Eguraldia lagun, milaka lagun batu dira Zangozan. Eguzkiak eta jendetzak bat egin dute ibilbidean. 10:00etan egin dute hasiera ekitaldia, eta besteak beste, Pello Irujo Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidenteak hartu du hitza. LOMCE legea salatzearekin batera, nabarmendu du hezkuntzan egiten den "joko partidistak" kezkatzen dituela. Zinta moztu ondoren, festan murgildu dira:
Eguerdian, omenaldia egin diete Zangozako ikastolaren zazpi familia sortzaileei.
Lau gunetan banatu dute ibilbidea. Ikastola inguruan jarri dute lehenengoa, eta herritik kanpo gainontzeko hirurak, landa eremuan.
Eremu horretatik kanpo ere egin dute ekitaldi bat, Erronkako lehen proba Aragoi ibaian izan baita; presatik herri sarrerako zubiraino. Altsasuko Iñigo Aritza Ikastolak irabazi du Erronka.
Helduenentzat prestatu dute lehenengo gunea, eta hainbat jarduera bildu ditu. Herri kirolak, musika eta dantza emanaldiak egon dira goizetik arratsera.
Musika izan da bigarren eta hirugarren guneen ardatza, gazte gehien bildu duten lekuena. Talde ezagunak aritu dira oholtza gainean: esaterako Gose, Glaukoma, The Soulbreaker Company eta Willis Drummond bigarren gunean; eta Leihotikan, Arkada Social, Los Zopilotes Txirriaos eta Esne Beltza hirugarrenean. Zangozaldeko taldeek ere jo dute: Altxatu —taldekideetako bat ikastolako ikaslea da— eta Zartako K —aurtengo abestiaren egilea— taldeek ireki dute hirugarren gunea.
Laugarren gunea izan da familia osoarentzat aproposena. Irrien Lagunek hainbat ikuskizun dibertigarri eskaini dituzte, eta, gainera, haurrentzako puzgarriak eta txokoak jarri dituzte. Horrez gain, zaldi txangoak egiteko aukera jarri dute laugarren gunean.
BERRIA
No hay comentarios:
Publicar un comentario