsolari igoko dira oholtzara, eta horietatik hiruk badakite zer den Nafarroako txapela janztea. Julio Soto gorritiarra egungo txapelduna da, iaz Lesakan irabazi baitzuen txapelketa. Xabier Silveira, berriz, sei aldiz irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa, azkena 2009an Lur aretoan bertan. Eta Julen Zelaietak ere Lur aretoan lortu zuen txapelketa, 2008ko finala irabazita.

Horiekin batera, Iñigo Ibarra finalean kantatzea zer den dakien bertsolaria dugu. Eta finalerako lehen aldiz sailkatzen saiatuko dira Aimar Karrika eta Aritz Saragueta, biak Berriozarko azken-laurdenetik pasatu dira finalaurrekoetara.

Ikusmin handia sortu du azken finalaurrekoak eta giro paregabea espero da Elizondon larunbatean. Saiorako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eu atarian.

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Elizondoko saioko antolatzailea eta Elizondoko saioa antolatzeko Baztango Udala, Baztango Bertso Eskola eta Lur aretoko laguntza izan du.

bertsozale.com

No hay comentarios: