Zergatik kantatzen duzu?” galdera egin zuen Biscaryk. Eta galderak berak ezinegon pixka bat sortu zidan neroni. Izan ere, ez baitut ene burua imajinatzen “zergatik hitz egiten duzu?” galdera inori eginez. Iparraldeko kantariak beste zentzu batekin proposatu zuen, beste tesi baten harira, baina galderak, ni neu, justifikazio baten bila eraman ninduen eta arraro sentitu nintzen. “Zergatik ez?” etorri zitzaidan bat-batean, tinko eta irmo.
Berriki Kalakan taldeko kide honen hitzaldian izan naiz, Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Nafar Ateneoak antolaturik. Bestetik, atzo hasi zen kantu tradizionalaren gaineko ziklo bat Iruñean, Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak antolaturik. Eta sarri, ondare ez materialaren esparruetako hezkuntzaren gaineko jardunaldiak izanen ditugu, Nafarroako Ondare ez-materialaren Artxiboak Ortzadarrekin elkarlanean prestaturik.
Hirurak ere, espazio berean koka daitezke, izan ere, Thierry Biscaryren hitzaldia kantuaz baitzen (haren gaineko gogoeta anitza planteatuz), kantagintza herrikoiaren kon-tzertu-sorta hainbat euskal eskualdetako taldeen eskutik baita eta jardunaldietan, ondarearen alderdi didaktikoa landuko delako. Bazter-gai da hau gaur egun, beste edozein ikergairen aldean, eta horregatik-edo, balioetsi nahi nuke ekimenen ahalegina.
Ariketa zaharkitua da askoren oharmenean kantatzea. Tradiziozko kantutegiak lehengo kontuak biltzen ditu, aspaldiko istorioak, zer kontatzen duten ere ez dakigu askotan, hitza bera ulertzeko zailtasun galantak izaten dira maiz, aspergarri eta lo-eragile gertatzen zaizkio anitzi. Aldiz, beste askorendako, hizkuntzaren eta herriaren idiosinkrasiaren baitan ezinbertzeko dira. Etorkizunerako, gainera, ez iraganerako. Atzetik datorren hariari jarraitzea bezain erraza baita. Lagun gazteak estimatzen ditugun bezala, amatxi ere nahi dugulako gure familian eta bizitzan. Bakoitzak bere balioa du. Bata modernoa, bestea esperientziak pilatua. Bata ikaste-bidean, bestea bidea egina. Bata bizi, bestea bizitakoa.
Honela, hamaika bataila baitugu oraindik ere su-garretan, gure artxibo berantiar ttikia galtzen uzteko inongo asmorik ez duenik bada, izatez ere, hainbeste gauzaren batura den zaku miragarri eta ia kasualitatezko hori kontuan ez hartzea, senaren kontrako ariketa baiteritzogu zenbaitek.
Eta ez gara ados izanen haren kudeaketaz, ondare horrez funtzio edo erabileraz, edota balio artistikoaz adibidez, baina ados behar genuke haren jabekuntza eta irakaspenak euskaldunari ematen dion oinarri sendoaz. Transmisio naturala herren datorren garaiotan, ondarean didaktikak lantzen eta garatzen laguntzen duena azaltzen hasi gabe, hasteko aldarria honakoa begitantzen zait: gure kantak (zaharrak edo ez hain zaharrak) kantatzearen arrazoia ez dut esplikatu edo justifikatzeko beharrik sentitu nahi. Justifikazio hori, oro har euskaraz egitea bera bezala ere, gutxiespen jarrera baten ondorioa dela sentitzen baitut.
Ana Telletxea, Nafarroako Noticias egunkarian
No hay comentarios:
Publicar un comentario