lunes, 13 de octubre de 2014

EUSKAL OZTOPOGRAFIA ETA AUZOLANA

Eskozia, Katalunia, Galizia, Euskal Herria… Bidea jorraturik, gutxi asko, lehenbiziko bietan, bidea jorratzeke bertze bietan. Jorratuena, jakina, eskoziarra. Dezente ondua whiskya, bidean indarrak hartzeko. Lortuko dute ala ez helmugara heltzea erromeria honetan, baina txarrenera jarrita ere, bidea hor geldituko da, bertze batean ibiltzen saiatzeko. Kataluniakoa gero, aldapa gora eta behera gogorragoak, tunelak eta guzti, batzuk oraindik zulatu gabeak, baina jorratzen ari dira buru belarri bidea. Galizian eta Euskal Herrian, bai eta kamio-kaxa ere prestatzen hasi behar. Galizian, langile masa kritikoa falta oraindik. Euskal Herrian, langile masa oratuagoa, baina ezin jakin nondik, zein bazterretatik prestatu ahal izanen den kamio-kaxa: geografia, orografia, oztopografia, lurraldetasuna bera ere topografoek ikertzeke, ametsetan ez bada behintzat.

Ez dut, jakina, ezer berririk planteatzen hau mahai-gaineratzean, hor nonbait ikusi ditut honen inguruko hausnarketak, nik diodan gure oztopografiari buruzkoak. Eta buru belarri dabil hainbat jende, gizarte mugimendu bat indartu nahian, nola edo hala kataluniar ereduaren kalko egin nahian. Jende horien artean, nola ez, alderdi politikoetako jenderik ere badago, euren alderdiak gehiago inplikatu nahian, edo euren alderdiak mugimenduaren motor eta hegal egin nahian, nola dabiltzan bakoitzaren alderdiak, uzkurrago edo prestago burua eta adorea, zintzoago edo bertze helburu alderdikoiagoak buruan.

Lurraldetasuna dugu oztopo nagusia, objektiboena, lur oztopografia, gaur egun, bai eta kamio-kaxa ere diseinatzerakoan. Begi bistan, zer erranik ez, Euskal Herriko Iparralde eta Hegoalde arteko zubi oraindik “nazioartekoak”. Eta begi bistan ere bai, Hegoalde barnean zulatu beharreko tunel politiko instituzionalak. Ongi zekiten trantsizio garaietan zer zuten jokoan EAE eta NFE bi erkidegoak inposatu zizkigutenek. Baldar eta uzkur ibili ziren lehen jokaldian hori onartu zutenak. Ordutik hona, gero eta okerrago jokatu dugu indar politikoek eta guztiok, gero eta luzeago bihurtuz joan dira ireki beharreko tunelak, instituzionalak ez ezik, politikoak ere bai. Edozein kamio-kaxa diseinatzerakoan, gaur, aurreprestakuntza lanetan hasi behar diseinua bera iradoki ahal izan baino lehen.

Aurreprestakuntza honetan dabiltza, berriro ere, herrenka “gure” indar politikoak. Badakite, ongi jakin ere, oraindik fase horretan ibiltzen garena. Aipaturiko gizarte mugimenduaren ahaleginak gorabehera, soberania eta hiritarron erabakimen bidean, hemen Euskal Herrian indar politikoek jarraitzen dute motor eta hegal, are balazta ere, izaten, Katalunian dagoeneko hain pattal gertatzen ez dena. Eta bide horretarako teorian behintzat jaio diren bi indar politiko nagusien jarrera, ezbaikoa baino ezbaikoagoa da. Batek ez du presarik, agian ez eta benetako interesik ere, barne koste handiegia suposatuko liokeelako postura irmo bat joko-mahaian jartzeak. Eta bertzeak ere ez ditu gauzak hain garbi, ez izan ez ikusi: ezagutzen du oztopografia, baina ezin aitortu lur-baldintza hori bertzerik gabe, barne kostuen beldur ere, bertze mutur baten aldetik; eta saihesbide batean dabil mementoz, adierazi nahian garbi duela bidea, ezer egin nahi ez duena bertzea dela, oztopografiaren gaindiezina bertzearen kulpa dela, jorratu ezina izanen dela bidea berak hegemonia lortu ezean, hegemonia hau duelarik, gaur gaurkoz, helburu.

Arazoak, sakonago neurtu beharrekoak, ez dira gutxi EAEn, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eremuetan. Halaz ere, hiritarron erabakimen aldeko norabidean arazo erabakigarriena, bistan dena, nafarrona da guztientzat. Guztientzat, hots, hala EAEko nola NFEkoontzat, baina era desberdinetan. EAEn baldintza egokiak ikusten dutenek, argi ikusi beharko lukete, eta erabaki, euren erkidegoan bertan jorratzen hasteko bidea, topa eginen nieke nik bidai zorionaren alde. Nafarroan, ordea, nafarron eskuetan utzi beharko gurea, gure erritmoan -are gure norabidean ere, erran gabe doa-.

Gure esku” erabakimenaren lelo polit hori egunen batean egia izanen bada, Nafarroan ere egia izan beharko beranduago izanik ere, nafarron esku egon beharko, nafarron esku izateko egin beharko dugu lan: guztiok, auzolanean, auzokide bakoitzak bere etxeko tresnak eskuan. Eta hegemonia lortu nahi duenak, irabaz beza ordu onean, baina auzolanean beti ere.

Bixente Serrano Izko, Ezkerretik Berrituz aldizkarian

No hay comentarios: