jueves, 31 de diciembre de 2009

NAFARROA GARAIKO KONKISTA (BIXENTE SERRANO IZKO)

“Esku artean ditugun Frantzia eta Gaztela-Aragoiren arteko norgehiagoka haietan, Fernando Katolikoak lortu zuen Erroma bere alde jartzea. Hortaz, frantziarrak eta haien lagunak eskumikatzeko agiri erromatarrak. Eta horretaz baliatu zen Fernando Erromak Nafarroako errege-erregina ere hereje deklara zitzala bulda desberdinetan, eta baimena lortzeko Nafarroaz jabetzeko”.

Hiru arlotako indar-marrak gurutzatu ziren elkarrekin, Nafarroako erresumaren zatiketa eta Nafarroa Garaiko konkista gaztelarra gauzatu ahal izateko XVI. mendeko lehen laurdenean. Lehenik, Aro Modernoko bi Estatu handiren eraketa, frantziarra eta espainiarra alegia, biak ala biak norgehiagoka ibili zirenak mendebaldeko mediterranear mundua kontrolatzeko eta elkarren arteko mugak segurtatu nahi zituztenak: Pirinioak suertatuko ziren oro har muga haiek; bigarrenik, norgehiagoka hartan, Erromako Elizaren aginte moral eta erlijiosoaz probestu edo alde jarri nahia, nork bere gerrak eta ekintzak ideologikoki justifikatze aldera; eta hirugarrenik, Nafarroako erresuma barneko bi bando haien arteko borrokak, Gaztelan ala Frantzian aliatuak eta babesa bilatuko zituztenak:

– Bi Estatu Moderno haien sorreran, Italian ibiliko ziren gerretan penintsula hartaz eta aldameneko irlez jabetzeko, mendebaldeko Mediterranear Itsasoa kontrolatze aldera. Baina gerra haiek tartean, beldur ibili ziren gaztelarrak Nafarroa ez ote zen bihurtuko sarbide militar frantsesa Gaztelan bertan erasoak antolatzeko. Beldur haren funtsa Nafarroako eta Frantziako errege-erreginen senidetzan omen zetzan. Izan ere, aitzakia horretaz baliatuko zen Gaztelako Fernando Katolikoa behin eta berriz presionatzeko nafarren gainean, bi exijentziarekin: frantsesekin itun bat ez sinatzea eta nafar defentsa sistema ez hobetzea. Bigarren hau lortuta, eta lehenaren haustura Nafarroari leporatuta, defentsa eta armadarik gabe hartuko zuen Gaztelakoak erresuma piriniarra 1512.ean inbasioa egin zuenean.

– Erromako Elizari dagokionez, aspaldi zetozen zatiketa erlijioso anitz, Eliza erromatarra erreformatu nahi zituztenak. Haietan monarkak eta handiki feudalak ibili ohi ziren erreformatzaileei edo erromatarrei laguntza ematen, erlijioaren aginte morala nork bere alde jarri nahian, jakina. Italiako penintsula kontrolpean jarri nahi haietan, aliantza anitz egin eta desegiten ziren monarkia desberdinen artean, Erromako Eliza-Estatuek ere parte zuzena hartuz. Erromako Papek, zer erranik ez, eskomikatu eta hereje izendatu ohi zituzten bertze bandokoak. Esku artean ditugun Frantzia eta Gaztela-Aragoiren arteko norgehiagoka haietan, Fernando Katolikoak lortu zuen Erroma bere alde jartzea. Hortaz, frantziarrak eta haien lagunak eskumikatzeko agiri erromatarrak. Eta horretaz baliatu zen Fernando Erromak Nafarroako errege-erregina ere hereje deklara zitzala bulda desberdinetan, eta baimena lortzeko Nafarroaz jabetzeko. Eztabaida historiografiko luzeak egon dira, eta dira, bulda haietaz, faltsuak ala egiazkoak ziren, baina ez gara sartuko horretan. Kontua da Fernando Katolikoak Erromaren aginte erlijioso eta moralaz baliatu nahi –eta egin– izan zuela konkista justifikatzeko. Gero, XVI. mendean suertatu ziren orain arte eraginik handiena izan duten hiru zatiketa erlijiosoak, luthertarra, higanauta edo kalbinista, eta anglikanoa, alegia. Eta Nafarroako errege-erreginak, bereziki Joana III.a, Erromako jarreraz nazkatuta agian, higanaute bihurtu ziren, Frantziako erlijio gerrateetan parte zuzena hartuz eta bai Biarnon nola Nafarroa Beherean kalbinismoa inposatu nahian, predikuez zein bortxaz.

– Nafarroako Erresuma barneko bandoei dagokienez, ezagutzen ditugu jada beaumondarren eta agramondarren kontuak. Beaumondarrek eskatuko zieten behin eta berriz laguntza gaztelarrei, euren ondasunak berreskuratzeko eta agramondarren boterea ahultzeko. Lortuko zuten, bai, laguntza hura, eta erresuma osoaren galera ere, gaztelarrak sartuko baitziren Nafarroan laguntza hura bertze aitzakia bat bezala hartuz, baina zuzen-zuzen erresumaz jabetzeko asmoz.

Testuinguru hartan, inbasioari ekin zioten gaztelarrek 1512.eko uztailaren 17an, Arabatik, beaumondarrak armadaren bide-erakusle izanik. Hilabete gutxitan lortu zuten Nafarroa osoa menpean hartzea, defentsa-sistemako gotorlekuak antolatu gabe eta armada propiorik bildu gabe zegoela erresuma. Joan eta Katalina, errege-erregina, Biarno aldera joan ziren erresistentzia antolatzera. Uztailaren 25ean errenditu egin zen Iruñea. Erresistentzia gehiago egin zieten gaztelarrei bertze leku batzuetan:

– Irunberrik abuztuaren 10.a arte iraun zuen.
– Lizarrak ere, abuztura arte.
– Erronkarik, irailaren 9.a arte.
– Tuterak, irailaren 9.a arte, Aragoitik sarturiko bigarren armada baten aurrean.

Ez zen horrela, dena dela, bukatu konkista. Laster eta luze erreakzionatu zuten Labriteko errege-erreginek eta agramondarrek, frantziarren laguntzarekin. Hiru saio berreskuratzaile eginen zituzten 1512.etik 1524.era:

– 1512.ean bertan, urrian, agramondarrek, frantsesek eta mertzenarioek osaturiko armada bat sartu zen iparraldetik, barneko agramondarrak altxatzen ziren bitartean Lizarran, Tafallan, Muesko Kabregan eta Deierrin. Iruñea setiatu zuen armadak azaroaren 7tik 27ra arte, baina negua aurrean zuelarik erretiratu behar izan zuen Baztan eta Amaiurtik.

– 1516.eko martxoan, Fernando Katolikoaren heriotzaren ondoren aukera ona izanen zutelakoan, bertze sarrera saiatu zen Baztan, Orreaga eta Erronkaritik. Armadako adar batek, dena dela, Donibane-Garaziko gotorlekua setiatzen atzeratu behar izan zuen. Erronkaritik sartu zenak arazo larriak izan zituen elurrarekin eta ezin izan zuten adar desberdinek batzea Iruñera joateko. Erronkarin bertan geldiarazi zuten Albako Dukeak eta beaumondarrek, agramondarren buruzagia bera, D. Pedro Nafarroako, atxilotuta suertatuz. Ez zuen askatasunik berreskuratuko, Simancasko kartzelan asasinatua hil zelarik, 1522.ean.

– 1521.eko ekainean izan zen saio serioena: Labriteko Enrike II.ak lortu zuen Nafarroa askatzea, azkar eta erraz, armada, nafarra eta frantsesa, ongi hornituta zegoelako eta Gaztela, aldiz, Komunitateen Gerra zibil deiturikoan murgilduta. Gainera, hainbat hiritako herria bera altxatu egin zen gaztelarrak egotziz, hala nola Iruñean, Lizarran, Tafallan, Tuteran... Baina Nafarroa berreskuratu ondoren, frantsesek Logroñon sartu nahi izan zuten. Izan ere, setiatu eta denbora eman zieten gaztelarrei hiru gorputz militar antolatzeko Araban, Aragoin eta Gaztelan. Erretiratu behar izan zuten Logroñotik eta Nafarroan zehar ihesari ekin, bataila non eman ez eman. Noain ondoan izan zen, Gesalatzen, Noaingo bataila ezagutzen duguna. Errore militar batzuk tartean, nafarrek eta frantsesek galdu zuten bataila luzea, milaka hildako geldituz zelaietan. Nafarroa, berriro, gaztelarren eskuetan. Baina oraindik ere, Noaindik ihes egindako batzuek bertze armada apalago bat antolatu zuten Biarnon eta jarraian Amaiurtik eta Hondarribitik sartu. Amaiur, Baztan-Bidasoa bailara eta Hondarribi hiria hartu zituzten, frantsesek berriro laguntza emanen zietelakoan. Baina Donezteben apurtu zuten laster beaumondar eta gaztelarrek Amaiur eta Hondarribi arteko komunikazioa. Irailean, Amaiur suntsitu zuten. Gero, Hondarribiko hiria. Baina oraindik iraunen zuten agramondarrek hiri horretako gotorlekuan 1524.a arte, harik eta Karlos Enperadoreak “amnistia” eskaini eta negoziatu zuten arte.

1524.ean bukatu ziren, bada, saio militarrak Nafarroa Garaiaren independentzia berreskuratzeko. Hurrengo saioak, asko, XVI. mendean eginda, diplomatikoak izanen ziren, bai Europako botere zibil desberdinen aurrean, bai Erromako botere erlijiosoaren aurrean. Dena dela, nahiz eta hasieran gaztelarren konkista erresuma osokoa izan, hau da, bai Nafarroa Garaikoa nola Beherekoa, zailago izan zuten gaztelarrek Nafarroa Beherean agintea defendatu eta indartzea. Ofizialki, 1530.a arte lortu zuten, nahiz eta 1524.etik aurrera ez dirudien benetakoa izan zenik. 1530.ean, Karlos Enperadoreak onartuko zien Labritekoei Nafarroa Beherea gaineko agintea, Luzaideko herrian izan ezik. Nafarroa Behereak mantenduko zuen, bere txikian, Nafarroako erresumaren independentzia XVI. mendean.
Bixente Serrano Izko (Argia astekarian)

No hay comentarios: